2024(e)ko azaroaren 07(a) 11:00

Industria, ekintzailetza aurreratua eta talentua izango dira Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzekoren aurrekontuaren ardatzak

Ekonomia Sustatzeko Saila

Ainara Basurkok Ekonomia Sustatzeko 2025erako aurrekontua aurkeztu du

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatu Ainara Basurkok bere sailaren 2025eko aurrekontuak aurkeztu ditu Batzar Nagusien Bilboko egoitzan.. Guztira, Aldundiak 80,51 milioi euro inbertituko ditu Bizkaiko enpresen lehiakortasuna sustatzeko, aurten baino % 2,58 gehiago. Zenbateko horren ia % 90 enpresak ekintzailetza aurreratuaren bidez berritzeko, industria eta zerbitzu aurreratuak bultzatzeko eta talentua garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko erabiliko da.

Aurrekontu hauekin abian ipiniko ditugun jarduketa guztien xedea da enpresei laguntzea trantsizio teknologikoan, berdean eta demografikoan aurrera egiten. Bizkaiko industria eraldatzen jarraituko dugu I+G+b bultzatzeko politiken bitartez eta enpresei eta batez ere ETEei digitalizatzen eta deskarbonizatzen laguntzeko estrategiak baliatuz. Horretarako, zientzietan eta teknologietan prestatutako profesionalak behar ditugu Bizkaian, bai eta STEM talentua ere, erronka energetikoak, klimatikoak eta digitalek ekarriko dituzten aukera industrialak aprobetxatu ahal izateko, esan du Basurkok.

Ekintzailetza aurreratua

Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz ezinbestekoa da enpresak etengabe berritzea, Europako esparruan puntakoak izan daitezen bai teknologia bai lehiakortasunean. Horretarako, Ekonomia Sustatzeko Sailaren guztirako aurrekontuaren % 40 (32,37 milioi euro) arlo teknologiko estrategikoetan balio erantsi handiko ekimen berritzaileak sortzeko eta dagoeneko badaudenak hobetzeko erabiliko da, Bizkaiak dauzkan erronkei erantzun nahian.

Kopuru horretatik 2,8 milioi euro Seed Capital Bizkaiarentzat dira. Foru erakunde horrek zenbait funts baliatzen dituen finantzabide-sistema bikaina dauka sendotuta dauden enpresak bultzatzeko eta ekimen berriko enpresak sortzeko. Horrez gainera, ekimen berriak sustatzeko programa, zerbitzu eta laguntza asko daude; horien bitartez ekintzailetza aurreratuko proiektuen fase guztiak babesten dira. Aurrekontuko partidan 9,6 milioi euro ezarri dira.

Beste alde batetik, BAT dorreko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroak 3,1 milioi euro jasoko ditu Europako hegoaldean berrikuntza irekiaren, nazioarteko konektagarritasunaren eta startup-en erakarmenaren erreferentea izateko bigarren fasea sendotzeko.

Industria eta zerbitzu aurreratuak

Industriaren eta zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna hobetzeko partidan ia 31 milioi euro daude, guztirako zenbatekoaren % 38 baino gehiago. 17,5 milioi euro erabiliko dira lehiakortasun-palankak sustatzeko: berrikuntza, nazioartekotzea, jasangarritasuna, digitalizazioa, enpresa barruko harreman-eredu berriak eta I+Gren arloko lankidetza Bizkaiko zentro teknologikoekin. Kopuru hau 2024koa baino % 17 gehiago da. Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak partaidetza daukan I+G+b bultzatzeko sei bikaintasun-zentroek 7,7 milioi euro jasoko dituzte. Hauek dira: Energy Intelligence Center, Automotive Intelligence Center, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, Nagusi Intelligence Center, Biqain-Bizkaia Quantum Advanced Industries eta egiteko dagoen Hub Audiovisial Bilbao Bizkaia. Xedea da bikaintasun-zentro horiek garatzea eta sendotzea, bakoitzak balio-proposamena egin dezan bere jardun-arloan: zaintza teknologikoa, lankidetzako I+G+b bultzatzea, talentua erakartzea eta prestatzea, eta nazioartean kokatzea inbertsioak erakartzeko.

