2024(e)ko azaroaren 28(a) 09:00

Bizkaiko Impact Week-en gizarte-eragineko inbertsioaren eta finantza jasangarrien arloko nazioarteko mila profesional bildu di

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek Impact Week-en hogeigarren edizioa inauguratu du gaur goizean. Gizarte-eragineko inbertsioari buruzko Europako kongresurik handiena da, eta ekonomia jasangarria garatzeko kapitala mobilizatzen duten Europako eragile ekonomiko nagusien bilgune da egunotan gure lurraldean.

Bizkaiak Impact Week 2024 hartzen du

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek Impact Week kongresuaren hogeigarren edizioa inauguratu du gaur goizean, Euskalduna Jauregian. Impact Europe-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute kongresua, hari atxikitako Seed Capital Bizkaia sozietatearen bidez, eta aste honetan egiten ari da, gure lurraldean. Halako ezaugarriak dituen Europako kongresurik handienaren inguruan antolatutako jarduerek gizarte-eragineko inbertsioan eta finantza jasangarrietan diharduten Europako eragile ekonomiko nagusien nazioarteko mila ordezkari inguru bildu dituzte astelehenetik aurrera.

Inbertsio- eta pentsio-funtsak, fundazioak, inpaktuko agente korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, inkubagailuak eta azeleragailuak etorri dira hitzordura, 2022an Europan 80.000 milioi euro mobilizatzea lortu zuen merkatu batean harremanak ezartzeko eta aukera berriak detektatzeko. Foroaren helburua da eragin ekonomiko eta soziala izango duten proiektuen garapenean inbertsioa sustatzea. Horretarako, jasangarritasuna, berdintasunik ezaren murrizketa, gizarte-kohesioaren sustapena eta bestelako gaiak landuko dira.

Etxanobek, bere hitzaldian, Bizkaiak inpaktuko inbertsioarekin betidanik izan duen konpromisoa nabarmendu du. Lurraldea bakarra den ekosistema bat eraikitzen ari da, proiektu berritzaile eta jasangarrien aldeko apustua egin duelako hainbat arlotan, hala nola energian, ekonomia zirkularrean, zilarrezko ekonomian, iraupen luzeko zainketetan, osasunean, hezkuntzan edo laneratzean eta lan-inklusioan. Gobernu aitzindaria gara gizartean eragina duten proiektuak bultzatzen. Duela hamar urte, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen gizarte-eragin handiko proiektuak babesteko funts bat abian jarri zuen Europako lehen administrazio publikoa. Gaur ez gara soilik etorri zenbakiez hitz egitera edo zifrez eztabaidatzera; etorkizun berritzaile, jasangarri, inklusibo bat eraikitzen ari gara pertsona guztientzat. Izan ere, gure ustez, benetako aurrerapena neurtzeko, BPGa ez ezik, bizi-kalitatea, gure gizartearen kohesioa eta oreka eta gure enpresek balio partekatua sortzeko duten gaitasuna ere hartu behar dira kontuan, adierazi du.

Kongresuaren irekiera ofizialean Impact Europe-ko CEO Roberta Bosurgik ere parte hartu du. Erakunde horrek antolatu du ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta haren Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako Seed Capital Bizkaia sozietatearekin lankidetzan. Bizkaiak Turinen lekukoa hartu du aurtengo edizioaren anfitrioi gisa, hazkunde ekonomiko integratzailea sustatzeko egin duen ibilbide nabarmenari esker. Bosurgik adierazi duenez, Bizkaia gizarte-eragineko inbertsioa bultzatzen duen eskualde-gobernu baten adibide bakarra da mundu-mailan. Guretzat zirraragarria da aldaketa-eragileen gure komunitate globala Bilbon elkartzea, lurraldeko inpaktuko liderrengandik ikasteko eta elkarrekin etorkizun hobe baten alde lan egiteko.

