Berriak
2024(e)ko abenduaren 27(a) 11:47
Bizkaiak 2025eko aurrekontua onetsi du; izaera sozial handiko kontuak dira eta lurralde-kohesioaren aldekoak
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Bizkaiko Foru Aldundiaren 2025. urterako aurrekontua 10.660,8 milioi eurokoa da; zenbateko horretatik 1.650,3 miloi banatuko dira bederatzi sailen artean, eta Gizarte Ekintza Sailak jasoko du aurrekontu-zuzkidurarik handiena: 729,2 milioi euro. Horrenbestez, Bizkaiak dagoeneko badu datorren ekitaldirako aurrekontua: izaera sozial handikoa da, lurralde-kohesioaren aldeko apustua egiten du eta sail bakoitzari beharrezko baliabideak emango dizkio Foru Aldundi honen eskumenekoak diren politikak jorratzeko.
Elixabete Etxanobe eta Itxaso Berrojalbiz
Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi egin dute 2025eko ekitaldirako Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Foru Araua. EAJ eta PSE alderdiek osatutako gobernu-taldearen aldeko botoekin onetsi da aurrekontua, gehiengo osoa ordezkatzen dutenak, eta oposizioko alderdi nagusiaren abstentzioarekin, guztira, beraz, Bizkaiko Batzar Nagusietan dauden 51 aulkietatik 46 izan dira. Ahaldun Nagusiaren, Elixabete Etxanoberen, legegintzaldiko bigarren kontuak dira hauek.
Izan ere, Etxanobe pozik agertu da aurrekontua onartzeagatik, eta bi ideia nabarmendu ditu: Batetik, aurrekontu honekin Aldundiak Bizkaiko gizartearen beharrei erantzuteko beharrezko baliabideak izango dituela, enplegu hobeak sortuz, jarduera ekonomikoa sortuz, pertsonak, garraio publikoa edo errepideak zainduz zerbitzu hobeak emanez... Eta bestetik, egonkortasunaren garrantzia, erakunde sendoak izatearen garrantzia, baliabide publikoak herritarren beharrak asetzeko eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera berriak sortzeko erabiliko direla bermatuko duen Aldundi indartsu baten garrantzia
.
2025. urterako Bizkaiko aurrekontua, guztira, 10.660,8 milioi euroko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspenean oinarritzen da; 2024. urteko ekitaldian baino 352,6 milioi euro gehiago dira, eta, beraz, % 3,42ko hazkundea dakar. Kopuru horretatik 1.650,3 milioi euro Foru Aldundiko sailek erabiliko dituzte (aurreko ekitaldian baino 51,2 milioi gehiago), 8.486,1 milioi beste erakunde batzuk finantzatzeko izango dira (Eusko Jaurlaritza, udalak, Batzar Nagusiak eta Estatuaren Kupoa) eta 524,1 milioi konprometitutako gastuak ordaintzeko erabiliko dira (zorra eta langileak).
Jarraian Aldundiko sail bakoitzak baliagarri edukiko duen aurrekontua eta haren helburu nagusiak azalduko dira:
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
Sail horren aurrekontua 77,6 milioi eurokoa izango da 2025erako, hau da, iaz baino % 2,58 handiagoa izango da. Aurrekontua, besteak beste, Suspertze Plana finantzatzeko erabiliko da. Plan hori sektorearekin batera egiten den lanari erantzuteko sortu da, sektorea modernizatzeko eta haren erreleboa eta errentagarritasuna lortzeko; horretarako, Aldundiak nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa sendotuko da. Bizkaiko mendien kontserbazioak 10 milioi euroko aurrekontua du suteen aurkako prebentzio-neurrietarako, baso-antolamendurako eta baso-mendigunea mantentzeko.
Gizarte Ekintza Saila
Sail horren aurrekontua % 5,5 handitu da, eta 729,2 milioi eurokoa izango da, iraupen luzeko zainketen pertsonalizazio-ereduan aurrera egiteko, bai eta adinekoen, desgaitasunen bat duten pertsonen, zaintzaileen, haurren eta babesgabetasun-egoeran dauden nerabeen arreta eta babesa indartzeko ere. Baliabide propioekin, besteak beste, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren jarduketa estrategikoak landuko dira Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Leioako, Elorrioko eta Gernikako egoitza-zentroetan.
