2023(e)ko irailaren 18(a) 11:30

Bizkaiko Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiek urrian 150 kultura-jarduera eskainiko dituzte 70 udalerritan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

“Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial" leloarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak Bizkaian, urrian ospatuko den kultura programazioa. Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online, www.ondareabizkaia.eus webgunean.

Europako Ondarearen Jardunaldien aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. Edizioan 150 kultura jarduera baino gehiago eskainiko dira lurraldeko 70 udalerritan. Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, ehun erakunde baino gehiagotako hainbat ordezkarirekin batera, Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. edizioa aurkeztu du, Bizkaian oso garrantzitsua den eta azken edizioetan Bizkaiaren izen ona sendotu duen ekimena.

Edizio honen helburu nagusia da ohiturei, ahozko adierazpenei, usteei, jaiei, sukaldaritza arteei, errituei, ogibideei, artisautza teknikei, dantzei, musikari eta jolasei lotutako kultura ondarearen balioa azpimarratzea, lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun dezaten, zaindu eta babestu egin behar baitira.

Leixuri Arrizabalaga diputatuak nabarmendu duenez, jardunaldi hauek aukera paregabea eskainiko dute Bizkaiak duen ondare kulturalaren parte diren adierazpen kultural ugari eta baliotsuez gozatzeko, zabaltzeko eta birsortzeko. Arrizabalagak adierazi duenez, "ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez-material aberatsa nabarmentzeko eta zaintzeko".

Diputatuak, gainera, antolatzaileen lana goraipatu du, eta azaldu du "jardunaldiak Bizkaian, Europa mailan erreferente dira eta hori antolatzaileen aniztasuna, ugaritasuna eta inplikazioa programaren ezaugarrietariko bat dalako da. Antolatzaileak programaren oinarria direla esan beharra dago, eurek asmatu eta antolatzen dabe programa Aldundiren gidaritzapean.

Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online, www.ondareabizkaia.eus webgunean.

Hainbat ekitaldi eta jarduera

257 ekitaldiren bitartez 152 proposamen eskainiko dira, eta hala, edizio honek, adin eta interes guztientzako hainbat jarduera izango ditu. Hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, ogibide tradizionalen erakustaldiak, bisita gidatuak, ibilbideak, antzezpenak, tailerrak, dastatzeak eta kontzertuak: laburbilduz, urrian gozatzeko hainbat eta hainbat jarduera.

Bizkaiko kultura ondarea "bizirik" mantentzeko helburuarekin, hedapen jardunaldi hauen antolatzaileak dira besteak beste udalak, museoak, turismo bulegoak, interpretazio zentroak, kultura eta gizarte elkarteak, hezkuntza erakundeak eta partikularrak.

Ondare immateriala babesteko Unescoren Legea

Bizkaian ere ospatu egingo da Ondare immateriala babesteko Unescoren Legearen 20. urteurrena. Lurraldean, kultura ondarearen parte diren askotariko kultura adierazpenak daude, eta jardunaldi hauetan, publikoak horietaz gozatzeko aukera izango du.

Legeak komunitateen nortasunerako ezinbestekoak diren ohituren, usteen, tekniken eta adierazpenen garrantzia aitortzen du, eta ohitura horiek birsortzen eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzen jarraitzearen beharra azpimarratzen du baita ere.

Komunitatea ondare immateriala babesteko ezinbesteko zutabea da

Jardunaldi hauetan, landa edo hiri komunitatea osatzen dutenek ezinbesteko zeregina dute ondarearen eramaileak eta sortzaileak baitira, eta ondarearen mantentzea sustatzen dute, orainaldira eguneratzen dute, eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzen diete, horrela, herrien esentzia eta nortasuna eratzen duen iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura ezartzeko.

Adibide bat El Pobal da; bertan, Hortzmuga konpainiak eskainitako "Peru Abarka" klasikoaren antzezpenaz gozatu ahalko dute bertaratuek, herritarren parte-hartzea izango duen abesbatza obra bat.

