Berriak
2023(e)ko martxoaren 14(a) 11:30
Bizkaiak baso-suteetarako larrialdi-plana eguneratu du, klima-aldaketak sortutako egoera berrira egokitzeko
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila
Aldaketa horren bidez, fenomeno kaltegarri horien aurrean lurralde erresilienteagoa lortu nahi da, eta, horri esker, operatiboak baso-suteak aztertzeko talde bat izango du. Talde horrek planifikazio- eta prebentzio-lanak egingo ditu, eta sua pizten denean sua itzaltzeko zuzendaritza teknikoari lagunduko dio. Horrez gain, suteak topografiaren, erliebearen, erregaiaren eta baldintza meteorologikoen arabera izan dezakeen bilakaerari eta portaerari buruzko aholkuak emango dizkio. Era berean, baso-suteetarako larrialdi-planak (INFOBI) prebentzio-lanetarako eta sutea itzaltzeko makina astunak erabiltzen jarraitzen eta garatzen ditu, eta beste bulldozer bat eskuratzea aurreikusten da. Orobat, baso-suteen kausak ikertzeko brigada espezializatu bat sortzea ere aurreikusten da. Sua itzaltzeko gailua osatzen duten langileek jasotzen duten urteko prestakuntza indartu eta areagotu egingo da simulazioak egitean, egoera desberdinak aztertzeko eta egoera horietako bakoitzean operatibo eraginkorrena ezartzeko.
Elixabete Etxanobek eta Amaia Antxustegik larrialdi plana aurkeztu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak baso-suteengatiko larrialdi-plana (INFOBI) eguneratu du, plan hori klima-aldaketak sortutako egoera berrietara egokitzeko; izan ere, fenomeno horren ondoriozko berotze globalaren aurreikuspenak (lehorte iraunkorra, bero-boladak eta haize-bolada gogorrak) basoko suteen portaera muturrekoagoa izatea eragiten du.
Plan honen egokitzapena lau alderditan zentratu da bereziki. Lehenengoa, baso-suteak aztertzeko zerbitzu bat garatzea Mendi Zerbitzuko teknikarien artean, sua itzaltzeko lanak zuzentzen dituzten zerbitzu bereko pertsonei laguntzeko, bai baso-sutea amatatzeko, bai prebentzio-lanetarako. Horrela, talde hori arduratuko da plangintza- eta prebentzio-lanak egiteaz, lehentasunez jardun behar den lurraldeko eremu kritikoak zehazteko. Eta baso-sute bat gertatzen denean, sua itzaltzeko zuzendaritzari aholku emateaz ere arduratuko da, eta sutearen portaeraren eta balizko bilakaeraren berri emango dio, sutearen topografiaren, erliebearen, erregaiaren eta baldintza meteorologikoen arabera. Azken kasu horretan, talde hori aginte-postu aurreratuan sartuko da, eta bertan zentralizatuko da sua itzaltzeko gailuaren koordinazioa.
INFOBIn jasotako bigarren aldaketa nagusia baso-suteen kausalitatea ikertzeko lanak garatzea eta hobetzea da, arlo horretan espezializatutako talde baten bidez. Lantalde hori Mendi Zerbitzuko teknikariek eta baso-agenteek osatuko dute, eta haiek lan egingo dute suteen arrazoiak zorrotzago zehazteko. Talde horrek Ertzaintzaren ingurumen-arloko ikerketa-zerbitzuekin koordinatuta egingo du bere lana, hala badagokio, suaren jatorriak delitu-osagairik duen ebazteko. Talde hau osatzen duten langileak horretarako prestatzen ari dira.
Hirugarren aldaketa garrantzitsua da Estatuan baso-suteen aurka borrokatzeko gailu gehienetan garatzen ari den lan-ildo bat sartzea, eraginkorra izan baita joan den urteko baso-sute handien aurkako borrokan. Bulldozer motako makina astunak erabiltzea da, bai prebentzio-lanetan, bai itzaltze-lanetan. Ildo horretan, bulldozer berri bat sartzea aurreikusten da, eskuragarri dagoenari gehituko zaiona, lurraldean horrelako baliabide mekanikoak erabiltzeko gaitasuna handitzeko asmoz.
