2024(e)ko abuztuaren 02(a) 10:00

Bizkaiko bizi-kalitatearen nota 7,7 puntutan mantentzen da eta egoera ekonomikoaren etorkizunarekiko baikortasuna handituz doa

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Foru Aldundiak aldian-aldian egiten duen iritzi-azterlanak dio, gainera, enpleguaren eta ekonomiaren egoeraren batez besteko kalifikazioa 6,1 eta 6,6 puntutan kokatzen direla 10etik, hurrenez hurren. Foru-erakundea, Eusko Jaurlaritzarekin batera, herritarrek hobekien baloratzen duten erakundea da eta aldundiaren proiektu batzuek honako balorazio hauek jaso dituzte: Urdaibaiko Guggenheim proiektuak 5,1 puntu eta garraio publikoko sistema sinplifikatzearen eta deskontuen bidez Bilboko metroa eta Bizkaibusa erabiltzea sustatzeko planak 8,4 puntu, besteak beste.

Bizkaitarrek oso ongi baloratu dute beste behin ere lurraldeko bizi-kalitatea: 7,7 puntu lortu ditu 10etik aldian-aldian Foru Aldundiak egiten dituen azken azterlan soziologikoan. Aurtengo abenduan egin zen aurreko azterlanean puntuazio berbera lortu zuen eta azterlan horrekin alderatuta, lurraldearen egoera ekonomikoaren etorkizunarekiko baikortasuna hazi egin da: izan ere, abenduan galdetutakoen % 55ek iragarri zuten ekonomia berdin, nahiko edo askoz hobeto mantenduko zela, eta gaur egun, ehuneko hori % 83koa da.

Inkesta 3.063 herritarri egin zitzaien ekainaren 18tik uztailaren 6ra, eta bizi-kalitatearekiko duten gogobetetasuna beste datu batean ere adierazten da; izan ere, % 88k uste dute Bizkaian nahikoa edo oso ondo bizitzen dela, eta beste leku batzuekiko egindako konparazioa ere nabarmena da (% 80k baieztatu zuten lurralde honetan beste batzuetan baino nahikoa edo askoz ere hobeto bizitzen dela).

Inkestari erantzun ziotenen % 64k erantzun zuten, halaber, Bizkaiko etorkizunarekiko nahiko edo oso baikorrak direla. Eta arazo nagusi gisa, beste behin ere, honako hauek aipatu zituzten: jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren bultzada (% 44), osasungintza (% 36), etxebizitza (% 34) eta delinkuentzia edo herritarren segurtasunik eza (% 31).

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren gaineko kezka kontrajarri egiten zaie herritarrek arlo horien egoera errealarekiko eta etorkizunerako aurreikuspenekiko dituzten iritziei. Egiaz, % 56k baieztatu zuten egungo egoera ekonomikoa nahiko edo oso ona dela; bakarrik % 5ek esan zuten txarra edo oso txarra dela, eta alderdi horri eman zioten batez besteko puntuazioa 6,6koa izan zen 10 puntutik. Modu berean, beste leku batzuekin konparatzean, % 75ek uste dute Bizkaiko egoera hobea dela eta bakarrik % 2k esan zuten nahiko okerragoa dela. Gainera, Bizkaiko ekonomiaren etorkizunari buruz galdetu zitzaienean, gehienek (hamarretik zortzik baino zerbait gehiagok) erantzun zuten berdina, edo nahiko edo askoz hobea izango dela.

Proportzio berberak (% 83) esan zuen enpleguaren etorkizuna berdina, edo nahiko edo askoz ere hobea izango dela hurrengo urtean. Arlo horren egungo egoerari dagokionez, % 43k esan zuten nahiko edo oso ona dela eta % 44k erdipurdikoa dela (10 puntutik 6,1 eman zioten). Hala eta guztiz ere, % 62k esan zuten Bizkaiko enpleguaren egoera beste leku batzuetakoa baino nahiko edo askoz ere hobea dela.

Bizkaiko Foru Aldundia, hobekien baloratu duten erakundea

Azterlan soziologikoan herritarrek erakundeengan duten konfiantza ere analizatzen da. Horri dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundia da puntuaziorik onena jaso zuena; zehazki, 6,1 puntu 10etik. Eusko Jaurlaritzari kalifikazio berbera eman zioten, eta inkesta bete zutenak bizi diren udalerrietako udalek 6 puntu eskuratu zituzten eta Europar Batasunak 5,3. Espainiako Gobernua da gainditu ez zuen erakunde bakarra, 4,5 punturekin.

Hurrengo bi urteetarako lehentasunei dagokienez, honako hauek aipatu zituzten herritarrek azterlanean: langabeziaren aurkako borroka (inkestari erantzun ziotenen % 25k aipatu zuen), etxebizitza (% 20), osasungintza (% 19), mugikortasuna eta garraioa (% 18) eta menpekotasuna dutenak babestu eta zaintzea (% 15).

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako inkestak adierazten du Ahaldun Nagusia, Elixabete Etxanobe, gehiago ezagutzen dutela herritarrek; izan ere, aurreko azterlanean % 42,9 ziren eta oraingoan % 46, eta 6,2 puntuko kalifikazioa jaso zuen.

Foru-proiektu guztiek gainditu dute

Foru-aldundiak aurreikusita dituen proiektuei dagokienez, galdetegian jaso ziren guztiek eskuratu zuten gizartearen onespena: Urdaibaiko Guggenheim proiektuak 5,3, garraio publikoko sistema sinplifikatzearen eta deskontuen bidez Bilboko metroa eta Bizkaibusa erabiltzea sustatzeko planak 8,4, EtxeTIC zerbitzuak 8,2, eta bizikidetza-unitate bihurtu diren egoitzen eredu berriak eta Metro Bilbaoko trenen flota berritzeko proiektuak 8 puntu eskuratu zituzten.

Telebista da aldundiaren kudeaketari buruz informatzeko komunikabiderik gogokoena

Azterlan soziologikoak, oraingo honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren komunikazioari buruzko atal berri bat izan du. Bertan, aztertu zuten zein mailatan sentitzen diren herritarrak informatuta erakundeak egiten dituen ekitaldiei, ekintzei edo proiektuei buruz. Horrekin lotuta, % 32k uste dute nahiko edo oso informatuta daudela, eta % 42k pixka bat informatuta. Eta % 68 nahiko edo oso interesatuta daude aldundiaren kudeaketaren inguruko informazioa jasotzeko.

Beste alde batetik, azterlanean galdetu zen zein kanalen bitartez jasotzen duten Bizkaiko azken berriei buruzko informazioa. Gehienek (% 57k) telebista erantzun zuten, % 48k online egunkariak, % 46k irratia erabiltzen dute informazioa jasotzeko, % 40k sare sozialak eta % 32k paperezko egunkariak.

Hauteskundeen azterketa: EAJ-PNV-k eta Bilduk bi aulki irabazi ditzakete

Inkestan jasotako azken gaia herritarren boto-intentzioarena izan zen. Hauteskundeen azterketa horren arabera, gaur egun Batzar Nagusietan 23 aulki dituen EAJ-PNVk 25 izan ditzake. Bi aulki horien gehikuntza EH Bilduren hazkunde-aukeren artean ere badago; hala, egungo 15 aulkietatik 17 izatera iritsi daiteke. PSE-ek egungo 8 aulkiak mantenduko lituzke edo bat galduko luke; PP-k 3 edo 4 aulki mantenduko lituzke eta Elkarrekin Podemos-ek Bizkaiko bi ordezkariak galduko lituzke. Sumar eta Vox ere ganbera horretatik kanpo geratuko lirateke.

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...