Berriak
2021(e)ko abenduaren 14(a) 11:30
Foru Ogasunak Batuzen borondatezko ezarpena jakinarazteko epea ireki du
Ogasuna eta Finantzetako Saila
2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Batuz borondatez ezartzea erabakitzen duten jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsonek euren erabakiaren berri eman diezaiokete Foru Ogasunari asteazken honetatik, abenduaren 15etik, aurrera. Batuz 2022aren hasieratik ezarriko duten mikroenpresek, enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek % 15eko konpentsazioa izango dute PFEZn edo SZn bi urtez.
Abenduaren 15ean, asteazkenean, irekiko da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Batuz ezarriko duten enpresa eta profesionalek Foru Ogasunari euren aukeraren berri emateko epea. Batzar Nagusiek Batuz borondatez ezartzeko pizgarriak ezartzen dituen Foru Araua onartu ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak gaur onartu du sistemara borondatez atxikitzeko baldintzak zehazten dituen Foru Dekretua. Dekretu horretan ezartzen da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonek sistema berria borondatezko epean zein unetan ezarriko duten jakinarazi behar diotela Foru Ogasunari.
Batuz sistemara borondatez atxikitzea ezeztaezina izango da eta 2022ko eta 2023ko ekitaldietako hiruhileko bakoitzeko lehen egunetik aurrera egingo da, aldez aurretik ondore horretarako ezarrita dagoen epean Foru Ogasunari jakinarazita Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan inprimaki bat betez. Aukeratutako ezarpen-uneak zehaztuko du borondatezko aplikazioa aukeratzen duten pertsona fisikoek, mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek izango duten konpentsazioa. Era berean, konpentsazio bera izango dute sozietateen gaineko zergatik partzialki salbuetsita dauden erakundeek, 4/2019 Foru Arauari atxikitako irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaintzat hartzen diren tamaina txikiko kooperatibek.
Hurrengo taulan ezarpen-uneak, aldez aurreko jakinarazpen-epeak eta konpentsazioa zehazten dira; konpentsazio hori PFEZaren jarduera ekonomikoen etekin garbi positiboa edo Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarri positiboa murriztean datza.
Batuzen borondatezko aplikazioa hasteko aukera | Borondatezko erabakia jakinarazteko epea | PFEZren edo SZren murrizketa-ehunekoa | |
---|---|---|---|
2022 | 2023 | ||
2022ko urtarrilaren 1a | 2021/12/15etik 2022/1/14ra | % 15 | % 15 |
2022ko apirilaren 1a | 2022/02/01etik 2022/03/05era | % 13 | % 13 |
2022ko uztailaren 1a | 2022/04/01etik 2022/06/05era | % 11 | % 11 |
2022ko urriaren 1a | 2022/07/01etik 2022/09/05era | % 9 | % 9 |
2023ko urtarrilaren 1a | 2022/10/01etik 2022/12/05era | - | % 5 |
2023ko apirilaren 1a | 2023/01/01etik 2023/03/05era | - | % 4 |
2023ko uztailaren 1a | 2023/04/01etik 2023/06/05era | - | % 3 |
2023ko urriaren 1a | 2023/07/01etik 2023/09/05era | - | % 2 |
Konpentsazio horiek bateragarriak dira Batuz ezartzeko enpresa edo langile autonomo guztiek egiten dituzten gastuetarako ezarritako kenkariarekin, hala nola fakturazio-softwarea eguneratzearekin edo ekipamendu informatiko edo periferikoak erostearekin. Kenkari hori borondatezko aldian euren gain hartutako kostuaren % 30 da.
Batuz borondatezko aldian aplikatzen bada zergadunak nahitaez erabili eta bete beharko du foru aldundiaren egoitza elektronikoan eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua (EEEL-LROE) eta TicketBAI software batekin jaulki beharko ditu ondasun-emateen eta zerbitzu-prestazioen faktura edo egiaztagiri guztiak.
