2024(e)ko azaroaren 07(a) 10:57

Euskal Museoaren birmoldaketa integrala eraikuntzaren azken fasean sartu da, hazkunde etapa batean

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Antonio Vaillok, proiektuaren ardura duen arkitektoak, baieztatu du “agerikoagoa den fase batean sartu garela, eta Kurtze eraikinari dagokionez, laster estalkia osotuko da, eta, beraz, barneko akabera-lanekin eta instalazioekin hasi ahal izango da.”

Euskal Museora bisita

Euskal Museoak eraikuntzaren azken faseari ekingo dio, eta, behin amaituta, euskal kulturaren nazioarteko ate bihurtuko den espazio berri bat sortuko da. Hazkunde-fase horretan, lau eraikinetako solairuak (Kurtze, Miserikordia, Unamuno eta Klaustroa) "armatzen" ari dira, eta beharrezko zimendu-lanak amaitu ondoren iristen da bertara, egituren izaera dela-eta konplexutasun handia ekarri baitute.

Azken eguneratzeak ezagutzeko asmoz, Leixuri Arrizabalaga, Euskal Museoko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, eta Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria, obraren arduradunekin batera izan dira obran.

Espazioetan zehar egin duten ibilbide honetan, Antonio Vaillo arkitektoak lagunduta, Museo berrian erabiliko diren materialak, koloreak edo azalerak gertutik ikusi ahal izan dituzte, erakundearen klaustroan eraikitzen ari diren mockup delakoari esker. Euskal Museoko aretoak obra amaitutakoan nolakoak izango diren erakusten duen prototipoa da, eta obrak aurrera egiten duen bitartean eraikitzen ari da.

Horrezaz gainera, Kurtze eraikinaren estalkia bisitatu dute. Toki horretan, estalkiaren egitura metalikoa egiteko lanetan ari dira gaur egun (estalkia bere lekuan jarrita dago eta profileria osoarekin eratuta dago).

Kurtze eraikinetik gainerako eraikinetan egiten ari diren lanak ikusi ahal izan dituzte. Adibidez, Kurtze eraikinetik Miserikordiara doan galeriaren hormigoi armatuzko estalkia, dagoeneko hormigoituta geratu dena.

Hormigoi armatuzko zutabeak eta habeak eraikitzen jarraitzen da, eta bigarren solairuan termobuztina jartzen. Gainera, izei-egurrezko habeak jarri dira lehen solairuan.

Datozen hilabeteetan, lan horiek solairu guztietan aurrera egin ahala, Unamunoko fatxada osatuko da; izan ere, bere garaian aldatu egin behar izan zen, lur-jausi arazorik ez egotea bermatze aldera, eta arazo hori dagoeneko erabat konponduta dago.

Hainbestez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 20.077.966,83 euroko inbertsioa egin dute, eta obrak proiektuan ezarririk dagoen erritmoari jarraitzen dio. Aurreikuspenen arabera, urtebete barru amaituko da. Une horretatik aurrera, kanpoko biltegian gordetako bildumaren zati bat Museora itzuliko da, Bizkaiko erakundearen erakusketa desberdinak sortzeko, Museoa berriro ireki ahal izateko alegia. Museografia horretan, alderdi arkitektonikoa garatzen den erritmo berean ari dira lanean.

Fase honetara iritsi aurreko azken urratsak

Bilboko Euskal Museoaren birmoldaketa integrala "hazkunde fasean" sartu da orain. Hau da, une honetatik aurrera, obraren aurrerapenak nabarmenagoak izango dira. Orain arte, zimendu-lan ugari egin dira, eta espero baino hilabete gehiago behar izan dira, obra egiterakoan egitura-arazorik ez egotea bermatze aldera.

Egiturazko errefortzu hori, jada osatu dena, ez zegoen hasierako proiektuan planteatuta, lehendik zegoen dokumentazio teknikoan/historikoan ez zeudelako jasota eraikinak biluztean gerora agertu diren egiturazko gabeziak.

Horrenbestez, azken hilabeteetan lanak egiteko denbora luzatu egin da arrazoi teknikoengatik bakarrik, eta dagoeneko guztiak konpondu dira. Arrazoi horiek behar bezala justifikatu ditu zuzendaritza fakultatiboak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak (Ondare Saila) eta Bilboko Udalak (Hirigintza Saila) izapidetu/baimendu dituzte.

Miserikordia eraikinaren egitura indartzea eta, ondorioz, Unamunoko fatxada desmuntatzea eta espazio hori berrantolatzea konponduta geratu ondoren, gaur egungo fasera igaro gara, denbora laburragoan aurrerapen handiak ikusteko aukera emango duena.

Orain agerikoa den hazkunde-fase batean sartuko gara

Bisitan, Bilboko Euskal Museoaren patroi edo zaindariak diren Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariekin batera, Antonio Vaillo arkitektoa egon da. Vailloren hitzetan, Orain agerikoa den hazkunde-fase batean sartuko gara. Honen moduko eraikin historikoetan egiten diren birgaitze-lanek beti ezustekoak ematen dituzte, urteekin gainjartzen joan diren hainbat jarduketaren ondorioz. Lehenengo fasean zimentaziorik gabeko eraikinak, egitura oso hauskorrak, egitura-gabezia handiak eta abar aurkitu ditugu. Horregatik denbora luzea behar izan da azpi-berritzeak, sendotze-lanak eta eskoratzeak egiteko; lan horiek guztiek jarduketa oso geldoak eta erabat delikatutak eskatzen dituzte, lan-baldintza zailetan egin behar izaten direnak. Fase hori gainditu dugu, eta, orain, lana agerikoagoa den beste fase batean sartuko gara.

Vaillok azaldu duenez Hemendik aurrera abantaila bat daukagu, Euskal Museoa hainbat eraikinek osatzen dutelako eta bakoitzak bere timinga izan dezakeelako. Zehatzago esanda, Miserikordia eraikinean, egurrezko barne-egitura eraikitzen ari dira. Unamuno eraikinean zutabeen eta forjatuen egitura eraikitzen ari dira. Kurtze eraikinari dagokionez, laster estalkia osotuko da, eta, beraz, barneko akabera-lanekin eta instalazioekin hasi ahal izango da. Klaustroko lanei esker laster beira-arasak eta museografia instalatzeko aukera egongo da.

Berarekin batera, Sorkunde Aiarza Bilboko Euskal Museoko zuzendariak honako hau azpimarratu du: alde arkitektonikoaz gain, museografia eta kontratazio arloetatik aldi konplexua dugu zain. Lehen ezarpeneko piezak, Euskal Museo berriaren lehen erakusketa erdi-iraunkorrean egongo direnak, konponduta eta zaharberrituta daude. Horrezaz gainera, museo berriaren ate fisiko eta digitala irekitzeko behar diren zerbitzu guztiak zehazten ari dira. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet Bilbao Bizkaia Museoak elkarteko langile guztiei, erabateko berrikuntza horrek dakarren dedikazio eta ahalegin erantsiagatik. Lehen ezarpeneko pieza guztiak konponduta eta zaharberrituta daude bildumen eremuaren eskutik.


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...