2024(e)ko martxoakren 07(a) 10:23

Bizkaiak 8 milioi euro bideratuko ditu 3 laguntzaren bitartez, industria sortzaileak, berrikuntza eta nazioartekotzea bultzatzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 5,2 milioi euro bideratuko ditu ETEentzat diren Berrikuntza eta Inbertsio Aurreratua Sustatzeko 2i Programara. Nazioartekotzeko laguntzen bidez, 5 eta 100 langile arteko ETEak nazioarteko merkatu berrietan sartzea bultzatuko da. Eta «Bizkaia Sortzailea» programaren bidez, enpresa-proiektu sortzaileak, negozio berrien garapena eta produktu sortzaileen nazioarteko sustapena lagunduko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak 8 milioi euroko inbertsioa egingo du lurraldeko enpresa-sarea garatzeko, eta horretarako, hiru laguntza-programa berri aterako ditu. Martxoaren 4tik 22ra bitartean aurkez daitezke proposamenak, bai Berrikuntza eta Inbertsio Aurreratua Sustatzeko 2i Programarako  (aurrekontua: 5,2 milioi euro) bai nazioartekotzeko laguntzen deialdirako (aurrekontua: 2,2 milioi euro). Gainera, Gobernu Kontseiluak gaur bertan onartu du «Bizkaia Sortzailea» programaren 2024ko deialdia, zuzeneko dirulaguntzen bidez lurraldeko enpresa sortzaileak bultzatzen dituena (aurrekontua: 550.000 euro). Proiektuak apirilaren 29tik maiatzaren 31ra bitartean aurkez daitezke.

Berrikuntza eta Inbertsio Aurreratua Sustatzeko 2i Plana

Berrikuntza eta Inbertsio Aurreratua Sustatzeko 2i Planak 5,2 milioi euroko aurrekontua du. Planari esker, Bizkaiko enpresek lehiatzeko, berritzeko eta teknologiaren aldetik aurreratuak diren inbertsioak egiteko aukera izango dute, betiere modu jasangarrian eta inguruarekin integratuta. Bizkaian 5 eta 100 langile artean dituzten ETEei dago zuzenduta, eta prozesua, produktua, antolaketa, pertsonak edo merkatua bezalako esparruetan berrikuntza-proiektuak egiteko aukera eman nahi die. Proiektu bakoitzagatik 120.000 eurorainoko dirulaguntza jaso daiteke.

ETE nazioartekotzeko programa

Halaber, Bizkaian 5 eta 100 langile artean dituzten ETEek 60.000 eurorainoko dirulaguntza zuzena jaso dezakete nazioarteko merkatuetan gehiago sartzeko eta sarriago agertzeko. Esportatzen lagunduko zaie. Entitate bakoitzak gehienez 2 eskabide aurkez ditzake, eta horietako bakoitzean herrialde jakin batera bideratutako proiektu bakarra aurkez daiteke.

Laguntzak erabili daitezke honako hauek ordaintzeko: langileen barne-gastuak, langile espezializatuen kontratazioa, proiektuaren xede den herrialderako bidaiak eta bertako ostatua, prestakuntza, azoketan parte-hartzea eta aholkularitza-zerbitzuak.

Bizkaia Sortzailea

«Bizkaia Sortzailea» programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak prestatu du proiektu berrien garapena bultzatzeko. Nazioartean ezagutzera emateko enpresa-proiektu sortzaileak sustatzen ditu, enpresa sortzaileen hazkundea bizkortzen du eta sektore sortzaileak bultzatzeko eta sendotzeko proiektu interesgarrien garapena bultzatzen du.

Bizkaiko Gobernuak 550.000 euro jarri ditu 2024. urteko deialdirako, eta proiektu bakoitzak gehienez 85.000 euro jaso ahal izango ditu. Laguntza jaso dezakete gutxienez langile 1 duten enpresek eta sektore sortzaileetako elkarteek, baldin eta gazteen enplegua sortzen badute Bizkaiaren etorkizunerako konponbide estrategikoak sor ditzaketen hiri-esparruetan. Hau da: arkitektura, artea, artisautza, bideojokoak, diseinua, komunikazioa, eduki digitalak, ikus-entzunezkoak, barne-diseinua eta moda.

Informazio gehiago webgune honetan: www.bizkaia.eus