Berriak
2024(e)ko azaroaren 29(a) 11:06
Bizkaiko Foru Aldundiak Labayru Fundazioak euskararen alde egindako lana saritu du 2024ko Ohorezko Lauaxeta sariarekin
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Ohorezko Saria Labayru Fundazioari eman dio, euskal kulturgintzan egindako ibilbideagatik. XX. edizio honetan Ikus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta saria Aitor Baztarriak jaso du. Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez, 35 urtetik gorakoen kategorian Arkaitz Cano izan da saritua, eta 35 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Oihane Zuberoa Garmendia.
Lauaxeta sariak 2024
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, 2024ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte gaur Bizkaiko Foru Jauregian egin den ekitaldian. Lauaxeta Ohorezko Sariaren helburua bereziki Bizkaian eta oro har munduan euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzea da, merezimendu handiko jarduera horiek sarituz eta hedatuz, ahal den neurrian gizartea euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen.
Bizkaiko ahaldun nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiak euskarak historian jasandako gorabeherak ekarri ditu gogora. Elebakartasunaren alde egindako eraso guztiek izan dabe neurriko erantzuna euskararen gizarte-historian zehar, euskararen bizi-iraupena bermatzeko, eta euskaldunon elkartea sendotzeko. Gaur, 2024ko Euskararen nazioarteko Egunaren ospatzeko egun gutxi falta direnean, ahalegin honeen lekuko baten goraipamena egin nahi dau Bizkaiko Foru-Aldundiak aurtengo Lauaxeta saria emoterakoan.
Halaber, etorkizunera begira, Etxanobek, mezu positiboa eta elkarlanean oinarritutakoa zabaldu du gaurregun erronka barriak ditugu begien aurrean, izan hizkuntza-aniztasuna, izan adimen artifiziala. Egingo dugu aurrera. Gure esku dago. Zure esku dago, batez ere. Izan euskaldun! Egin euskaraz! Bizi eta goza euskaraz!
Hogeigarren edizio honetan Labayru Fundazioak jaso du 2024ko Lauaxeta Ohorezko Saria, 1977. urtetik euskal kultura, ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko egindako lanagaitik.
Beste alde batetik, Oihane Zuberoa Garmendiak eta Harkaitz Canok Poesiako Lauaxeta Saria jaso dute, euskarazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko ematen dena.
Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Oihane Zuberoa Garmendia Glaríak jaso du, ‘Bi aldiz iraun’ poema-bildumagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenaren arabera, Bigarren liburua eta bigarren saria. Idazle berria eta idazle sendoa. Lehenengo lanarekin Iruñea Hiri Saria irabazi zuen eta bigarrenarekin, Lauaxeta Saria. Nahiz eta liburua lau ataletan egituratuta izan, hirustaren orria legez, tematikoki hirutan zati daiteke liburua: lehenengoan, mito klasikoak eta mito klasikoen irakurketa bere-bereak ageri dira, emakumearen irudia nabarmentzeko asmoz. Aurora Luque eta Yannis Ritsos ere aipatzen ditu eta, oroimena ardatz izanik, umezarora bueltatzen da, poemen eta fruten arteko egokitzapen ederra eginda. Oroimenak bere poemetan tokia duen bezala, heriotzak ere badu, ahanzturak ere bai, maitasunak eta poemen gaineko hausnarketek bezalaxe. Idazlearen filosofo-izaera poema guztien ardatz ikusezina da eta horixe da, hain zuzen ere, irakurlea gozamenezko hausnarketara eramaten duena. Lan biribila, Lauaxeta Sariaren adinaren araberako bereizketa lausotzen duena.
35 urtetik gorakoen kategorian Harkaitz Cano Jauregik ‘Ulu egiteko bolondres bila' poema-bildumagatik jaso du poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu duenez,
2022an sonetoz ondutako poema-liburua argitaratu ondoren, idazle honek egin ohi duen eran, poesia ertzera eraman gura izan du, irakurlea bera ere mugara eramateko helburuarekin. Lau atal eta berrogeita hiru poema aurkeztu ditu. Izenburu ezin hobeto sortu eta bideratua jarri dio, gainera, eta irakurlea da une oro idazlearen lorratzaren atzetik gozatuz eta ikasiz ibili behar dena: bada, beraz, irakurlearentzat zeregin eta sakrifizio latza! Egunerokoan gure bizitzetan azaltzen direnak plazaratzen ditu berak, bizkor eta sakon.
Ironiak beti izan du idazlearen poema-liburuetan bere tokia eta honetan ere bai. Egiteko modua bera ere nahiko esanguratsua da, zerrendak egiten hasten denean nabarmentzen dena edo aforismoekin luzatzen duena. Ironia, hortaz, hemen ez da bakarrik edukizkoa, ezpada ze egiturazkoa.
Era berean, idazleak baliatzen dituen kultur erreferentzia ugarien artean Oteiza ageri da, eskultura txikiak klarionaz egiten. Erraza da irakurlearentzat irudi hori burura ekartzea, Harkaitz Cano liburu miresgarri hau idazten imajinatzea bezalaxe. Eta eskerrak horretarako tartea hartu duen!.
Aitor Baztarrikak ‘Jesus Carrera: Hondarribiko gorria’ film-dokumentalagatik jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Ikus-entzunezkoen Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, 2024 Lauaxeta saria Aitor Baztarrikak zuzenduriko JESÚS CARRERA: HONDARRIBIKO GORRIA film dokumentalari eman diogu Euskadiko memoria historikoari egindako ekarpen garrantzitsuagatik, narrazio berritzaile, hunkigarri, aberats eta oso beharrezkoa onduz. Ikus-entzunezko elementuak maisutasun handiz konbinatzen dituen dokumentala da, bizitza eta konponketa istorio batean barrena gidatzen gaituena.
Aurtengo edizioko sari banaketara bertaratutakoek Laura Penagos aktore kolonbiarra ezagutzeko aukera izan dute, bere bizipen pertsonalak kontatu izan dituena bakarrizketa labur batean, atzerritarra izatetik euskara eta euskal kulturaren parte aktiboa izatera heldu dena. Honetaz gain, Erraturie taldearen txalaparta soinuak izan dira aurtengo musika animazioa.
Bizkaiko Foru Jauregian egin den ekitaldian, Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.
Lauaxeta Sarien bilakaera
Bizkaian bereziki eta, munduan zehar, oro har, euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsona edo taldeak publikoki saritzea da Lauaxeta Sarien helburua, eta baita bestetik, poesiaren eta ikus-entzunezkoen arloetan sortutako euskarazko lanak zabaltzea ere.
2012. urtean Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena betetzen zela-eta, aintzatespen hori zabaldu egin zen poesiaren eta memoria historikoari buruzko ikus-entzunezkoen arloetara, egin-eginean ere, arlo horietan aurreko urtean sortutako lanak sustatu eta saritzeko, kategoria bakoitzari dagokion diru-zuzkiduraren bidez.
2017an, halaber, beste etapa bat hasi zen ‘Ohorezko Lauaxeta Saria’ jasotzeko bidea ireki baitzitzaien nazioarte mailan euskara sustatu eta zabaldu eta euskararen izen ona ezagutzera eman zuten bizkaitarrei edo bizkaitarren ondorengoei.
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen
Kargatzen...