2024(e)ko maiatzaren 27(a) 11:30

Aldundiak eguneratu ditu hondartzei buruzko web-a eta app-a, eta lagundutako bainurako guneen seinaleztapena hobetu du

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Web berriak laguntza-sistemak izango ditu, hondartzak aukeratu ahal izan daitezen okupazio-mailari buruzko datuetan oinarrituta, eta, maila hori handia bada, okupazio gutxiagoko beste hondartza hurbil batzuk eskainiko ditu alternatiba moduan. Lagundutako bainuaren erabiltzaileak erregistratzeko era aldatu da. Orain, erreserba dagoeneko online egin bada, ez da beharrezkoa izango hondartzan bertan berriro erregistratzea, tramitazioa erraztu eta zerbitzua arintzeko. Denboraldian zehar, larunbat honetan hasi eta irailaren 30era arte, 269 pertsona arduratuko dira hondartzen segurtasuna eta garbitasuna zaintzeaz. Foru-erakundeak honako hauek instalatu ditu: 85 dutxa (333 ihinztagailu), 76 iturri/oin-garbileku, desgaitasuna duten pertsonentzako 7 iturri eta 2 jarleku,367 plataforma parrillatu eta 2.049 metro zurezko pasabide. Espainiako Gobernuko Itsasertz Zuzendaritzaren aginduz Arena hondartzako zerbitzu-eraikina eraitsi ondoren, foru-erakundeak lau modulu jarri ditu aparkalekuaren ondoan, bat komunetarako eta beste hirurak sorospen-zerbitzurako eta garbitzaileentzat, bai eta, eraikin zaharra zegoen lekutik hurbil, zurezko dorretxo bat sorosleen zaintza-lanetarako, sendaketa-modulu bat izango duena.

Elixabete Etxanobek hondartza denboraldia aurkeztu du

Bizkaiko Foru Aldundiak egunean jarri ditu hondartzei buruzko informazioa ematen duten weba eta app-a-BizkaiaUP-, erabilerraz eta funtzionalagoak izan daitezen, eta seinaleztapena hobetuko du lagundutako bainurako gaituta dauden guneetan, zerbitzu horren erabilera errazteko. Bi berritasun horiek dakartza, besteak beste, aurtengo hondartza-denboraldiak, zeina datorren larunbatean hasiko baita, ekainak 1, eta ohi bezala irailaren 30ean amaituko.

Nobedade horiek eta beste batzuk gaur aurkeztu dira La Arenako hondartzan. Eta bertan, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da hondartzak espazio garbiak, seguruak eta zerbitzu onekoak izatea. Hondartzara joaten diren pertsona guztiek goza dezaten eta etxera pozik itzul daitezen, Bizkaian lehen mailako hondartzak ditugula uste izanik. Eta hondartzek inklusiorako guneak izan behar dutela gaineratu du: Inork ez dezala galdu, desgaitasunen bat duelako, hondartzak egun batez gozatzeko aukera. Horregatik, aurten zortzi hondartzatan lagundutako bainu zerbitzua finkatuko da. Eta hobetu egiten dugu, erreserba-sistema sinpleagoa egiten dugu, hala eskatzen duten pertsonek errazago erabil dezaten zerbitzu hori.

Etxanobek denboraldiko lau hilabeteetan, eta urtearen gainerakoetan ere, helburu hori lortzeko lan egiten duten pertsona guztien lana goraipatu du, eta lan hori hondartzak bisitatu eta erabiltzen dituztenek hondartzen egoeraren inguruko inkestetan azaldutako kalifikazioen bidez balioetsi egiten dutela, iaz 7,97 puntukoa (0tik 10erako aukeran) izan baitzen erabiltzaileek azaldutako balorazioa.

Web berria

Hondartzen web berriak itxura aldatu du, bertako informazioa aurkitzen errazagoa izan dadin begiratu batean. Ildo horretan, eguneratu egin dira hondartzen une bakoitzeko egoerarekin lotuta dauden abisuak, denbora errealeko informazioa eskaintzeko. Gainera, lekuan lekuko datu meteorologikoei buruzko informazioa gehitu da, Euskalmeten eskutik; informazio hori sorosleek urari buruz jasotzen dutenarekin osatuko da. Web berriak orobat eskainiko ditu hondartzen geolokalizazioari buruzko datu grafikoak eta bilatzaile bat, hondartza bakoitzera nola iritsi jakitea ahalbidetuko duena.

Hondartzen okupazioari buruzko datu kualitatiboak eskura dituenez, kontsultatzen ari den hondartzak bisita kopuru handia erregistratzen badu, webak okupazio txikiagoko hondartza hurbilak ere eskainiko ditu alternatiba moduan. Sistema horrek laguntza estra emango du zein hondartzatara joan erabakitzeko orduan.

