2026(e)ko otsailakren 17(a) 10:23

2025eko zerga-bilketaren likidazioak 29,9 milioi euroko diru-sarrera dakarkie Bizkaiko udalerriei

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Gaur goizean, Finantzetako Lurralde Kontseiluak eman du jakitera zein izan diren 2025eko ekitaldiaren amaierako datuak, eta urrian aurreikusi eta iragarritako likidazio positiboa berretsi. Horrela, Udalkutxa funtsa eta Gizarte Zerbitzuen Foru Funtsaren (GZF) likidazioaren amaieran, Bizkaiko udalerrien aldeko 29,9 milioi euroko saldoa lortu da, 1.160.735.719 eurora iritsita, hau da, aurrekontuan jaso baino % 2,64 gehiago.

Bizkaiko Foru Aldundia, gaur

Dagoeneko behin betikoa den zifra hori Finantzetako Lurralde Kontseiluak funts horien likidaziorako egindako aurreikuspenetakoa baino 3 milioi euro handiagoa da; izan ere, urriko aurreikuspenetako zenbatespenetan, udalerrien aldeko saldoak 26,9 milioi eurokoa izan behar zuen.

Halaber, 2025ean, funts horien azken zenbatekoa 125,6 milioi euro handitu da, 2024ko amaierako likidazioaren aldean, hau da, % 12,13 gehiago.

Aldi baterako kargak

Horretaz gain, Finantzetako Lurralde Kontseiluak azaldu du zer-nolako emaitza izan duen Bizkaiko udalerrien partaidetzak Bizkaiko Lurralde Historikoari dagozkion kreditu- eta energia-entitateen aldi baterako kargetan.

Hain zuzen, partaidetza hori 171.568 euro dira, hau da, 2025eko maiatzeko eta abenduko kupoaren deskontu gisa jasotako zenbatekoaren % 39,66.

Zenbateko hori Bizkaiko udalerrien artean banatuko da 2026an.

Udalerrientzako diru-laguntzen foru-dekretu berriak

Azkenik, kontseilu horretan adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundiak laster onartuko dituela udalerrientzako dirulaguntzetarako bi dekretu: batetik, landa-bideak hobetzeko eta mantentzeko (5 milioi euro); bestetik, baserritar ekoizle-egileek parte hartzen duten elikagai-azoketako azpiegituretan jarduteko (500.000 euro). Bi dekretu horiek izapidetzen ari dira gaur egun.

Finantzetako Lurralde Kontseilua dela eta

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal-finantzaketaren banaketaz arduratzen dena; horrez gainera, Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du.

Kontseilua hamar kidek osatzen dute. Haietako bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira, eta gainerako bostak, berriz, EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartekoak. Aldundiaren izenean, hauek bertaratu dira: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatu Ager Izagirre, gaurko saioko kontseiluburua; Ogasun eta Finantzetako foru-diputatu Itxaso Berrojalbiz; Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko foru-diputatu Arantzazu Atucha; Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Carlos Alzaga, eta Ogasun eta Finantza Saileko Aholkularitzako eta Zerga Politikako zuzendariorde Gemma Martínez.

EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearen izenean, hauek bertaratu dira: Bilboko Udaleko zinegotzi Marta Ajuria; Abadiñoko alkate Mikel Urrutia; Ispasterko alkate Garbiñe Sáenz de Buruaga; Trapagarango alkate Miguel Angel Gómez, eta Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterain.