2016(e)ko uztailakren 05(a) 12:30

REMENTERIA: “AMETS AMERIKARRA ZILEGI DA EUSKADIRENTZAT”

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Washingtoneko bidaiaren balantzea egin du: “Estatu Batuetako ateak ireki ditugu maila guztietan. Enpresan, kulturan eta politikan”. Unai Rementeriak erakundeen arteko eta enpresekiko lankidetza azpimarratu du aukera berrien bilaketan. Smithsonian Folklife Festivalari buruz Rementeriak baieztatu egin du arrakasta edukitzen ari dela: “Milaka pertsona ari dira Washingtoneko gunetik igarotzen gu gehiago eta hobeto ezagutzeko. Harrituta geratzen dira gure kultura, gure izaera eta gure hizkuntzarekin”.

Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, baieztatu egin du Smithsonian FolkLife Festivalean parte hartzeko Washingtonera egin duen bidaiak eta, aldi berean, burutu den agenda ekonomikoak Estatu Batuetako ateak ireki dizkigutela hala maila kulturalean nola enpresarial eta politikoan. Euskal erakunde eta enpresen bileraz eta ekitaldiz beteta eta, aldi berean, estatu batuarren partaidetzarekin Washingtoneko National Mallen, Kapitoliotik Washingtonen monumenturaino dagoen zabaldegian, egiten ari den FolkLife Festivalaren partaide guztiekin, egin den astearen ostean burutu duen balantzearen atala da.

Bizkaiko Aldundiak eta Lurraldeko enpresek lankidetzan garatu duten agenda ekonomikoari dagokionez Unai Rementeriak ondokoa azpimarratu du: orain lehen ez genituen beste maila batzuetako kontaktuak ditugu. Baina, zintzoak izanda, hori ez da egun batetik bestera berez lortzen den zerbait eta orain lan egiten jarraitu behar dugu. Amets amerikarra zilegi Euskadirentzat.

Joan den astean bilerak egin ziren Energia eta Barne Sailetako gobernu federaleko agintariekin, eta baita Senatuko eta Maryland, Idaho eta Nevadako estatuetako eskuordeekin ere. Ildo horretatik, Ahaldun Nagusiak erakundeen eta enpresen arteko lankidetza gogorarazi du: Alderdi ekonomikoan erakundeen arteko eta enpresekiko lankidetza goraipatu eta eskertu nahi dut. Azkar joan nahi baduzu, zoaz bakarrik. Baina urrun iritsi nahi baduzu, laguntza behar duzu. Guk formula hori hautatu genuen eta enpresekin bat egiten dugu ahalegin horretan, azken finean enplegu eta aberastasun gehiago delako Bizkaiarentzat.

Rementeriak eskerrak eman dizkie Washingtonera joan diren enpresei euren lankidetzagatik eta egun hauetan milaka amerikarren artean euskal kultura azaltzen duen jaialdia egiteko babesletzagatik: Arrakasta handia lortzen ari den jaialdia da. Ezagutu egin gaituzte; hangoak eta hemengoak. Harrituta geratzen ari dira gure kulturarekin, gure izaerarekin eta gure hizkuntzarekin. Milaka pertsona Washingtoneko gunetik igarotzen ari dira gu gehiago eta hobeto ezagutzeko.

Ekitaldia oso jendetsua izan da eta, jaialdian parte hartu dutenen iritziz, erabat interesgarria. Baina, aldi berean, Rementeriak esan du bidaiako gertaera gogoangarrienetakoa Kapitolioko lorategietan Gernikako arbolaren kimua landatzea izan dela. Ahaldun Nagusiak gure askatasunaren sinboloa, herriarena, Estatu Batuen bihotzean egotea azpimarratu du.


Bideoak


Audioak