Ring barruan

#Soul tech

2023.10.25 Irakurketa denbora: 5 minutu

Yolanda Garagorri

Ilustrazioa: Laura Mimas

Jolas bat proposatzen dizut: har itzazu etxean dituzun lauzpabost artilezko eskularru eta jar itzazu guztiak eskuetan. Ez baduzu eskularrurik, hartu boxeoko eskularru batzuk eta jantzi itzazu.

Orain, saia zaitez eskuak edo, zehazki, hatzak mugitzen. Zaila da, ezta?

Nire burua aurkeztuko dizuet: Yolanda Garagorri Arregui naiz eta, orain dela 22 urte, endekapenezko gaixotasun bat diagnostikatu zidaten: Arnold Chiari gaitza. Horrez gain, siringomielia era badaukat. Bi gaixotasun horiek gero eta mugikortasun mugatuagoa izatea eragiten didate. Gaur egun, nire eskuek soilik % 1ean funtzionatzen dute. Badirudi boxeoko eskularruak betirako izango ditudala jantzirik. Guzti horri, belaunetara lotzen den uhal bat gehitu behar diogu. Horrela sentituko zenuke nire desgaitasuna nolakoa den.

Eskularruak jantzita dituzula, saia zaitez eguneroko lanak egiten: sagar bat jaten, komunera joaten edo orri batean sinatzen, adibidez. Imajina ezazu, eskularru horiekin gidatu behar izatea. Oraindik zailago jarriko dizut: zure ustez, zerbait ehuntzeko gai izango zinateke? Amaiera aurreratuko dizut: ziurrenik ez, ez zinateke gai izango.

Etengailu baten bidez argia piztu edo itzaltzea eguneroko kontu da jende arruntarentzat, baina ia ezinezkoa desgaitasuna duen pertsona batentzat. Batzuetan ezin delako aulkitik altxatu edo ez delako etengailuaren altuerara heltzen. Beste kasu batzuetan, hala nola nirean, altuera arazo bat ez den arren, ez dut etengailuari emateko indar nahikorik. Gehienetan, ordea, arrazoia honako hau izaten da: inguruan etengailuari noiz eman erabakitzen duen norbait izaten dugu, desgaitasuna duen pertsonaren iritzia kontuan izan gabe.

Ni Etxegoki izeneko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza-etxebizitza batean bizi naiz eta, horretan, dena automatizaturik dago. Control+ izeneko aplikazio bati esker, etxean dagoen guztiaren kontrola dugu: ateak, pertsianak, argiak… Janaria prestatzeko espazioa ere motorizaturik dago, eta gure beharren arabera igo edo jaitsi dezakegu.

Domotikak nire bizitza errazago, erosoago eta, batez ere, autonomoago egiten du. Oro har, alderdi horiek ez ditugu oso kontuan hartzen, ez baitugu benetako beharrik. Hala ere, gure gaitasun fisikoa gaixotasun batek (edo beste zerbaitek) mugatzen digunean, oso faktore garrantzitsua da, izan ere, ahaldundu egiten zaitu eta zure bizitzarekin zerikusia duten erabakiak hartzea ahalbidetzen du.

Nire ustez, teknologia ezinbestekoa da. Egunean 24 orduz erabiltzen dut, astean 7 egunez, eta orotariko gailu teknologikoak ditut etxean. Alexak, adibidez, diktaketaren bidez idazten laguntzen dit, Google Calendar aplikazioan hitzordu guztiak gordetzen ditut eta erosi beharrekoen zerrenda egiten laguntzen dit. Gainera, telebista ahozko agindu batekin piztu eta itzal dezaket, eta gauza bera egin dezaket ohe alboko lanparatxoarekin ere.

Era berean, teknologiak hobekuntzak ekarri ditu nire aisialdira, izan ere, ingeniaritzari esker, aulkidun surf-ohol bat daukat, surfean aritzeko aukera ematen didana. Aurten eskiatzen ere hasi naiz. Agian galdetuko duzu… gero zer? Egia esan, ez dakit. Produktu teknologikoak sortzen dituen norbait bazara, nirekin harremanetan jar zaitezke, ideia berriak eman edo esku artean duzun guztia probatuko baitut.

Hori da teknologiaren helburua, alegia, eguneroko arazoak sormenez eta praktikotasunez gainditzea. Ziurrenik, produktu teknologikoak sortzea konplexua da, baina inork ez du esan erraza izan behar duenik.

Era berean, azpimarratu nahi dut azken erabiltzaileak orotariko prototipoak probatzeko prest egon behar duela, azken produktua aurkitu arte, bizitzako esparru guztietarako soluzioak sortzeko.

Beraz, oraintxe bertan eskularruak kendu eta sortzen hasteko gonbidapena egiten dizut, nahiz eta batzuetan, beharbada irudituko zaizun zure lana alferrikakoa izan daitekeela. Ziurtatzen dizut ez dela hala. Benetako erronka hau da: zaila erraz bihurtzea, eta desgaitasuna duten pertsonek ditugun muga fisikoak desagerrarazteko modu bat da. Ahaztu gabe, hala ere, giza tratua ere ezinbestekoa dela.

Etiketak

  • #emprendimiento
  • #cocreación
  • #ciencia
  • #colaboración
  • #democratización
  • #futuro
  • #discapacidad

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko