Berriak
2023(e)ko apirilaren 04(a) 12:00
Apirilaren 17an hasiko da errenta aitorpena aurrez aurre, telefonoz edo Internet bidez aurkezteko epea
Ogasuna eta Finantzetako Saila
Pertsona bakoitzak aurkezpena egiteko hiru kanaletako edozein aukera dezake eta aitorpena aurkezteko izapide guztiak egin daitezke bulegoetan, telefonoz eta Internet bidez. Errenta-gutunak apirilaren 17tik aurrera bidaliko dira eta egun horretatik aurrera Aldundiaren egoitza elektronikoan zergadun guztien errentaren zirriborroak eskuragarri egongo dira. Foru Ogasunak uste du 623.000 aitorpen inguru aurkeztuko direla, eta hirutik biren emaitza zergadunari dirua itzuli behar izatea izango dela, bakoitzari 1.190 euro batez beste. Kanpaina honetan Bizkaiko zergadunek aplikatuko dituzten gizarte-kenkarien guztirako zenbatekoa 684 milioi euro izango da. Aurtengo kanpainako berrikuntza nagusiak honako hauek dira: 200 euroko murrizketa 30.000 eurotik behera errenta dutenentzat, justifikatu gabeko gastuen forfaita igotzea langile autonomoei, eta % 15era arteko konpentsazioa beren borondatez Batuz sisteman sartutako profesionalen mozkinetan.
2022ko ekitaldiko PFEZaren aitorpena aurkezteko kanpaina apirilaren 17tik ekainaren 30era bitartean egingo da. Zergadunek laguntza-zerbitzu zabala izango dute eskura hiru kanaletan: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta digitala, hala errenta-aitorpena aurkezteko nola zalantzak argitzeko. Era berean, pertsona guztiek aitorpenaren zirriborro bat izango dute, Foru Ogasunak dituen datuekin egina, aitorpena aurkezteko datuak falta badira soilik berrikusi eta osatu ahal izateko.
Pertsona guztiek euren aitorpen-zirriborroa kontsultatu eta osatu dezakete, eta aitorpena aurrez aurre, telefonoz edo interneten aurkeztu, hiru kanaletako edozeinetan egin baitaitezke errenta-izapide guztiak. Edozein zalantza izanez gero edo kontsultaren bat egin nahi bada, Aldundiak 94.608.3000 telefonoan eskaintzen du laguntza.
Errenta-gutunak, apirilaren 17tik aurrera
2022ko ekitaldiari buruzko datu ekonomikoak (errendimenduak zein atxikipenak) dituzten pertsona guztiek jakinarazpena jasoko dute apirilean zehar. Jakinarazpen horretan Ogasunak adieraziko die aitorpena aurkeztu behar duten, zergak ordaintzeko aukerarik onena zein den (banaka edo batera) eta zirriborroaren behin-behineko emaitza. Behin-behineko emaitza eta zergak ordaintzeko aukerarik onena ez dira jakinaraziko Ogasunak zirriborroa osatzeko behar diren datu guztiak ez dituenean.
Era berean, Bak gakoa aktibatzeko kode bat emango zaie identifikazio digitaleko sistema hori eta ordezkaritza-gakoa ez duten pertsonei, beste pertsona batek errenta-kanpainako izapideak bere izenean egin ahal izan ditzan. Ordezkaritza-gakoa ez zaie bidaliko adingabeei, hildakoei eta mendeko pertsonei.
Jakinarazpenak apirilaren 17tik aurrera kontsultatu ahal izango dira egoitza elektronikoaren sarrera-erretiluan eta postaz ere bidaliko dira.
Aurrez aurreko laguntza eta aurkezpena
Aurrez aurreko arreta Foru Ogasunaren eta Aldundiaren Gertu hamabi bulegoetan eskaintzen da. Bulego horiek Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markinan, Mungian, Durangon eta Portugaleten daude. Arreta-ordutegia lanegunetan izango da, goizez eta arratsaldez, 8:30etatik 19:00etara.
Foru bulegoetara joateko aldez aurretik hitzordua eskatu behar da www.bizkaia.eus/renta webgunearen bidez edo Errenta 22ko aurretiko hitzorduaren telefonoaren bitartez, 94.406.66.00. Telefono horretan Ogasuneko langileek eskatzaileari jakinaraziko diote zer dokumentazio eraman beharko duten lehen bisitan aurkezpena osatu ahal izateko. Hitzordua eskatzeko epea apirilaren 13an irekiko da.
