2023(e)ko abenduaren 29(a) 12:00

Bizkaiak 2024an Legealdiko Planak aurrez ikusten dituen sei ardatz estrategiko garatzeko aurrekontua izango du

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Elixabete Etxanobe, Ahaldun Nagusia: «Bizkaiak martxan jarraitzen du Foru Gobernuaren egonkortasuna islatzen duen aurrekontu batekin, zeinak indartu egiten baitu gizarteak erakundeei eskatzen dien konfiantza». Aurrekontuei buruzko Foru Araua gaurko Batzar Nagusien osoko bilkuran onetsi da, eta gizarte-kohesioa eta lurralde-oreka indartzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko, ingurunea babesteko, nortasun propioa indartzeko eta herritarrenganako zerbitzua hobetzeko neurriak ditu. Foru-aurrekontuak arreta berezia jarri dio gizarte-babesaren arloari: biztanleko 640 euro bideratuko ditu desgaitasuna dutelako edo adingabeak direlako mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza, gizarteratzea eta talderik kalteberenen babesa finantzatzera.

Elixabete Etxanobe, Itxaso Berrojalbiz, Ainara Basurko eta Imanol Pradales

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2024 ekitaldirako Bizkaiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Araua onetsi dute, eta Bizkaia denontzat Legealdiko Planaren sei ardatz estrategikoekin lerrokatzen da. Hala, lehentasunezko 120 jarduketak garatzeko erabiliko da. 2024. urterako Bizkaiko aurrekontua guztira 10.308,2 milioi euroko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspenean oinarritzen da, beraz, aurreko ekitaldian baino 500 milioi gehiago dira -% 5,1eko hazkuntza 2023ko aurrekontuarekin alderatuz gero-. Zenbateko horretatik, foru-sailek 1.599,1 milioi euro kudeatuko dituzte (2023an baino 58,6 milioi gehiago). Gainerakoa beste erakunde batzuk (Eusko Jaurlaritza, udalak, Batzar Nagusiak, eta Estatuaren Kupoa) finantzatzeko eta konprometitutako gastuak (zorra eta langileak) ordaintzeko izango da.

Foru-erakundearen kontuetan gizarte-gastua da garrantzitsuena, biztanleko 640 euro bideratuko baitira desgaitasuna dutelako edo adingabeak direlako mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza, gizarteratzea eta talderik kalteberenen babesa finantzatzera. Guztira, jarduketa hauetan 737 milioi euro gastatuko dira Gizarte Ekintza eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailen bidez.

Era berean, sailen arteko banaketan nabarmentzekoa da lurralde-oreka indartzeko (udalerriei eta eskualdeei laguntzea, garraioa eta azpiegiturak) nahiz jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko inbertsioen eta gastuen garrantzia. Xede horrez, sektore estrategikoei laguntzeko eta talentua, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko jarduketak gauzatuko dira.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak uste du aurrekontua onartzea dela 2024. urtea hasteko modurik onena: «Lehenik eta behin, bermatu egiten duelako hainbat proiektu gauzatzea, zeinek ekarriko baitute Bizkaia lurralde aurreratuago bat izatea, jarduera ekonomiko eta enplegu gehiago izango duena, baita guztiontzako gizarte-zerbitzuak ere, bizi-kalitate handiagoa eskainiko duena, berdeagoa.... Bizkaiak martxan jarraitzen du Foru Gobernuaren egonkortasuna islatzen duen aurrekontu batekin, zeinak indartu egiten baitu gizarteak erakundeei eskatzen dien konfiantza», adierazi du.

Azken urteetako hazkuntzarik handiena Gizarte Ekintzan

Bizkaiko Foru Aldundiak pertsonen alde duen gizarte-konpromisoa argia da Gizarte Ekintza Sailari esleitu zaion zenbatekoa kontuan hartuz gero. Azken urteetako hazkuntzarik handiena da (2023an baino % 10,35 gehiago), guztira 691 milioi euro, hau da, foru erakundeko aurrekontu orokorraren % 43,2.

Hazkuntzari esker, 65,5 milioi euro gehiago erabiliko dira mendekotasun-egoeran dauden adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen, zaintzaileen eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen arreta eta babesa indartzeko. Baliabide propioen bidez gauzatu ahal izango dira Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planeko jarduera estrategikoak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Leioako eta Elorrioko egoitzetan, eta, horrez gain, eguneko zentroak etxeTIC ereduko zentro bilakatu ahal izango dira eta etxeTIC berriak prestatu ahal izango dira Basaurin eta Mungian.

% 5,6ko igoera Enpleguaren, Gizarte Inklusioaren eta Berdintasunaren arloetan

Gehien behar dutenei babesten eta lanpostua bilatzen nahiz beren eskubideak eta askatasunak babesten laguntzen jarraitzeko, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontua % 5,6 igo da (4,1 milioi gehiago).

Enpleguaren kasuan, foru sail honen eta DEMA agentziaren enplegu-programa guztiak kontsultatu ahalko dira eta aurretik online izena eman ahal izango da Bizkaiko Enpleguaren Atariko webgunean: www.portaldeempleodebizkaia.eus. Gainera, indarkeria matxistaren biktimei arreta psikologikoa indartuko zaie, indarkeria bereko adingabe biktimentzat arreta-programa berriak garatuko dira eta Sexu Indarkeriaren Biktimentzat Arreta Integraleko Zentroa abian jarriko da. Modu berean, desberdinkerien aurkako borrokan, gazte kalteberenei laguntzeko programetan inbertsioa gehituko da heldutasun autonomora errazago iristeko.