Talentu zientifiko-teknologikoa

Industriak eta berari lotutako zerbitzuek eta ekintzaile aurreratuek trantsizio teknologikoari, berdeari eta demografikoari aurre egingo badiete, STEM talentua behar dute. Beharrizan hori asetzeko asmoarekin, 2025ean 6,65 milioi euro erabiliko dira Bizkaia with the talent ekimenaren barruan lankidetzako proiektuak garatzeko. Inbertsio hori 2024koa baino % 23 handiagoa da. Horren bitartez lortu nahi da enpresek behar dituzten zientzia-teknologietan prestatutako langileen eskariaren eta lurraldean dagoen eskaintzaren arteko arrakala txikitzea. Ekintza horien helburuak dira STEM profesionalak prestatzea, erakartzea eta hemen atxikitzea, oso gutxi baitira, behar-beharrezkoak izan arren. Proiektuen xedeak honako hauek izango dira: prestakuntza espezializatuaren eskaintza zabaltzea, talentua eta employer branding-a kudeatzeko estrategiak garatzea, STEM bokazioak bultzatzea eta Bizkaira talentua erakartzeko inguruabarrak antolatzea.

Lurraldearen oreka eta garapena

2025eko kontuetan 3,22 milioi euroko inbertsioa ezarri da Bizkaiko lurraldearen barruan herritar guztiek aukera berak eduki ditzaten lortzeko. Eskualdeen garapena eta kohesioa lehentasunak dira Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, horiei esker Bizkaiko alde guztietako lehiakortasuna hobetzen baita. Eskualdeak garatzeko Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren bitartez tokiko garapenerako agentziek beren eraginpeko eremuan jarduteko gaitasuna hobetzen da, haien topaketa-espazioak sendotzen dira eta eskualdeetako lehiakortasunerako proiektuak zehazten eta bultzatzen dira. Era berean, estrategiak lurraldeko udalerri eta eskualdeetan banatutako industrialdeen lehiakortasuna eta erakargarritasuna hobetzen ditu.

Ekonomia Sustatzeko Sailak erakundeek lehentasunezko jarduketa eremutzat jotako bost eremutako plan estrategikoak koordinatuko ditu: Enkarterri, Ezkerraldea-Meatzaldea, Aiaraldea (Bizkaiko lau udalerri daude), Debabarrena (Bizkaiko bi udalerri) eta Busturialdea.

Halaber, 500.000 euroko partida dago denda txikiei berritzen, digitalizatzen eta profesionalizatzen laguntzeko, retail salmenta aukera-sektorea izan dadin. Horren ildotik, Bizkaiko merkataritza. Oso Pro kanpainak aurrera egingo du ekitaldi osoan bere ardatzei ekinez: profesionaltasuna, hurbiltasuna eta proaktibotasuna. Azkenik, 375.000 euro erabiliko dira Bizkaiko artisautzaren sektorea bultzatzeko eta aurrean dauzkan erronkei erantzun zehatzak emateko.

Bizkaia irekia eta erakargarria

Ainara Basurkok bere sailak 2025erako kanpo sustapenaren arloan dauzkan helburuak ere azaldu ditu. Bizkaiak 4,4 milioi euro gastatuko ditu sektore eta merkatu garrantzitsu batzuetan nazioartean daukan kokapena sendotzeko, startup-ak, enpresak, inbertsioak eta talentua erakartzen jarraitzeko asmoarekin. Gainera, Aldundiak eragin handiko ekitaldi estrategikoak erakarri eta antolatu nahi ditu, uste baitu horrela Bizkaiak bere idiosinkrasiaren barri zabalduko duela eta erakutsiko duela jarrera irekikoa, lehiakorra, kohesionatua, jasangarria eta ongizate handikoa dela.

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...