2024(e)ko ekainaren 18(a) 12:30

Bizkaia munduko erdigunea bihurtuko da iraupen luzeko zainketen berrikuntzaren arloan, ILPNren 7. Biltzarra eginez

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiak, The International Long-Term Care Policy Network (ILPN) eta London School of Economics and Political Science (LSE) erakundeekin lankidetzan, Iraupen Luzeko Zainketen inguruko Politika eta Jardunbideei buruzko Nazioarteko 7. Biltzarra antolatuko du. Biltzarra Bilbon egingo da, irailaren 12tik 14ra bitartean. Bizkaia arlo honetako eztabaida-foro handia bihurtuko da, iraupen luzeko zainketen inguruko politikak jorratzeko, eta parte-hartzaileek elkarrizketa global bat izango dute gai honen inguruan: nola modernizatu zainketa-sistemak, erantzuna emateko biztanleriaren zahartzeari, urte luzez bizitzeari eta zainketen etorkizunari.

7. ILPN Kongresuaren aurkezpena

Iraupen luzeko zainketen inguruko politiken nazioarteko ikertzaile eta aditu nagusiak bilduko dira Bizkaian, irailaren 12tik 14ra, Iraupen Luzeko Zainketen inguruko Ebidentzian Oinarritutako Politikei buruzko 7. Nazioarteko Konferentzian (ILPN Conference). Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuko du ekitaldi hau, The International Long-Term Care Policy Network (ILPN) eta London School of Economics and Political Science (LSE) erakundeekin lankidetzan. Ekitaldia bi urtean behin egiten da, eta egoitza txandakatu egiten da Londresen eta Erresuma Batutik kanpoko beste hiri baten artean. Konferentzia hau erreferente da mundu osoan iraupen luzeko zainketen arloko adituen artean, eta arlo horretako ezagutzak trukatzeko eta hobetzeko katalizatzaile bihurtzeko aukera handia du.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek nabarmendu duenez, ILPN Conferencek funtsezko foro gisa kokatuko du Bizkaia biztanleriaren zahartzearekin, urte luzez bizitzearekin eta zainketa-sistemen modernizazioarekin lotutako erronkei buruzko nazioarteko eztabaidan, egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko: Nazioarteko aditu, ikertzaile eta espezialista onenak bilduko ditugu, ezagutzak, esperientziak, erronkak, ebidentzia berriak eta berrikuntzak partekatzeko, elkarrekin aurrera egiteko, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen eta zaintzaileen beharrizanei erantzungo dieten zainketa-kultura berrietarantz, tokikoa aberastuz erronka global bati erantzuteko. Biltzar hau ez da topaketa hutsa. Aukera paregabea ere bada konektatzeko; elkarrengandik ikasteko; ikertzaileen, arduradun politikoen eta zainketa-ekosistemen arteko loturak sendotzeko, eta lankidetzan aritzeko, zainketen kalitatea sustatzeko hemen eta mundu osoan.

Gainera, Ahaldun Nagusiak azpimarratu nahi izan du biltzar hau aukera ona dela Bizkaiko zainketa-ereduen eraldaketan inplikatutako eragile guztientzat: Aukera ona da geure burua ezagutarazteko, trukatzeko eta nazioartean punta-puntakoak diren esperientzia eta ikerketetatik ikasteko.

Elixabete Etxanobek nabarmendu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak iraupen luzeko zainketen pertsonalizazioarekin eta etengabeko bilakaerarekin duen konpromisoa: Gure helburua ez da soilik zaintzea, gero eta hobeto zaintzea baizik. Biltzar hau helburu hori lortzeko beste urrats bat da.

London School of Economicseko zainketen inguruko politiken eta ebaluazioaren zentroko zuzendari eta ikertzaile José Luis Fernándezek eskerrak eman dizkio Bizkaiari nazioarteko konferentzia hau elkarrekin antolatzeko prest agertzegatik, eta adierazi du, gainera, nazioarteko sistemek aurre egin beharreko erronka gehienak erronka komunak direla. Konferentziak erronka horien analisiak eta konponbideak partekatzeko beharrari erantzuten dio, eta, beraz, zainketa-sistemen diseinuarekin, antolaketarekin eta finantzaketarekin lotutako alderdi kritiko guztiak jorratzen ditu.

