2023(e)ko Januaryren 24(a) 11:30

Asko eta gehiago: Bizkaiko foru museo, toki eta aretoetako ehun jarduera baino gehiagoko kultura eskaintza anitza

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

2023ko jardueren katalogoan Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen hamabi museo, areto eta kultura intereseko tokien programa anitz eta zabala jasotzen da: Arkeologi Museoa (Bilbao), Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), Euskararen Etxea (Bilbao), La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones Gaztelua, (Muskiz), Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa (Bilbao). Leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, 2023rako aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiago, ehun jarduera baino gehiago eta hamabost argitalpen aurreikusita daude. Programazio osoa www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean deskargatu daiteke.

2023ko jardueren katalogoaren aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoetako, aretoetako eta kultura intereseko jardueren urteko katalogoa aurkeztu du. 2023.urtean eskainiko den programa anitza eta zabala da, publiko guztientzat diseinatutakoa, hamabi leku hauetan garatuko dena: Arkeologi Museoa (Bilbao), Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), Euskararen Etxea (Bilbao), La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones Gaztelua, (Muskiz), Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa (Bilbao).

Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak, kultura eskaintza zabalaren berri eman du Foru Aldundiko museo eta aretoetako zuzendariekin batera, eta bertan egon dira baita ere BizkaiKOA-ko zuzendari kudeatzailea den Asier Madarieta Juaristi eta Kulturako zuzendari nagusia, Begoña de Ibarra Zuazo.

Lorea Bilbaok adierazi duenez: gure helburua da Bizkaiko kultura ondare aberatsa herritar guztiei hurbiltzea, gurekin bizi zaretenoi eta bisitan zatozenoi. Erakustea zein aberatsa izan daitekeen tamainan txikia, baina kulturan handia den lurralde bat. Gure areto eta museoak erakusleiho bihurtu nahi ditugu, Bizkaia erakusteko espazio, bizkaitarrei buruz hitz egiten dutenak, beraien istorioak, kondairak, gure abestiak, lanbideak, ametsak eta bizipenak kontatzen dituztenak.

Aurreko guztia jarduera programa anitz, irisgarri eta hurbileko baten bidez, guztientzat pentsatuta dagoena. Espazio bereziak dira eta objektu bakar, bitxi eta interesgarriz betetako bildumak dituzte. Jarduerak ezagutza transmititzeko pentsatuta daude. 

Katalogoan, leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, aurten egingo diren aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiagoz, ehun jarduera baino gehiagoz eta hamabost argitalpenez osatutako programazioa dago. 

2023ko berritasunen artean azpimarratu behar da Rekalde Aretoak bere fatxada biratuko duela Iparragirre kalerantz, eta beste batzuen artean Eduardo Sourrouilleren, Juan Carlos Eguillorren eta Bizkaia ERTIBIL erakusketak antolatuko dituela. Ondare Aretoan hainbat erakusketaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste José Manuel Rozasen ibilbidea erakusten duena edo Bilboko zinema aretoetako arkitektura azaltzen duena. Euskararen Etxeak erakusketa berritua eskainiko du. Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko programazio berezia eskainiko du. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan erakusketa hauek egongo dira besteak beste: "Abangoardiako 10 emakume Bizkaian", "Basques in California" eta "Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua" erakusketa orijinala, Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok sortua. Arkeologi Museoan antolatuko diren erakusketek bisitariei monumentu megalitikoen historia, Egiptora egin ziren espedizioak, Euskal Herriko indusketak eta arte garaikidea azalduko dizkiete beste batzuen artean. Bere aldetik, Santimamiñen, UNESCOk gizateriaren ondare deklaratu zuen munduko historiaurreko artearen ezinbesteko kokapenean, erakusketa bat antolatuko da eta bertan azalduko dira 1918tik aurrera egin ziren ikerketak eta bertan jaso zituzten material eta datuak erakusgai egongo dira.

Balmasedan La Encartada fabrika-museoa dago, eta orain dela 100 urte baino gehiago sortu zuten fabrika zaharra ia-ia jatorrian zen bezala dago eta gaur egun bisitatu egin daiteke. Bertako eraikinak, espazioak eta giroak ez dira berregiteak, jatorrizko eraikin, espazio eta giroak dira, eta horregatik Europa mailan industria ondarearen harribitxia da leku hori. La Encartada ERIH erakundeak (European Route of Industrial Heritage) Anchor Point gisa deklaratu zuen EAEko lehen espazioa da. Museoko bisitariek jatorrizko makina batzuen funtzionamendua ikus dezakete baita ere.

Muskizen El Pobaleko Burdinola dago. Monumentu Multzo deklaratu zuten eta burdin industriaren eta erroten museo bizia da: Bizkaian funtzionatzen dagoen garai hartako burdinola bakarra da. Barbadun ibaiaren bihurgune eder batean dago, eta ur horiek mugitu zuten instalazio hidrauliko hau XVI. mende hasieratik XX. mende erdialdera. Burdinolak askotariko eskaintzen artean hauek ditu: esperientzia sentsorial eta didaktiko bat bizitzeko aukera mailu piloia eta harrizko hauspo bereziak martxan jartzen dituztenean, eta museoko errementariak sutegian egiten duen forja tradizionalaren erakustaldia.