Halaber, Etxebarrin "Etxebarri bizirik" jaia antolatuko da; bertan, udalerriko askotariko elkarte eta taldeek dantzari, musikari, aisialdiari eta gizarte mugimenduei lotutako jarduerez osatutako programazioa sortu dute.

Atal berezi batean, emakumeek ondare immaterialaren transmisioan duten garrantziaz jardungo dute hainbat bisita gidatuetan, besteak beste, Santurtzin "Sardina saltzaileen" historia ezagutzeko, "Emakume ezagunak eta ahaztuak" Getxon, Sopelan eta Urdulizen, Ondarroan itsasoari lotutako ogibideak dituzten emakumeen bizitzari buruzko hitzaldiak emango dira, eta Zaldibarren, emakumeek nekazaritzan duten paperari buruzkoak.

Bilbon, bilbainaden testuak feminizatze aldera, "Bilbainadita haiek" bertsio berezian abestuko dute Daniela Bartolomek, Bilbo Zaharrak, eta parte hartu nahi duten guztiek.

Ondare immateriala hazten doan globalizazioaren aurrean kultura aniztasuna mantentzeko faktore garrantzitsua izateaz gain, kulturen arteko elkarrizketa errazten du, beste errealitate batzuen onarpena ahalbidetuz. Besteak beste, Txina eta Japoniako Institutuak, Luxun Txinera ikasteko zentroak, antolatutako jarduerak horren adibide dira, baita Ukrainia-Euskadi Elkarteak antolatutako tailerra eta Mexico Lindo Elkarteak Munduko Ondarea den Hilen Egunaren jaiaren inguruan sortutako hedapen jardunaldiak ere.

Ondare Immaterialaren bost eremuak

Bizkaian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldietan, ondare immateriala osatzen duten bost eremuetako hainbat ekitaldi eskainiko dira: Ahozko Tradizioak eta Adierazpenak, Ikuskizunen Arteak, Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak, Naturarekin eta Unibertsoarekin lotutako Ezagutzak eta Erabilerak, eta Artisautza Teknika Tradizionalak.

  • Ahozko Tradizioak eta Adierazpenak

Ahozko tradizioak gure ondarearen ezinbesteko elementua dira, besteak beste euskara eta euskalkiak, esaera zaharrak, ipuinak, abestiak eta asmakizunak. Horrekin lotuta, Getxoko eta Artzentalesko hainbat auzoetako toponimia ezagutaraziko da. Ahozko literaturari dagokionez, hitzaldien eta kontzertuen bitartez kopla tradizionalak ezagutuko ditugu. Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak "Koplariak Koplari" ikuskizuna eskainiko dute Euskal Herria Museoan eta Maruri Jataben. Euskalkiak Lekeition, lexikoa Galdamesen, edo Bermeoko betiko abestiak izango dira beste proposamen batzuk.

Bertsolaritza ere Mungiako hainbat jardueren protagonista izango da, Taket Bertso Eskolaren 25. urteurrenarekin bat etorriz. Bestalde, Bilboko Euskararen Etxeak antzerkia eta bertsolaritza oinarri dituen "Kea" ikuskizuna antolatuko du Euskal Idazleen Elkartearekin batera.

  • Ikuskizunen Arteak

Jardunaldi hauetan musika, dantza tradizionalak, herri antzerkiak eta jaietako antzezpenak antolatuko dira. Besteak beste, Gordexolan "San Kosmeren Erromeria" eta Abanto Zierbenan Santa Luziarena. Dantza tradizionalarekin lotutako jarduerak ere azpimarratu behar ditugu, hala nola Bakioko "Txakolin dantza", Berrizko, "Dantzari dantza", Santurtziko "Kaskarot" edo Lanestosako "Arkuen dantza".