Trantsizio handietan funtsatutako eredu ekonomiko lehiakorra

Ekonomia Sustatzeko Sailak 78,491 milioi euroko aurrekontua izango du, eredu ekonomiko lehiakorra garatzen jarraitzeko, lehiakortasun-palanken helburu gisa, trantsizio handiak eta industria eta zerbitzu aurreratuak ardatz dituena. Aurrekontua oraingo testuinguru sozioekonomikoaren arabera diseinatu da, eta legealdirako sail honen estrategia egituratzen duten bost ardatz nagusiei erreparatu zaie.

Ildo horri jarraikiz, 29 milioi euro bideratuko dira industriarako eta zerbitzu aurreratuetarako zuzeneko jarduketetara; 15 milioi euro laguntza eta zerbitzuetan, 4,7 milioi trantsizio digital eta ekologikorako eta 9,2 milioi euro martxan dauden bikaintasun-zentroetarako eta Punta Zorrotzako Ikus-entzunezko Huba eta Bizkaia Quantum Industrial Huba definitzeko.

Inbertsio-plan batean obra estrategikoak jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko

2024ko aurrekontuek obra estrategiko handiak hasteko partida adierazgarriak dituzte, hala nola itsasadarraren azpiko tunela (25 milioi euro) eta Markina-Xemeingo saihesbidea (11 milioi). Horrez gain, bizikleta bidezko mugikortasunari bultzada garrantzitsua emango zaio (6,2 milioi) eta proiektu handiak gauzatuko dira, besteak beste, itsasadarreko bulebarra eta All Iron Zubia bizikletetarako zubi mugikorra.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren jarduketa-multzoaren diseinuak 265,9 milioi euroko asmo handiko inbertsio-plan batean du bere isla (2023koarekin erkatuz, % 14,2ko hazkuntza) azpiegitura eraldatzaile berrien garapena bizkortzeko, jarduera ekonomikoa eragiteko eta 1.785 enplegu sortu eta/edo mantentzeko.

Lehen sektorea eta klima-aldaketaren aurka borroka indartzea

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak lehen sektorerako partidak sendotuko ditu, eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren konpromisoari eutsiko dio. Xede horrez, 75,6 milioi euroko aurrekontua izango du.

Hala, Nekazaritza Zuzendaritzaren eta baso-kudeaketaren partidak % 4 inguru hazi dira. Laguntza horien artean, zenbatekoa dela eta, FEAGAk finantzatutakoak azpimarra daitezke. NPEan sartzen dira, eta 7,7 milioi euroko aurrekontua dute. Helburua da sektorea modernizatzea (4,65 milioi euro) eta mendi-nekazaritza sustatzea (bi milioi euro baino apur bat gehiago). Ingurumen Zuzendaritzan efizientzia energetikorako laguntzen zenbatekoa gehituko da bi milioi eurora iristeko. Beste 6,8 milioi izango dira hondartzekin lotutako zerbitzu eta ekipamenduetarako eta 9,2 milioi euro hondakinak kudeatzeko.

Bizkaiko dialektoa sustatzea

Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 66,173 milioi euroko aurrekontua izango du, batik bat, euskal kultura eta nortasuna bultzatu eta indartzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta gizarte-kohesioko tresna gisa kirola bultzatzeko. Ildo horri eutsiz, dialekto bizkaitarra sustatuko da, Bizkaiko berezkoa baita. Gizartean euskara erabiltzeko eta orokortzeko jarduerak zabaltzeari lehentasuna emango zaio, eta barne izango ditu alfabetatzeko eta euskalduntzeko zereginak. Gainera, kirolaren eremuan euskararen presentzia bultzatuko da. Halaber, kultura-sormena bultzatuko da euskal gizartearen ardatz egituratzaile gisa, talentua eta kulturartekotasuna sustatzen duten proiektuekin aurrera egingo da eta lurraldeko ondareari balioa emango zaio.

209 milioi baino gehiago Garraio, Mugikortasun eta Turismorako

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren aurrekontua 209 milioi eurotik gorakoa da. Zenbateko horretatik partidarik garrantzitsuena (124,6 milioi euro, pasa den ekitaldian baino % 5 gehiago) Bizkaibus zerbitzua ematera bideratuko da. Hona hemen beste partida garrantzitsu batzuk: markesinak berritzea (882.500 euro) eta haien digitalizatzea (milioi erdi euro), Aparkabisa elektrifikatzea (hiru milioi euro) eta udaletan eta enpresetan mugikortasun-planak idazteko laguntzak (500.000 euro).

Gizarte, udalerri eta eskualdeetarako zerbitzu hobeak eta modernoagoak

Legealdi honetan eraginkortasunez lan egingo da elkarlaneko gobernantzaren esparruan udalekin eta mankomunitateekin lana indartzeko. Helburua da gizarte- eta lurralde-kohesioa bermatzea. Horrez gain, Foru Aldundi irekia, gertua, parte-hartzailea eta osoa finkatu nahi da. Horretarako, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak 84,2 milioi euroko aurrekontua izango du. Aurrekontu horren barruan lehen aipatutakoari foruko suhiltzaileen zerbitzuan egingo diren inbertsio berriak erantsi behar zaizkio, erreferentziazko zerbitzu jasangarri eta berritzaile bihurtzeko, Bilbon eta Getxon herritarren arretarako bulego berriak abian jarriko dira; herritarrak erdian ipinita foruko estrategia digitala gauzatuko da zerbitzu digital berriak diseinatze aldera, eta berriz definituko da foruko enplegu publikoaren eredua oraingo eta etorkizuneko erronketara egokitzeko.


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...