Makina horiek aukera handia ematen dute prebentzio-lanetan, hala nola suebakiak errepasatzea eta baso-bideen eta -pisten sarea mantentzea. Azken alderdi hori funtsezkoa da, halaber, sutea gertatuz gero, sua itzaltzeko baliabideei sarbidea bermatzeko eta errazteko. Prebentzio-lanez gain, makina horrek oso zeregin garrantzitsua du sua amatatzeko; izan ere, sutea itzaltzeko lan egiten duten ekipoen autobabeserako maniobrak egiteko aukera ematen du, eta su-aurreari zuzeneko eta zeharkako erasoak egiteko erabil daiteke, baita zuhaitzak zurkaizteko ere, eta, horrela, ekipoen lan-trebetasunak eta segurtasuna hobetzen dira.
Horrez gain, denetariko baso-lurretan ibiltzeko moduko ibilgailu bat erosteko aukera aztertzen ari da, autokargatzaile motakoa -moztutako baso-masak erauzteko erabili ohi den ibilgailua-, 10.000 litroko ur-depositu batez hornitua -Prebentzio, Su Itzalketa eta Foru Salbamendu Zerbitzuak erabiltzen dituen baso-autobonba bi baino gehiagoren baliokidea-, eta 360 graduko biraketa-erradioko eta 47 metroko irismeneko ur-kanoi batez hornitua. Makina honek itzaltze-lanetan abantaila nabarmena eskaintzen du: beste kamioi- edo zisterna-mota batzuk iritsi ezin diren eremuetara sartzeko aukera ematen du.
Makina astunak erabiltzen diren baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanak Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatzen dira. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programaren barruan dago (2021-2027 programazio-aldia). Programa horrek Bizkaiko Foru Aldundia baso-suteen prebentzioaren eta baso-kudeaketa iraunkorraren arloan garatzen diren neurriak babesten ditu.
Azkenik, planak bereziki azpimarratzen du baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko dispositiboko kide diren langileek jasotzen duten prestakuntza indartu behar dela. Prestakuntza hori urtero egiten da bertako pertsona guztiekin, eta simulazioen garapena ere azpimarratzen du, egoera desberdinak aztertzeko eta egoera horietako bakoitzean sua itzaltzeko jarduera-protokolo eraginkorrenak ezartzeko.
Aldaketa horiek eta baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko onartutako araudi berriari dagozkionak Eusko Jaurlaritzako Babes Zibilerako Batzordera eramango dira orain, eta batzorde horrek homologatu egin beharko ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu-kontseiluak behin betiko onar ditzan. Homologazioa eta behin betiko onespena izanda, planaren aldaketa Bizkaiko Lurralde Historikoko Larrialdi Planean sartuko da.
Ia 600 pertsona koordinatzen ditu
Baso-suteen ondoriozko larrialdi-planak (INFOBI) ia 600 pertsonako lantalde baten lana koordinatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko, Basalaneko eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko langileen artean.
Bertan, baso-suteetan esku hartzeko antolamendu-egitura eta prozedurak ezartzen dira, baso-suteen arrisku-mailen arabera, eta mota horretako larrialdiak prebenitzeko neurriak ere ezartzen dira, zuhaitz-masen kudeaketa iraunkorrera bideratuta.
Helburuetako bat baso-suteen arriskuak aztertzea da, kontuan hartuta, adibidez, erliebea, landaredia, baldintza klimatiko kaltegarrien kointzidentzia (tenperatura altuak, haize indartsuak, hezetasun txikia), urtarokotasuna edo mendian egiten diren giza jarduerak eta jolas-jarduerak. Halaber, dokumentuak baso-sute gehien gertatzen diren eremuak eta garaiak zehazten ditu, arriskuen analisiaren araberako neurriak diseinatzeko; eskura dauden bitartekoak eta baliabideak (norberarenak zein besterenak) aktibatzeko prozedura ezartzen du, eta arrisku-maila jaisteko aplikatu beharreko prebentzio-neurriak zehazten ditu.
Planak baso-suteen arrisku-maila ere kategorizatzen du, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta beste lurralde batzuekin koordinatzeko mekanismoak ezartzen ditu, mota horretako larrialdiei arreta ematen laguntzeko.
Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...