2024(e)ko maiatzaren 16(a) 11:16

Bizkaiak gazteen prestakuntza sustatzen du sektore estrategikoei lotutako masterrak Euskadin eta nazioarteko graduondokoak egiteko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Hobekuntza Profesionaleko Programak berrikuntza hau dakar aurten: laguntza-ildo bat Euskadiko unibertsitate-campusetan trantsizio energetikoari eta konputazio kuantikoari buruz emandako graduondoko ikasketetarako. 30 urtetik beherako Bizkaiko graduatu berrientzako laguntzak dira, graduondoko ikastaro espezializatuen bidez beren prestakuntza hobetu dezaten. Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok azpimarratu du foru-erakundeak kualifikazio handiko langileak garatzeko beharrari erantzuten diola horrela, eta halako langileen eskaria Bizkaiko enpresen erronka nagusietako bat dela.

Ainara Basurko eta Leixuri Arrizabalaga prentsaurrekoan

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 2024ko Hobekuntza Profesionaleko Programa jarri du abian, Bizkaiko 30 urtetik beherako graduatu berrientzat, baldintza hauek betetzen badituzte: graduko ikasketetan 7tik gorako batez besteko nota izatea edo Bizkaia Talent elkartearen Talentia bikaintasun-programan parte hartutakoak izatea. Laguntza horien bidez, Bizkaiko gazteek beren graduondoko prestakuntza hobetzea sustatzen da, nazioarteko campus prestigiotsuetan egindako ikastaroen bidez edo Euskadiko unibertsitate-zentroetan trantsizio energetikoarekin edo konputazio kuantikoarekin lotutako gaiei buruz emandako unibertsitate-masterren bidez, sektore horiek estrategikotzat jotzen baitira Bizkaian. Hala aurkeztu du gaur goizean Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok, eta nabarmendu du programa hau lurraldeko enpresek kualifikazio handiko langileak behar dituztelako sortu dela.

Foru-gobernuak hamar urte daramatza erreferentziazko nazioarteko zentroetan titulua lortu berri dutenen artean bikaintasuneko prestakuntza bultzatzen. Aurtengo laguntza-deialdiak berrikuntza hau dakar: laguntza-ildo bat profesional gazteek trantsizio energetikoan eta teknologia kuantikoan espezializatutako prestakuntza eskuratzeko aukera izan dezaten. Horrela, tokiko talentuaren garapena bultzatzen da, Bizkaiak gaikuntza handiko langileak izan ditzan eta energia-sektorearen buru izaten jarrai dezan, eta berehala eskura izan ditzan fisikaren eta teknologia kuantikoaren abangoardian egongo diren ikerketak egiteko gaitasuna duten langileak.

Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok azpimarratu du Bizkaiko gobernuak «kualifikazio handiko langileak garatzeko beharrari erantzuten diola horrela, eta halako langileen eskaria Bizkaiko enpresen erronka nagusietako bat dela». Foru Aldundiak 583.000 euro bideratuko ditu laguntza-deialdi honetara; horietatik 400.000 nazioarteko prestakuntzarako izango dira, eta gainerakoa, 183.000 euro, sektore estrategikoetako prestakuntzarako.

Nazioarteko prestakuntza

Atzerrian emandako graduondokoetarako laguntzak eskatzeko epea 2024ko uztailaren 1ean hasiko da, eta norgehiagokarik gabeko araubidearen bidez emango dira, hau da, jaso ahala emango dira, aurrekontua agortu arte. Diruz lagundu daitezkeen gastuek % 100eraino estaliko dute, betiere pertsona bakoitzeko guztizkoa 8.000 eurotik gorakoa ez bada, honako hauek barne direla: matrikula eta tasak, material didaktiko ez-elektronikoa, joan-etorriko bidaia, mediku-asegurua edo ostatua.

Sektore estrategikoei lotutako prestakuntza

Sektore estrategikoei lotutako prestakuntza espezializaturako laguntzak ere norgehiagokarik gabeko araubidearen bidez emango dira, eta eskabideak aurkezteko epea datorren irailaren 10ean irekiko da. 3.000 eurorainoko dirulaguntza emango da trantsizio energetikoaren edo zientzia eta teknologia kuantikoaren arloko unibertsitate-master bat egiteko, Euskadiko unibertsitate-fakultate edo -eskoletan; kasurako:

  • Mondragon Unibertsitateko Hidrogeno Teknologietako unibertsitatearteko masterra
  • Deustuko Unibertsitateko Automatizazio, Elektronika eta Industria Kontroleko unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotika unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Sistema Elektroniko Aurreratuak unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Energia Biltegiratzeko eta Eraldatzeko Materialak Erasmus Mundus unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Ingeniaritza Energetiko Iraunkorra unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Kontrola Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuan unibertsitate-masterra
  • Deustuko Unibertsitateko Industria Ingeniaritza - Eraginkortasun Energetikoa unibertsitate-masterra
  • UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Kuantikoak masterra

Laguntza honen bidez, zeina Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 40 erakunderekin batera sustatzen duen «Talentuaren aldeko konpromisoa» ekimenaren barruan baitago, abangoardiako ezagutza eta kualifikazio handiko langileak ematen zaizkio lurraldeari, Bizkaiko enpresek etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar duten talentua izan dezaten. Gainera, lanbide-kualifikazio aurreratua duten graduatu berrien enplegagarritasuna hobetzen da, eta gazteen sustapen pertsonala eta laborala bultzatzen da, haien hobekuntza profesionala sustatzeaz batera. Bestalde, enpresa-sareak onura lortzen du, aukera duelako nazioarteko zentro prestigiotsuetan edo ezagutza espezializatu aurreratuko masterretan prestakuntza duten profesionalengana jotzeko.

Informazio gehiago 94 406 80 08 telefonoan edo promociontalento@bizkaia.eus posta elektronikoko helbidean.


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...