2020(e)ko azaroaren 30(a) 09:40

Bizkaiak lehen autobide adimenduna edukiko du 2023an

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bizkaiko Foru Aldundia eta Tecnalia lankidetzan ari dira Bizkaiko lehen korridore kooperatiboa ezartzeko: 57 km-ko autobide-tartea, digitalizatua eta sentsorizatua. Tarte hau laborategi modura erabiliko da datozen urteetan ibilgailu-trafikoan erabiliko diren teknologiak eta aplikazio praktikoak probatzako. 2023an, Bizkaiko korridore kooperatibotik dabiltzan ibilgailuek informazio zehatza jaso ahal izango dute hainbat inguruabarri buruz denbora errealean, datuak jasotzeko teknologia edukiz gero.

Imanol Pradales eta Alex Belaustegi

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak eta Tecnaliak lankidetza-akordioa sinatu dute Euskadiko lehen korridore kooperatiboa ezartzeko. Imanol Pradales diputatuak eta Tecnaliako lehendakari Alex Belausteguik hitzarmenaren berri eman dute. Horren arabera, 3,5 milioi euro inbertituko dira 2023rako konexio digitalen bidez lotzeko errepideak, ibilgailuak eta kontrol-zentroak.

Proiektua 2021eko lehen asteetan abiatuko da. 2023rako Ugaldebieta eta Ermua bitarteko 57 kilometroetan Euskadiko lehenengo autobide-tarte adimenduna edukiko dugu, esan du Imanol Pradalesek proiektuaren laborategi teknologiko modura erabiliko den autobide-tarteari buruz (AP8 eta A8). 57 kilometroko tarte hori lehenengo korridore kooperatiboa izango da. Proiektu honek bi helburu dauzka. Batetik, Bizkaiko errepide-sareak errepideko trafikorako I+G proiektuak erakartzeko eta probatzeko erabiliko da. Bestetik, teknologia hori Aldundiak errepideak kudeatzeko erabiltzen duen sisteman txertatuko da, eta zerbitzu praktikoa emango die errepide-sarea darabilten herritarrei.

Zementua eta teknologia errepidean seguruago eta modu jasangarriagoan ibiltzeko. Akordio honi esker jauzi kualitatiboa egingo dugu eta Bizkaiko errepideak etorkizunerako prestatzen hasiko gara. Geroz eta ibilgailu gehiagok datuak, informazioa, bidaltzeko eta jasotzeko teknologia dute. Etorkizunean ibilgailuek berek hartuko dituzte erabakiak, kontrol-zentroetatik heltzen zaien informazioaren arabera. Eta nola iritsiko da informazioa kontrol-zentroetara? Horretarako errepideetan sentsoreak eta teknologia ipini behar dira; errepideak digitalizatu behar dira. Beraz, informazioa ez da gidarientzat bakarrik izango. Ibilgailuak ere jasoko du informazioa. Aurrera ari gara egiten gidari-lanaren automatizazioan eta trafikoaren autoerregulazioan, adierazi du Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko diputatuak.

Proiektu honi esker ekimen guztietan geure buruari ipintzen diogun helburu nagusia beteko dugu: enpresa-ehuna sustatu eta bultzatuko dugu, eta teknologiaren bidez negozio-aukerak sortuko ditugu enpresentzat, lehiakorragoak izan daitezen. Hain zuzen ere, negozio-aukerak sortuko ditugu ibilgailuen trafikoaren eta azpiegituren arloetako enpresentzat: eraikuntzako materialak eta produktuak fabrikatzen dituztenak, elementu elektronikoak eta komunikazio-elementuak (balizak...) egiten dituztenak, eta ibilgailu barruko elementuak egiten dituztenak, batzuk aipatzearren, adierazi du Tecnaliako lehendakariak.

Sareko errepideetan sentsoreak jartzea eta aplikazio praktikoak

Proiektu honetan, hasieran komunikazio kooperatiborako 50 baliza (road side unit) ipiniko dira autobide-tarteko 57 kilometroetan; baliza horien bidez ibilgailuek eta kontrol-zentroek informazioa trukatu ahal izango dute. Probak egiteko, teknologia kooperatiboa ipiniko da ibilgailu batzuetan, eta horrez gainera 5 kamera adimendun eta 135 sentsore ere erabiliko dira.

Euskadiko, Estatuko eta Europako ibilgailu-trafikoaren eta azpiegituren arloetako enpresekin I+G+b ekimenetan lankidetzan jardunez bildutako esperientzia eta ezagutza guztiak ipiniko ditugu proiektu honetan. Azpiegitura berezi honen bidez trafiko kooperatiboaren, ibilgailu autonomoen, ibilgailu elektrikoen eta errepide seguru eta konektatuen arloetako teknologiak erabili eta probatu ahal izango ditugu, zehaztu du Alex Belausteguik.

2023an, korridore kooperatibotik dabiltzan ibilgailuek informazio zehatza jaso ahal izango dute hainbat inguruabarri buruz denbora errealean, datuak jasotzeko teknologia edukiz gero: eguraldia, istripuak, obrak, auto-pilaketak, oztopoak galtzadan, abiadura-muga, arriskuak, eta seinaleen monitorizazioa. Honelako zerbitzuak ematen dituzten aplikazioak hirugarrenek eginak izan ohi dira. Sistema honetan, aldiz, informazioa sarea erabiltzen duten pertsona guztiek jasoko dute. Informazioa zuzen eta bitartekorik gabe jasoko da: errepidearen kudeatzaileak berak bidaliko ditu abisuak.

Pradalesek eta Belausteguik proiektu honek zenbait arlotan ekarriko dituen onurez hitz egin dute. Izan ere, gidarientzat oso tresna erabilgarria izateaz gainera, errepideko garraioa seguruagoa izango da, eta kontrol-zentroen kudeaketa eraginkorragoa, gorabeherak aldez aurretik aurreikusi eta denbora gehiagorekin hartu ahal izango baitituzte erabakiak.

Proiektu honi esker Bizkaiak konektatutako ibilgailuen trafikoarekin, ibilgailu elektrikoekin, ibilgailu autonomoen eta azpiegitura seguru eta konektatuekin lotutako ekosistema teknologikoa sortzen duten enpresak erakarriko ditu. Helburua da I+G+b proiektuak erakartzea, benetako autobide batean benetako soluzioak probatu eta homologatu nahi dituzten enpresekin aritzea, eta horrela sinergiak eta lankidetzak sortzea automozioaren sektorearen, eraikuntzaren sektorearen eta startup teknologikoen artean. Apustu praktikoa egiten dugu I+G+b-ren alde. Geure ekarpena egin nahi diogu berrikuntzaren ekosistemari, eta Lurraldearen eraldakuntza digitala bultzatu nahi dugu, garraioaren, energiaren eta eaikuntzaren sektoreetan.

Gainera, proiektua hau Europa 2020 proiektuaren ildotik doa, hau da, ekonomia adimendun eta jasangarrirako bidetik, espezializazio-estrategiak ezarriz berrikuntza disruptiboko proiektuak erakartzeko.


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...