El Pobaleko burdinolaren alboan eta Bandoen Gerren testuinguruan XIV. eta XV. mendeetan eraiki zuten Muñatones Gaztelua dago, Bizkaiko arkitektura ondarearen elementurik berezienetako bat. Bere historia Erdi Aroko pertsonaia ospetsuenetako bati lotuta dago, Lope García de Salazar boteretsuari. Bisitariak Erdi Arora itzuli ahalko dira publiko guztientzat sortutako jardueren bitartez.

Eta uztartze bikainerako aukerarik onena Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean dago. Leku paregabea da txakolinaren kulturan barneratu eta dastatze komentatu eta ilustratuen bidez sekretu guztiak ezagutzeko. Erakusketa iraunkorraz gain, Txakolinaren Museoan zenbait gairi buruzko erakusketak daude, besteak beste hauek: Iragarki zaharrak Bizkaiko prentsan. 1859-1939, Eulalia Abaitua. Gure aurreko andrak. Mujeres vascas de ayer, Bakioko Margozaleak eta Mendian Gora, EMMOA Fundazioarena.

Katalogoan Bizkaiko Foru Aldundiak urtean zehar gauzatzen dituen kultura programa bereziak jasota daude baita ere, eta horien artean nabarmentzekoak dira Ibilbide Historikoak (Bizkaiko historiaren eta geografiaren espazio bereziak ezagutzeko ibilbide gidatuak), Europako Ondarearen Jardunaldiak, urrian Bizkaia osoan kultura jarduerez betetako programa eskaintzen duena, La Encartada Moda ekainean, MusEkintza arte eszenikoen jaialdia eta Ibiltari erakusketa ibiltarien programa.

Aurkezpenean, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak esan du azpimarratzekoa dela museoek orokorrean, eta bereziki foru museoek egiten duten gizarte lana, izan ere, analisi, hausnarketa eta ezagutza espazioak dira, ezinbestekoak gizarte batek aurrera egin eta garatu ahal izateko. Misio hori ezin hobeto gauzatzen dute guztiek. Azaldu du museoak gure gizartearen ondare historiko eta etnografikoa, Bizkaiko artea eta kultura gordetzen eta erakusten duten espazioak direla. Eta museoak, gainera, kultura ondarea hedatzeko lekuak direla. Hori dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak askotariko jarduera didaktikoak eskaintzen ditu eta ikastetxetako beharrei egokituta daude baita ere. Katalogoan Bizkaiko museoek eta foru aretoek programatzen duten ikastetxeentzako eskaintza dago baita ere.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2023rako jardueren katalogoa sortu du egunero museo eta foru aretoen sareak eskaintzen duen kultura eskaintza ezagutarazteko eta herritarrentzat eskuragarri jartzeko kultura eta ondarea, historia eta lurraldearen nortasuna.

Hemen deskarga daiteke programazio osoa duen katalogoa: www.bizkaikoa.bizkaia.eus

Hamabost argitalpen berri editatuko dira

2023rako hamabost argitalpen berri editatzea aurreikusi da. Arkeologi Museoak aldi baterako erakusketaren katalogoa egingo du: ‘Megalitoak’ eta Arrolako Oppidumeko gida (Arratzu, Nabarniz). Santimamiñek Santimamiñeko Kobazuloaren gida argitaratuko du. Arrantzaleen Museoak bertan egongo den erakusketaren katalogoa editatuko du: ‘Benito Barrueta. Marrazkiak’. Argitalpen berezia izango da Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena ospatzeko, eta Erdi Aroko Bermeori buruzko katalogoa ere argitaratuko da. Euskal Herria Museoak ‘Gernika Uruguain. Fruitua hedatzen’ eta ‘Palindromoak: Markos Gimeno. Autore Erotua’ editatuko ditu. Euskararen Etxeak ‘Hostopostoak eta ilargi-jaia’ aurkeztuko du. La Encartada fabrika-museoak bi argitalpen hauek egingo ditu: ‘Istorioak ehuntzen. Ehungintza emakumeen testigantzak Cadaguaren haranean’ eta ‘Etxetik (ez) ibiltzeko lanak. Genero ikuspegiak industria ondarerako’. Txakolin Museoa-Txakolinguneak ‘Istorioak txakolinarekin’ eta ‘Txakomic: Txakolinaren istorioak’ argitaratuko du. El Pobaleko burdinolak ‘Muskizko San Julian elizan grabatutako ontziak’ eta ‘Euskal burdinoletatik bidaia. Luis Barreiroren (1909-1917) landa koadernoa’ aurkeztuko ditu.


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...