Bost kontinenteetako zainketen arloko espezialistak eta adituak

Hogeita hamar herrialdetatik etorritako 300 profesionalek baino gehiagok parte hartuko dutelarik, konferentziak funtsezko eztabaida-foro gisa kokatuko du Bizkaia, bertan jorratuko baitira biztanleriaren zahartzearekin, urte luzez bizitzearekin eta zainketen etorkizunarekin lotutako erronkak.

London School of Economicseko ordezkariak ILPN2024 Biltzarraren edizio hau sortzen ari den interesa nabarmendu du: Inoizko aurkezpen-proposamen kopururik handiena jaso dugu dagoeneko, 30 herrialde baino gehiagotatik; besteak beste, honako hauek bidali dituzte proposamenak: tokiko, Europako eta munduko ikertzaileek, akademikoek, arduradun politikoek, asistentziaren sektoreko ordezkariek eta beste eragile sozial eta ekonomiko batzuek, denak ere politika mota honen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan inplikatuak, zehaztu du José Luis Fernándezek.

Iraupen Luzeko Zainketen inguruko Ebidentzian Oinarritutako Politikei buruzko 7. Nazioarteko Konferentzian (ILPN Conference), besteak beste, iraupen luzeko zainketen arloko nazioarteko hiru ikertzailerik onenek parte hartuko dute hizlari nagusi gisa:

  • Norma B. Coe, PhD. Pennsylvaniako Unibertsitateko Etika Medikoko eta Osasun Politikako katedraduna. Halaber, Pennsylvaniako Leonard Davis Institutuko Ikerketako zuzendaria eta Biztanleriaren Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentroko (PARC) zuzendarikidea da. Munduko ekonomialaririk garrantzitsuenetako bat da osasunaren arloan.
  • Stefania Ilinca doktorea. Iraupen luzeko zainketen arduradun teknikoa OMEren Europako Eskualde Bulegoan. Esperientzia handia du politikaren eta ikerketaren arteko konexioan, eta bere denbora honako hauen artean banatzen du: aholkularitza politikoa, laguntza teknikoa, ikerketa aplikatua eta sustapen-jarduerak. Beraren lanaren ardatza osasunaren arloko eta iraupen luzeko zainketen sistemetako zerbitzuen berrikuntza eta diseinua da.
  • Joseba Zalakain. Donostiako SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria da. Buru izan da hainbat ikerketatan eta azterlan kritikotan, zeinetan gai sozial garrantzitsuak jorratu baitira, hala nola pobrezia, gizarte-bazterketa, iraupen luzeko zainketak, zahartzea eta familiaren arloko politikak.

Besteak beste, honako unibertsitate hauetako irakasleak daude nazioarteko konferentzia honetara etorriko direla baieztatu duten adituen artean: Estatu Batuetako Michigan-eko, Kalifornia Hegoaldeko, Chicagoko, Syracuse-ko, Massachusetts-eko edo Duke unibertsitateetakoak; Norvegiako Unibertsitatekoak; Erresuma Batuko Birminghan-eko, Bath-eko, Reading-eko unibertsitateetakoak edo King’s Collegekoak; Vienako Unibertsitatekoak; Txinako Duke Kunshan Unibertsitatekoak; Lituaniako ISM Unibertsitatekoak edo Japoniako Gunma Unibertsitatekoak.

Bizkaiak iraupen luzeko zainketetan trantsizioa sustatzeko duen eredua partekatuko du

Biltzar honetan, Bizkaiak iraupen luzeko zainketen inguruan zer ikuspegi duen eta zer urrats egiten ari den partekatuko du. Horretarako, Foru Aldundia plan bat ezartzen ari da lurraldean zehar, honako ekintza hauek gauzatzeko: egoitzetan bizikidetza-unitateak pixkanaka bultzatzea, arreta pertsonalizatuagoa emateko; etxeTIC ereduko eguneko zentroak, etxean bizitzen jarraitzeko estrategia gisa, eta erreferentziazko eskualde-zentroak, zeinek egoitza-sare osorako euskarri gisa jardungo baitute. Biltzar honetan parte hartuta, agerian utziko dugu Bizkaiak zainketen berrikuntzarekin eta bikaintasunarekin duen konpromisoa, amaitu du Elixabete Etxanobek.


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...