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren aurrekontua % 2,13 igo da, eta 67,6 milioi eurokoa da. Hiru izango dira sailaren jarduketa-ildoak: euskara, bereziki bizkaiera, sustatzea zenbait gizarte esparrutan; kultura sustatzen jarraitzea, arreta berezia jarriz euskal sorkuntzaren kanpoko proiekzioan, eta bizi-ohitura osasungarriak txertatzea, protagonismo berezia emanez emakumeen presentziari eta kirol-talentuari.
Ogasun eta Finantza Saila
Ogasun eta Finantza Sailaren 2025. urterako aurrekontua aurreko urtekoa baino % 2,73 handiagoa izango da: 67,7 milioi euro. Zenbateko horren % 54 erabiliko da aldundi indartsu, moderno eta hurbil bat finkatzeko, eta aurrekontuaren % 33 ekonomia oparoa lortzeko; horretarako, zenbait partida zuzenduko dira Batuzek behar dituen garapen informatikoetarako, egoitza elektronikoan Ogasuneko PFEZaren ereduaren funtzionamendurako eta telefono bidez arreta pertsonala emateko zerbitzurako.
Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila
Sail honen aurrekontua 208 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldian baino % 0,63 gutxiago. Kopuru hori, gehienbat, Bizkaibusen eta Metro Bilbaoren zerbitzuak finantzatzeko erabiltzen da. Gainera, aurrekontuko partida batzuk gorde dira metroaren 5. linearako eta Bizkaibizi zerbitzua zabaltzeko.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saila
Sail honek 86,5 milioi euroko aurrekontua izango du, aurreko ekitaldikoa baino % 2,7 handiagoa. Helburu nagusi hauek ditu: toki-erakundeekin egindako lana sendotzea, lurralde-kohesioa bermatzeko; larrialdi-zerbitzua Estatuan erreferentziazko zerbitzu izaten jarraitzea; baliabideak arduraz aprobetxatzeko lanetan aurrera egitea; Aldundia erakunde ireki, hurbil eta parte-hartzaile gisa finkatzea; digitalizazio-prozesuan aurrera egitea, eta foru-enplegu publikoaren ereduan sakontzea, egungo eta etorkizuneko erronketara egokitzeko.
Ekonomia Sustatzeko Saila
Bizkaiak 80,51 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko enpresen lehiakortasuna handitzeko eta trantsizio teknologikoa, berdea eta demografikoa babesteko; aurten baino % 2,58 gehiago. Zenbateko horren ia % 90 enpresak ekintzailetza aurreratuaren bidez berritzeko, industria eta zerbitzu aurreratuak bultzatzeko eta talentua garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko erabiliko da.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Sailak 86,6 euroko aurrekontua izango du, hau da, iazkoa baino ia % 2 handiagoa. Zenbateko horren % 95 babes eta sustapen sozialeko jarduketak egiteko erabiliko da. Nobedade garrantzitsuak daude, batik bat Bizkaia Mikro, aldundiaren kreditu-sozietatea, bere jarduera mikrofinantzaketan oinarritzen duena, Bizkaiko mikroenpresei laguntzeko asmoz. Pertsonen beharrizanei erantzuteko diseinatutako aurrekontua da, berdintasuna zeharkako elementua duela Bizkaiko politika publikoak konfiguratzeko.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila
Sail horrek 246,7 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Zenbateko horretatik 120 milioi erabiliko dira Bizkaiko errepideen segurtasuna eta kontserbazioa hobetzeko. Gainerako aurrekontuarekin, hainbat proiektutan aurrera egingo da, hala nola itsasadarraren azpiko tunelaren obretan, Markinako saihesbidearen egikaritze-lanetan, bizikletentzako azpiegitura berrietan edo bide-sarearen digitalizazioan. Azkenik, aurrekontuaren zati bat gordeko da lurraldeko hirigintza-plangintzari lotutako Bizkaia orekatu bat diseinatzeko-lanetan inbertitzeko.
Gainera, Batzar Nagusiek gaur onartu dute Zerga Neurriei buruzko Foru Araua, urriaren 17an Gobernu Kontseiluak onetsi zuena.
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen
Kargatzen...