Berriak
2024(e)ko urtarrilaren 18(a) 12:05
2023 izan da baso-sute gutxieneko urtea azken hamarkadan Bizkaian
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
Iazkoa izan da, gainera, azken hamar urtean baso-hektarea gutxien (2,23 ha) erre den ekitaldia. Suteek ukituriko azalera, guztira, 33,31 hektarea izan da. 2018an bakarrik izan ziren datu hobeak: 24 sute izan ziren orduan, eta 30,97 hektarea erre guztira. 2023an zehar gertaturiko 16 suteetatik, 11 ez ziren iritsi hektarea oso bat ukitzera, eta, beraz, teknikoki sute-hasieratzat hartzen dira. Berdin dirau gure lurraldean ohikoa den sute-sasoiak, sute gehienak otsailean (4) eta martxoan (3) izan baitira.
Arantza Atutxa eta Leixuri Arrizabalaga, prentsaurrekoan
2023an zehar, 16 baso-sute gertatu ziren Bizkaian, eta, horren ondorioz, azken hamarkadan halako larrialdi gutxien jaso den urtea izan da. Horrez gainera, hamarraldi berean arboladi hektarea gutxien (2,23 ha) erre den urtea izan da amaitu berri den ekitaldia, nahiz eta 2023 izan den urterik beroena erregistroak jasotzen direnetik (batez beste, 21,6 ºC).
Oro har, 2023ko baso-suteek 33,31 hektarea erre dituzte, eta hori 2018az geroztik jasoriko erregistrorik onena da, urte hartan 30,97 hektarea erre baitziren 24 sutetan. Gainera, suteek ukituriko azaleraren % 93 (31,01 ha) sastrakadiak izan ziren iaz.
Sute gehienak (% 68,75, hau da, 11 sute) ez ziren iritsi hektarea beteko eragina izatera, eta, beraz, sute-hasieratzat jotzen dira teknikoki. Beste bi sute, berriz, 1 eta 5 hektarea arteko azalerak erretzera heldu ziren, eta beste hiru gehiago izan ziren bost hektareatik gorakoak. Azken horiek 27,99 hektarea erre zituzten guztira (suteek ukituriko azalera osoaren % 84), eta martxoan gertatu ziren guztiak.
Berdin jarraitzen dute sasoikotasunak eta beheranzko joerak.
Aipatu berri dugun hil hori, martxoa, bigarrena izan zen sute-kopuruan, berez su gehiago piztu baitzen otsailean: 4. Hala ere, lau sute horietatik bat ere ez zen heldu hektarea bateko azalera izatera (guztira, 1,26 hektarea erre ziren). Su gehien izan zituzten gainerako hilabeteak apirila eta urria izan ziren, bina larrialdi izan baitziren hilabeteotan, baina hektarea bat baino txikiagoak. Horrek berretsi egiten du gure lurraldean ohikoa den sute-sasoia, hau da, gurean udazkenetik udaberrira bitartean gertatzen direla baso-sute gehienak, geldialdi begetatiboarekin batera.
Aurten jasotako datuek orobat berresten dute gure lurraldeari eragiten dioten baso-suteen kopuruak eta haien dimentsioak behera egiteko joera dutela, eta joera hori soilik hautsi dela muturreko baldintza meteorologikoak izan diren urteetan (lehortea, tenperatura altuak eta haize gogorrak elkarturik), halakoetan intentsitate handiko suak piztu baitira, 2022an Balmasedan gertatu zen bezala.
Prebentzioa eta baso-kudeaketa jasangarria giltzarri
Baso-suteen kopuruak eta eraginak erakusten duten beheranzko joera hori Bizkaiko Foru Aldundiak darabilen estrategiaren emaitza dira, Bizkaiko baso-masen kudeaketan eta erabileran jasangarritasuna sustatzen dihardu-eta aspaldian. Estrategia horrek suteak prebenitzeko lanetan ere sakontzen du, eta, horri esker, Bizkaia izan da azken urteetan baso-ziurtagiri jasangarria duten azalerarik handieneko lurraldea Euskal Autonomia Erkidegoan, bai eta halako plan gehien garatzen ari den lurraldea ere.
Baso-kudeaketa jasangarriaren aldeko apustu hori gauzatzeko, neurri zehatzak jasotzen dira basogintzari laguntzeko planetan. Izan ere, plan horietan biltzen dira baso-suteen aurkako prebentzio-planak ezartzeko inbertsioetarako laguntzak, asmoa delarik ez egotea suteen aurka borrokatzeko azpiegiturarik ez duen eskualderik eta hesi naturalak ezartzea, arrisku ertain edo handikotzat jotzen diren guneetan, baso-suteak hedatzea eragozteko.
Foru Aldundiaren estrategia horretan, oso garrantzitsuak dira halaber prebentzio-neurri guztiak. Baso-suteen hedapenean eta intentsitatean, garrantzi berezia dute erregaiaren izaerak eta kokapenak, eta, beraz, funtsezkoa da sastrakadi inbaditzaileak kentzea mendietan ezarritako baso-masetan, eta bakanketa-lanak, entresakak eta inausketa-lanak egitea tokian-tokian. Horrela, suaren hedapena oztopatzen da, berotze-ahalmena kentzen zaio, sua zuhaitzen adaburuetara heltzea saihestu eta kasuan-kasuan gerta litezkeen kalteak minimizatzen dira.
Baso-jabeei laguntzeko planen bitartez, aurrekontuko baliabide handiak bideratzen dira basogintza prebentiboko lan horietara, bai mendi publikoetan eta bai pribatuetan. Horrez gainera, Nekazaritza Zuzendaritzaren aurrekontu arruntaren bitartez, gauza bera egiten da onura publikoko mendietan eta ondare-mendietan. Lan horien osagarri, baso-masaren azalera zatitu egiten da, eta etenka ezarri arboladiak, baso-pisten sare egoki baten bitartez. Gainera, sare horrek aukera ematen du suteak itzaltzeko ibilgailuak azkar irits daitezen sua dagoen lekura.
Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen
Kargatzen...