Kontuan izan behar da aurrez aurreko laguntza, oro har, pertsona guztiei emango zaiela, Errenta-zerbitzuen gutunean jasotako eragiketa jakin batzuen bidez etekinak lortu dituzten aitorpen konplexuen kasuetan izan ezik.
Telefono bidezko laguntza eta aurkezpena
Errentaren telefonoan, 94.608.3000, agenteak daude lanegunetan arreta eskaintzen, 08:30etatik 19:00etara, zergadunei zirriborroa berrikusten eta osatzen eta aitorpena aurkezten laguntzeko, bai eta aitorpena aurkeztearekin zerikusia duen edozein zalantza argitzeko ere. Ordutegi horretatik kanpo izapide errazak ere egin daitezke, nahitaez arreta pertsonalizatua behar ez dutenak eta sistema automatiko batekin egiten direnak.
Garrantzitsua da kontuan izatea zergadunak bere nortasuna egiaztatu behar duela telefonoz bere datu pertsonal edo ekonomikoen edukira sartzeko. Identifikazio-prozeduran zergadunaren Bak gakoa edo bere errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliko dira.
Laguntza digitala eta aurkezpena
Izapidetze digitala aukeratzen duten zergadunek www.bizkaia.eus/renta webgunean eta Renta Bizkaia Errenta telefono mugikorretarako aplikazioan egin dezakete. Bi kasuetan beharrezkoa da identifikazio elektronikoko baliozko sistema batekin identifikatzea. Zergadunak horrelakorik ez badu bere Bak gako propioa sor dezake errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliz.
Bai webgunean, bai aplikazioan, zergadunek apirilaren 17tik aurrera izango dute beren zirriborrora sartzeko aukera, zirriborroa berrikusteko, behar izanez gero osatzeko, eta aitorpena aurkezteko.
Itzultzeko eta ingresatzeko epeak
Aitorpena aurkeztu ondoren, itzuli beharreko emaitza badu, zergadunak zazpi eguneko epean dagokion diru-sarrera jasoko du bere banku-kontuan, zergadunak aurkeztutako datuen eta Ogasunak dituen datuen artean desadostasunik ez badago.
Zirriborroa osorik duten eta itzuli beharreko emaitza duten pertsonek, zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egiten ez badute, automatikoki jasoko dute diru-sarrera uztaileko lehen egunetan, errenta-aitorpena aurkeztera behartuta egon ala ez.
Ingresatu beharreko emaitza duten aitorpenen kasuan (ogasunaren alde), emaitza zergadunaren banku-kontuan zordunduko da kanpaina amaitu ondoren, aitorpena aurkeztu den ala ez kontuan hartu gabe.
Kanpainarako aurreikuspenak
Foru Ogasunak uste du aurtengo kanpainan 623.000 errenta-aitorpen inguru aurkeztuko direla, eta guztirako emaitza negatiboa izango dela: -105,8 milioi euro. Aitorpenen % 66ren emaitza zergadunaren aldekoa izango da; guztira 489 milioi euro itzuliko dira.
Emaitzen aurreikuspena | Zergadunak | % | Zenbatekoa (€) | Batez beste (€) |
---|---|---|---|---|
Itzultzeko | 411.000 | % 66 | -489 milioi | -1.190 euro |
Ordaintzeko | 212.000 | % 34 | 383,2 milioi | 1.808 euro |
Guztira | 623.000 | % 100 | -105,8 milioi | -170 euro |
Gainera, Foru Ogasunak uste du aurtengo kanpainan Bizkaiko zergadunek 684 milioi euro aplikatuko dituztela gizarte-kenkarietan: ondorengoak, adinekoak, etxebizitza, desgaitasuna, mendekotasuna edo gizarte-aurreikuspeneko ekarpenak.