Lidergoari buruzko solasaldiak

Irekieraren ondoren, hainbat solasaldi egin dira lidergo eraldatzailearen inguruan, gizarte-eragineko ekonomian nazioarteko eta tokiko adituekin. ClientEarth-eko programen Europako zuzendari Adam Weiss-ek Laudes Foundationeko CEO Leslie Johnston-ekin jardun du solasean klima-justizia lortzeko lidergoari buruz.

Bestalde, Athletic Clubeko presidente Jon Uriartek komunitatean oinarritutako lidergoari buruz duen ikuspegia partekatu du Seed Capital Bizkaiako zuzendari kudeatzaile Óscar Ugarterekin. Hirugarrenik, Ilunion-eko CEO Alejandro Oñorok lidergo inklusiboaren garrantziaz eztabaidatu du ONCE Fundazioko Nazioarteko Aliantzen eta Harremanen zuzendari Lourdes Márquez de la Callejarekin. Ondoren, Heading for Change-ren katalizatzaile nagusi Sana Kapadiak generoaren arloko lidergo adimendunari buruz hitz egin du Impact Europe-ko CEO Roberta Bosurgirekin.

Ondoren, Erik Bruun Bindslev inbertitzaile eta aholkulariak elikadura-sistemak eraldatzeko klima-finantzaketaren garrantzia jorratu du, IKEAko Gizarte Ekintzailetzako zuzendari nagusi Åsa Skogström Feldt-ekin izan duen solasaldian. Azkenik, ICEXeko Finantzetako eta Inbertitzaileekiko Harremanetako zuzendari Alberto Sanz Serranok inbertsioaren geografiako lidergoari buruz hitz egin du Open Value Foundation-en fundatzaile María Ángeles León Lópezekin.

Inpaktuko aurrekitaldi bat

Aste honetan, Bizkaia lehen mailako 150 eragile ekonomiko-finantzarioren baino gehiagoren topagune bihurtu da. Eragile horiek, astean zehar, inpaktuko inbertsioari eta finantza jasangarriei buruzko 70 saio baino gehiagotan parte hartuko dute, lurraldeko gune garrantzitsuetan, hala nola BAT-B Accelerator Tower-en, Guggenheim Bilbao Museoan eta Euskalduna Jauregian.

Kongresua ofizialki hasi aurreko egunetan, BAT inpaktuko inbertsiorako dozena bat topaketa funtsezkoren egoitza izan da. Topaketa horietan, Oxfam-ek, Anesvad-ek, Latimpacto-k, Microbank-ek, Fondo de Fundaciones de Impacto-k eta beste entitate batzuek parte hartu dute. Saio horiek ekonomia jasangarriago baten aldeko elkarrizketarako, sinergiak esploratzeko eta aukera berriak sortzeko gune bihurtu dira.

Inpaktuko aste honetan izan den beste topaketa aipagarri bat Impact Equity Forum foroaren lehen edizioa izan da, Euskalduna Jauregian. Europako Inbertsio Funtsak, Europako Inbertsio Bankuak eta Europako Batzordeak antolatu dute, InvestEU Europako programaren esparruan, eta ehun inbertsio-funts eta policy maker baino gehiago bildu ditu, inpaktuko inbertsioaren joerak aztertzeko eta inbertsio-aukera berriak ezagutzeko.

Bizkaia, ekonomia jasangarriaren sustapeneko liderra

Impact Week-en edizio honen egoitza izateko Bizkaia aukeratu izanak indartu egiten du Europan eredu ekonomiko jasangarri eta arduratsuak sustatzeko erreferente gisa duen posizioa. Kongresuaren helburua da nazioarteko aliantzak sendotzea eta Bizkaia gizarte-eragineko inbertsiorako lurralde lider gisa bultzatzea.

Impact Week 2024k bihar arte iraungo du (ostirala, azaroak 29). Jarduera, tailer eta topaketa ugari egingo dira, eta gizarte-eragineko lider globalak bilduko dira, hausnarketarako eta ekintzarako bakarra den gune batean.

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...