Berriak
2025(e)ko urtarrilaren 27(a) 12:20
Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egin du zaintzen-ekosisteman Abadiñon, zerbitzu dibertsifikatuekin eta arreta integralarekin
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia
Bizkaiko Foru Aldundiak Durangaldeko egungo gizarte-premietara egokitu du hasierako proiektua, eta arreta integrala eta lurralde-kohesioa lehenetsi ditu. Abadiñon proiektatutako zaintza-ekosistema berriak barne hartuko ditu mendekotasuna duten adinekoentzako eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako egoitza-zerbitzuak eta desgaitasun intelektuala eta/edo garapenekoa duten pertsonentzako eguneko arreta-zentro bat.
Elixabete Etxanobe eta Mikel Urrutia Abadiñon
Bizkaiko Foru Aldundiak Durangaldeko gizarte-zerbitzuak hobetzeko konpromisoa berretsi du, hasierako ikuspegia zabalduko duen proiektu berritzaile bat bultzatuta. Baliabide hori, zeina mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitza-zentro gisa sortu baitzen hasieran, birformulatu egin da osasun mentalaren eta desgaitasunaren eremuetan hautemandako premiei erantzuteko, adinekoentzako zerbitzuak mantentzeaz gain.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eskualdeko premiei erantzuteko diseinatutako Abadiñoko gizarte-ekipamenduen gunearen berrikuntzak aurkeztu ditu udalerrian bertan. Etxanoberekin batera egon da Abadiñoko alkate Mikel Urrutia, eta horrek indarra eman dio bi erakundeen arteko lankidetzari.
Elixabete Etxanobek nabarmendu duenez, Abadiñon proiektatu den gizarte-ekipamenduen guneak eskualdean gaur egun hautemandako eskaerei erantzuten die, eta arreta-eredu pertsonalizatuago, inklusiboago, egokituago eta komunitatearekin konektatuago baterako oinarriak ezartzen ditu: Ezin genituen alde batera utzi errealitate aldakorrak eta gure lurraldean sortzen diren eskaera berriak. Horregatik, aurrerapauso bat eman dugu, eta proiektua birformulatu dugu, ikuspegi zabalago eta inklusiboago bat izan dezan
, adierazi du.
Abadiñoko etorkizuneko zentroak zaintza-ekosistema dibertsifikatu gisa funtzionatuko du, eta hiru eremu nagusi izango ditu:
- 60 egoitza-plaza mendekotasuna duten adinekoentzat, hiru bizikidetza-unitatetan banatuta.
- 40 egoitza-plaza gaixotasun mentala duten pertsonentzat, bi bizikidetza-unitatetan banatuta. Hiru plaza aldi baterako egonaldietarako izango dira, familiek atseden har dezaten.
- Eguneko arreta zentro bat desgaitasun intelektuala eta/edo garapenekoa duten 25 lagunentzat, beste herri batzuetara joan beharrik izan ez dezaten.
Guneak bizikidetza eta ingurunearekiko errespetua lehenesten ditu diseinuan; eraikin modular independenteak ditu, kanpo-espazioetatik konektatuak. Ereduaren malgutasunak aukera ematen du hainbat zerbitzu azpiegitura berean integratzeko, eta, hartara, arreta integrala eta lurralde-kohesioa sustatzeko.
20 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, proiektu honek indartu egiten du Foru Erakundeak arreta integral eta pertsonalizatuarekin duen konpromisoa, eta bat egiten du lurraldeko gizarte-zerbitzuen politikekin.
Ikuspegi komunitario baterako erakunde-lan bateratua
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Abadiñoko Udalak elkarrekin lan egin dute proiektu hau gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio-izapideetan aurrera egiteko. Proiektuaren plangintzaren barruan azterlan teknikoak eta ingurumen-inpaktuari buruzkoak egin dira, bai eta udalaren hirigintza-arauak egokitu ere, eta egokitzapen hori 2025eko ekainean amaitzea aurreikusten da. Ikuspegi horri esker, baliabideak eskualdeko benetako eskaerei erantzuten diela bermatu ahal izango du Aldundiak. Proeiktua jaso genuenetik, lanketa sakona egin dugu, irisgarritasuna hobetu eta herrigunean integratzeko helburuarekin. Aldaketa hauek gauzatu ahal izateko, herriko Arau Subsisadiarioak aldatzeko prozesua jorratu dugu, eta ekaina edo uztailerako burututa izatea aurreikusten dugu
, adierazi du Abadiñoko alkate Mikel Urrutiak.
Bi erakundeek uste dute beharrezkoa dela ingurunean zaintza-sare bat ehunduko duen ekosistema komunitario bat garatzea, eta Aldundia dagoeneko hasita dago eredu hori ezartzen. Ildo horretatik, udalerrian zaintza-eredu komunitario bat abian jartzeko prozesu bat abiaraziko da, baliabide hori Abadiñoko eguneroko bizitzan txertatzeko helburuarekin. Udalarekin batera, profil politiko eta teknikoa duten pertsonek osatutako lan-mahai/jarraipen-batzorde bat eratuko da, eta lankidetzan jardungo dute beharrezkoak diren beste eragile batzuek ere. Ekimen horren helburua da sinergiak sortzea, komunitatearen parte-hartzea sustatzea eta baliabide berria eta haren erabiltzaileak udalerriko bizitzaren parte aktiboak izan daitezela bermatzea.
Abadiñoko zaintza-ekosistema berria erreferente gisa ageri da hainbat kolektibori egokitutako arreta inklusiboan, eta aurrerapauso bat da gizarte-zerbitzuen arloan Bizkai kohesionatu eta ekitatibo bat lortzeko bidean. Espazio horrek aukera emango du sinergiak sortzeko, komunitatea eraikitzeko eta baliabide hori eta haren erabiltzaileak Abadiñon egoteaz gain, Abadiñoren parte izango direla bermatzeko
, amaitu du Elixabete Etxanobek.
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...