2024(e)ko ekainakren 28(a) 09:49

Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 eurotik gorako zerga-zorra duten pertsonen zerrenda argitaratu du

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 2023ko abenduaren 31ko zordun handien zerrenda argitaratu du. Zerrenda horretan 334 zergapeko agertzen dira, eta Foru Ogasunari 593.353.953,62 euro zor dizkiote guztira.

Bizkaiko Foru Ogasunaren Iruzurraren aurkako Planean jasotako jarduketa bat da zerrenda hori argitaratzea, iruzur fiskala prebenitzeko eta herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzeko. Neurri hori foru-arau batek arautzen du, eta tributu-sistemaren eraginkortasuna indartzeko beharraren eta intimitaterako eskubidearen babesaren arteko oreka mantentzen du; beraz, zerrenda hori hiru hilabetez baino ezin izango da eskuratu. Horregatik, bitarteko elektronikoen bidez argitaratzen da, eta, beraz, ezinezkoa da haren edukia Interneteko bilaketa-tresnen bidez indexatzea.

Uztailaren 15eko 8/2022 Foru Arauaren bidez Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean sartutako arau-aldaketen ondorioz, zerrenda horrek berdin mantentzen ditu iaz sarturiko bi berrikuntzak, aurreko bi urteen aldean desberdinak zirenak:

  1. 600.000 eurotik gorako zorrak dituzten zergapekoak jasotzen ditu; aurreko muga (2021 artekoa, urte hori barne) milioi bat euro zen. Horrela, Bizkaiko Foru Ogasunarekin 600.000 eta 1.000.000 euro arteko zorrak dituzten 170 zergapeko agertzen dira zerrendan, eta guztira 128.043.323,80 euroko zorra dute.
  2. Bizkaiko Foru Ogasunaren aurrean zorren erantzule solidario diren pertsonak jasotzen ditu, aurreko zerrendetan ez bezala, non zordun nagusia bakarrik agertzen zen. 2023ko urtarrilaren 31n, zerrenda horretan 28 erantzule solidario agertzen dira.

Esteka honetan kontsultatu daiteke zerrenda: http://www.bizkaia.eus/es/listado-de-deudores