Bestetik, weba eta app-a eguneratzearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak aldatu egin du lagundutako bainu zerbitzuaren erabiltzaileak erregistratzeko sistema. Hala, pertsona horiek, plataforma digital horien bidez erregistratzen direnean, ez dute erregistro gehigarririk beharko hondartzara iristen direnean; nahikoa izango dute sinadurarekin baliozkotzea lehen erregistroa. Era horretan, tarteko urrats bat kendu da erreserba egiten denetik zerbitzua ematen den unera arteko prozesuan, eta, horrenbestez, zerbitzua errazago tramitatuko da eta arinago emango da hondartzan bertan.

Lagundutako bainuari dagokionez, gainera, hobekuntza bat egingo da zerbitzu hori erabiltzaile posibleen artean ezagutarazteko: seinale berria jarriko da zerbitzua emango den hondartzetako sarbide guztietan, bai eta kartel bat ere zerbitzuaren arreta-gune bakoitzean, zeinean zerbitzu horri buruzko informazio guztia jasoko baita (ordutegiak, erreserba-sistemak, baliabideak...).

Iaz bezala, lagundutako bainua denboraldiko lau hiletan egongo da erabilgarri Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri hondartzetan, 11:00etatik 19:00etara. Eta, online erregistroaz gain, erreserbak aurrez aurre ere egin ahal izango dira bainu-gunean bertan.

Aldaketak Arena hondartzan

Espainiako Gobernuaren mendeko EAEko Itsasertz Mugartearen aginduz Arena hondartzako zerbitzu-eraikina eraitsi ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak lau modulu jarri ditu hondartza horretako aparkalekuaren ondoan: bat komunetarako eta beste hirurak sorospen-zerbitzurako eta garbitzaileentzat. Modulu horiek hondartza-denboraldi osoan egongo dira martxan.

Gainera, eraikin zaharra zegoen lekutik hurbil, zurezko dorretxo bat jarri da sorosleen zaintza-lanetarako. Dorretxo horrek sendaketa-modulu bat izango du, osasun-arreta behar duten kasu arinenei erantzun ahal izateko, premia duten pertsonek joan behar izan ez dezaten hondartza-sarreraraino, sorospen-postua jarriko den eremuraino (horretarako prestatutako moduluan).

Sorospeneko eta istripuen prebentzioko zerbitzua

Denboraldi honetan, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzua emango duen lantaldea 154 ur-soroslek osatuko dute, bai eta koordinazio-lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak ere. Egunero, zerbitzuan jardungo dute zonako 7 koordinatzailek, koordinatzaile orokor batek eta 88 soroslek, era honetan banatuta: 7 Arenan, 2 Areetan, 5 Ereagan, 4 Arrigunagan, 3 Gorrondatzen, 5 Barinatxen, 7 Arriatera-Atxabiribilen, 2 Muriolan, 4 Plentzian, 6 Gorlizen, 2 Armintzan, 7 Bakion, 2 Aritzatxun, 2 Laidatxun, 2 Toñan, 4 San Antonion, 6 Laidan, 4 Lagan, 2 Ean, 2 Ogellan, 3 Isuntzan, 5 Karraspion eta 2 Arrigorrin.

Zerbitzu horretako langileek erabilgarri izango dituzte 13 enbarkazio, 8 ur-motor, 13 buggy (8 elektriko), 3 quad, PGLko (petrolio-gas likidotuko) 4 lur orotako, 11 turismo (1 elektriko, 8 hibrido eta 2 gaseko), bai eta desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pultsu-oximetroak, ohatilak eta premia duten pertsonei hondartzetan laguntza emateko behar diren elementu guztiak. Hondartzetan erabiliko den ekipamendua hondartza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da.

Sorosleekin batera, 14 hondartzainek zainduko dute hondartzetako segurtasuna (egunaldi bakoitzeko 8).

Hondartzen garbiketa eta ekipamendua

Hondartzak garbitu eta mantentzeko zerbitzuak 101 pertsona enplegatuko ditu aurtengo denboraldian, ordutegi desberdinetan. Pertsona horiek erabiliko duten ekipamendu mekanikoa honako hauek osatzen dute: hondartza garbitzeko 11 makina handi, 3 kamioi, 2 furgoneta, 12 traktore, 3 erratz-makina, kutxa irekiko kamioi bat (mantentze-lanetarako materiala garraiatzeko), lur orotako 9 pick-up (haietako batek plataforma jasotzaileduna) eta eskuzko 5 bahe.

Hondakinak biltzeko paperontziak eta bidoiak, aurreko denboraldian bezala, hondartzetarako sarbideetan jarriko dira, hareatzatik kanpo, paperontzi adimendunak barne (2022an hasi ziren erabiltzen). Hondartzetan, guztira, 481 paperontzi eta hondakinak biltzeko 144 bidoi egongo dira, baina baliteke kopuru hori aldatzea, udan zehar detektatzen diren beharrizanak zein diren.

Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten honako hauek jarri dira: 85 dutxa (333 ihinztagailu), 76 iturri/oin-garbigailu, desgaitasuna duten pertsonentzako 7 iturri eta 2 jarleku, 367 plataforma parrillatu eta 2.049 metro zurezko pasabide.


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...