Kenkarien aurreikuspena | Onuradunak | Batez besteko kenkaria | Zenbatekoa, guztira |
---|---|---|---|
Ondorengoak | 222.500 | 638 euro | 142,0 milioi |
6 urtetik beherako ondorengoak | 56.000 | 245 € | 13,7 milioi |
65 urtetik gorako pertsonak | 114.600 | 606 euro | 69,5 milioi |
Desgaitasuna edo mendekotasuna | 72.400 | 1.133 euro | 82,0 milioi |
Ohiko etxebizitzaren alokairua | 51.000 | 1.078 euro | 55,0 milioi |
Ohiko etxebizitza erostea | 196.500 | 975 euro | 191,6 milioi |
Gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako ekarpenak | 176.000 | 739 euro | 130,0 milioi |
Guztira | - | - | 683,8 milioi |
PFEZen aitorpena aurkeztu beharra
Oro har, PFEZen aitorpena derrigorrez aurkeztu behar dute 20.000 eurotik gorako lan-errentak izan dituzten pertsonek, kapital-etekin gordinak edota ondare-irabaziak bat eginik (salbuetsiak barne) 1.600 eurotik gorakoak izan dituzten pertsonek, eta jarduerak ekonomikoengatik etekinak lortu dituztenek.
Aurreko kanpainetan bezala, bi ordaintzaileren edo gehiagoren etekinak jaso dituzten zergadunek ez dute aurkeztu beharko aitorpena etekinak 14.000 euro baino gehiago ez badira. Diru-sarrerak 14.000 - 20.000 euro artekoak badira, ez dago aitorpena aurkeztu beharrik bigarren ordaintzaileak eta gainerakoek emandako diru-sarreren guztirako zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada.
Zerga-berrikuntza nagusiak
2022ko errenta-aitorpenean aurreko ekitaldian inflazioari eta energiaren krisiari aurre egiteko, ekonomiari suspertzen laguntzeko eta Batuz sisteman norberaren borondatez sartzea sustatzeko asmoarekin PFEZen arautegian ezarritako neurriak aplikatuko dira.
Inflazioari aurre egiteko neurriak
2022ko ekitaldiko likidazio-oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa % 5,5 deflaktatzen da, eta ehuneko berean igotzen dira baterako tributazioagatik aplikatzen den murrizketa, kuotaren gutxitzea eta kenkari pertsonalak.
Ekonomia suspertzeko neurriak
Mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertitzea sustatzeko kenkaria % 10etik % 25era igotzen da, eta % 35eko murrizketa ezartzen da enpresa berritzaileetan egiten diren inbertsioetarako eta, berrikuntza gisa, zilarrezko ekonomiarekin (Silver Economy) lotutako enpresetan egiten diren inbertsioetarako.
Batuz sisteman norberaren borondatez sartzea sustatzeko neurriak
Batuz sisteman beren borondatez sartutako langile autonomoek murrizketa aplikatu ahal diote jarduera ekonomikoen etekin garbiari PFEZen aitorpenean. Murrizketaren ehunekoa Batuz sistemako betebeharrak norberaren borondatez betetzen hasitako egunaren araberakoa izango da. Sisteman 2022ko urtarrilaren 1ean sartutakoek % 15eko murrizketa aplikatu ahal izango dute. Halaber, bere hartan mantentzen da 2022an Batuz sistemara egokitzeko egindako gastuengatik aplikatu daitekeen kenkaria: gastuen % 30.
Energiaren krisiari aurre egiteko neurriak
% 10etik % 15era igotzen da jardueraren diru-sarreren eta amortizazioen, narriaduraren ondoriozko galeren eta justifikatzen zail diren gastuen arteko diferentziari aplikatu ahal zaion murrizketa orokorra. Murrizketa hori, forfait esaten zaiona, are handiagoa izango da nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretan eta salgaien errepidezko garraioan: % 70.
Kuotaren aparteko gutxitze bat sartzen da: 200 euro aitorpeneko murrizketa aplikatu ahal izango dute 30.000 eurotik beherako zerga-oinarri orokorra daukaten zergadunek. 30.000 eta 35.000 euro bitarteko zerga-oinarri orokorra daukaten zergadunek honako murrizketa hau aplikatu ahal izango dute kuotan aitorpen bakoitzeko: zerga-oinarri orokorretik 30.000 euro kendu eta geratzen den kopurua 0,04z biderkatzearen emaitza 200 eurotik kenduta geratzen den zenbatekoa..
Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...