Batuzen berrikuntza nagusiak
Batuz Bizkaiko Foru Ogasunak jarduera ekonomikoak garatzen dituzten zergadun edo erakunde guztien errendimenduak kontrolatzeko abian jarritako sistema integrala da. Beraz, proiektu estrategikoa da iruzur fiskalaren aurkako borrokan; izan ere, Foru Ogasunari aukera ematen dio jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona guztiek egiten dituzten eragiketa ekonomikoak xehetasunez ezagutzeko eta diru-sarrerak ezkutatzeko edo gastuak simulatzeko iruzurrezko praktikak zailtzen ditu, adibidez fakturarik ez ematea, fikziozko fakturak edo eduki ekonomikorik gabekoak jaulkitzea edo B kutxa edukitzea. Aldi berean Foru Ogasunak zergadunei eskaintzen dien laguntza indartzeko proiektu estrategikoa da, eragiketa ekonomikoen erregistro-liburutik lortutako datuekin zergadunek BEZaren, PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenen zirriborroa eskuratuko dutelako.
Neurri teknologiko aurreratuen erabileran oinarritzen da Batuz, besteak beste Arabako eta Gipuzkoako foru-ogasunekin batera garatutako TicketBAI sistema, eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua eta PFEZaren, Sozietateen eta BEZaren aitorpenaren edo autolikidazioaren zirriborroak sortzea. Berrikuntza nagusiak enpresentzat eta autonomoentzat honako hauek dira.
- Enpresek eta autonomoek ondasunak entregatzeko edo zerbitzuak emateko fakturak edo egiaztagiriak TicketBAI software bermatzailearekin egin beharko dituzte. Fakturazio-software horrek salmenta bakoitza kode enkriptatu batekin identifikatzen du, Ogasunari ezkutatzea eragotziz. Era berean, fakturan QR kode bat txertatzen du eta horri esker bezeroak salmenta Ogasunari behar bezala aitortu zaion egiazta dezake. Gaur egun TicketBAI fakturazioko 550 programa inguru daude merkatuan, besteak beste Foru Ogasunak eskaintzen duen «Egin ezazu zure faktura» doako aplikazioa.
- Enpresek derrigorrez eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu bat erabili eta bete beharko dute diru-sarrerak, gastuak eta fakturak deklaratzeko. Horrela enpresen informazio-betebeharrak langile autonomoei zegozkien betebeharrekin parekatzen dira, azken horiek 2014tik urtero aurkeztu behar dutelako EEEL.
- EEELko oharrak zuzenean egingo dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, bai pertsona juridikoen kasuan (240 eredua), bai pertsona fisikoen kasuan (140 eredua). Lortutako informazioarekin zergadunek euren autolikidazioen edo BEZaren, PFEZaren edo Sozietateen gaineko Zergaren zirriborroa eskatu ahal izango diote Foru Ogasunari.
Batuz nahitaez ezartzea 2022ko urtarrilaren 1erako aurreikusita zegoen. Hala ere, Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoak baldintzatutako egoeran Batuz ezartzeari dagokionez enpresen eta profesionalen egoera kontsultatu eta ebaluatu ondoren joan den uztailean Bizkaiko Foru Aldundiak Batuz borondatez ezartzeko epea 2024ko urtarrilaren 1era arte luzatzea erabaki zuen. Erabaki horren bidez krisi ekonomikoak gehien eragindako zergadunen zerga-betebehar berriak saihestu nahi izan dira. Era berean, konpentsazio-sistema ezarri da sistema berria hartzeko moduan dauden eta/edo sistema hori egokitzen hasita zeuden zergadunek Batuz borondatez ezar dezaten sustatzeko.
Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna
Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.
Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.
(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira
Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia
Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao
TRATAMENDUAREN HELBURUA:
Bizkaitarren Egiten: newsletter.
ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:
interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:
- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
- Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
- 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak
Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...