Barakaldon dultzainen erakusketara joateko aukera ere izango dugu, eta zuzenean ezagutu ahal izango dugu Arkotxako "Pasio Bizia" (Zaratamo).

  • Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak:

Eremu hori handienetakoa da, askotariko ekitaldiak barne hartzen baititu. Erlijio jaiekin lotutako ospakizunak (Gabonak, Inauteriak, Aste Santua), herrietako jaiak, bizitzarekin eta heriotzarekin lotutako erritualak, jolasak eta kirolak, sukaldaritza tradizioak eta gizartekoitasun kolektiboko formak, besteak beste. Horien artean daude Amorebieta-Etxanoko "Bizkargi Eguna", Abanto Zierbenako "Sagardo Eguna" eta Orozkoko "Gaztaina Eguna".

Herri kirolak egongo dira Getxon, Gamiz-Fikan eta Laukizen, eta "Bola jokoak" Zeanuriko bola jokoen txapelketaren protagonista izango dira. Busturian "iraganeko eta egungo" umeen jolasak ezagutaraziko dira tailer praktiko batean eta ikus-entzunezko proiekzio baten laguntzarekin.

Gastronomia oso garrantzitsua da, eta hainbat produktu dastatzeko eta bestelako jarduerak egiteko aukera egongo da Maruri-Jataben, Otxandion, Abanto Zierbenan, Garain, Izurtzan eta Mañarian. Orozkon eta Urduñan "limonada suila" egingo da, Urduñan "malba zurizko gozokiak", Negurin "Zurikaldaiko pastelak" eta Berrizen "errezeta sekretuko pontxea" prestatuko dute baita ere.

  • Naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta erabilerak:

Jardunaldi hauetan, beren lekua izango dute baita ere fauna eta florari, medikuntza tradizionalari eta naturaren antzinako ezagutzari lotutako usteek.  Leioan "Arboretum ibilbide berdea" bisitatuko da, eta Getxon "Eguzki loreari" buruzko tailer bat antolatuko da. Gainera, Loiuko Natur Zientzien Museoan "Munduari bira zuhaitzen bitartez" bisita egingo da, eta Zaldibarren sendabelarren propietateak ezagutuko ditugu, eta sorginen prestakuntzei buruzko tailerrak emango dira baita ere. Elorrion, artoaren orriak modu sortzailean erabiltzen ikasiko dugu.

Mitologiari eta usteei buruzko hitzaldiak egingo dira Bilbon eta Mañarian, eta Gorlizen horien inguruko erakusketa antolatuko da. Eta Diman, Baltzolara eta Jentilzubira bisita gidatua egiteko aukera egongo da.

  • Artisautza teknika tradizionalak

Azkenik, programan falta ezin ziren ondare immaterialaren elementuak dira artisautza, eta bereziki ogibidearen ezagutza, teknika, materialak eta prozesuak, eta lehen sektoreko lanak.

Urduñan, adibidez, museoan egingo den bisita gidatuan hiriko ogibide tradizionalak eta artisautza jarduerak ezagutuko ditugu (sastreak, jostunak, ehuleak...). Gainera, zumearekin eta artilearekin tailerrak egingo dira.

Mallabian, baserrietako tresna tradizionalak erakusketa eta hitzaldi baten hizpide izango dira.

Nekazaritza eta arrantza bizitzeko ezinbesteko modua izan dira, eta landako eta itsasoko herritarren jarduerari buruzko hitzaldiak eta bisitak antolatuko dira. Horien artean daude, besteak beste, Bermeoko "Atzoko eta gaurko arrantza ezagutzen" jarduera, Santurtzin dagoen "Agurtza" arrantza ontzi tradizionala, eta Karrantza-Haranako artzain kultura. Azkenik, "Nerbioi itsasadarra, bizitza itsasaldien artean" erakusketa eta dokumentala eskainiko dira batera Bilboko Itsasmuseumen eta Getxoko Punta Begoñako galerietan.


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...