“Metabertsoa, dagoeneko eraldatu eta birmoldatu dugun mundua da” - Roberto Romero

#Soul tech

2023.04.27 Irakurketa denbora: 10 minutu

Argitalpen taldea Roberto Romeroren laguntzarekin

Ilustrazioa: Malen Pazos

Goonies ospetsuen kamiseta jantzita eta errealitate birtualeko aginteak eskuan dituela. Roberto Romero, bideo jokoak oso gustuko dituen 80. hamarkadako umea da, bere betiko pasioa lana bihurtzeko gauza izan den pertsona bat. Accenture Songeko metabertso taldeko sormen-zuzendari teknologiko bezala, bere egitekoa mundu berri hau jendearengana hurbiltzea da, formula magiko bat baliatuz: teknologia eta sormenaren arteko fusioa. Berarekin hitz egin dugu bere atzean dagoen guztia ezagutu eta metabertsoari buruz duen iritzia ulertzeko.

Orain dela gutxi, Forbeseko Espainiako 100 pertsona sortzaileenen zerrendan sartu zara, negozioen munduari dagokionez. Zer esan nahi du zuretzat zerrenda honetan egoteak?

Azken 24 urteetan egindako ahaleginaren eta gogoaren ondorio dela pentsatu nahi dut, oso gustuko baitut eduki digitalak sortzea eta horretara bideratu baitut nire ibilbide profesionala. 18 urte baino gutxiagorekin egin nuen nire lehen proiektu komertzialetik, nire ametsak egi bihurtzeko sortu ditudan enpresa guztietara, helburua beti izan da hori. Munduan arrastoa utzi nahi izan dut, eta nire edukiei ikusgaitasuna eman nahi izateaz gain, jendea entretenitu nahi dut, teknologia beren eskura jarrita, beti ere. Uste dut aurreko honen guztiaren emaitza izan dela.

Nola heldu zinen sormen-zuzendari teknologikoa izatera? Nola uste duzu lotzen direla sormena eta teknologia?

Nire ustez, bi hauek bereizezinak dira, bata bestearentzat eginak daude. Nire ibilbidea, 2D animazioa egiten hasi zen, gero 3D egitera pasatu nintzen eta zinema digitala, efektu bisualak eta bideo jokoekin lanean ere aritu nintzen. Sormenarekin eta teknologiarekin zerikusia duen guztiaren ikuspegi holistikoago horrek ekarri nau orain nagoen lekura. Sormen-zuzendari teknologikoaren etiketa, medio anitzeko proiektuak zuzentzearen ondorioz heldu zait. Medio horiek, ekitaldi fisikoetako pantailetatik hasi eta errealitate birtual edo areagoturaino heltzen dira.

Sormena eta teknologia eskutik helduta doaz, batak bestera eramango zaitu beti. Sormenak teknologiaren beharra du dena errazagoa eta erabilgarriagoa izan dadin. Erabiltzailearen aurrean, teknologia magiaren antzekoa da, ikusezina izan behar du. Erabiltzaile bezala teknologia erabilerraza dela uste baduzu, atzean magia pixka bat erabili delako da. Ondo ulertarazten dizut nola funtzionatzen duen, zertarako balio duen eta prozesua sinplifikatzen dizut; hori da, azken batean, teknologia gizarteari hurbilaraztea. Hau, nire sormen-prozesuaren zati garrantzitsu bat da. Gero, noski, teknologia horrek gainetik botatzen den kapa baten beharra du, polita izan dadin. Gizakiak oso bisualak gara, izan ere, begietatik sartzen zaigu dena. Belarriak ere asko eragiten digu, ordea: eduki murgiltzaileen inguruan lan asko egiten dut, eta hauetan, soinuak %50ko garrantzia du esperientziari dagokionean.

Zure sormena aske uzteko aukera al duzu Accenturen?

Bai, bertan, diziplina eta kultura anitzeko eta sormen handiko talde batekin egin nuen topo. Proiektuak gauzatzeko beharrezko profil guztiak ditugu taldean, artistak, teknikoak, ingeniariak… Oso eroso sentitzen naiz bertan, agian nire ekintzaile espirituagatik edo proiektuak aurrera eramateko dudan moduagatik izango da. Egitura honek sormenez betetako proiektuak burutzea ahalbidetzen dit, eta horrez gain, bezeroei gure ikuspuntua emateko aukera ematen dit, teknologia beren egunerokotasunean erabiltzeko aurrerapausoak emanez. Oso gogoko dut hori. Gainera, hemen, proiektu izugarriak egiteko aukera dut, benetako eragina dutenak. Hori izan da nire asmoa orain arte egin dudan ibilbide osoan zehar.

Zure lan-taldea, metabertsora bideratuta dago. Metabertsoaren aditutzat jotzen al duzu zure burua? Edo ez dago munduan metabertsoan aditurik kontzeptua oraindik existitzen ez delako?

Oraindik existitzen ez dela esatea ez da guztiz egokia. Metabertsoak bi esanahi ditu gaur egun, eta lehenak, marketinarekin zerikusi handia du. Metaverse Continuum Business Group taldearen (industriaren beharrei erantzuteko Accenturen sortu genuen taldea) ustez, metabertsoa, une berean dauden teknologia anitzen batura da. Teknologia horien benetako esanahia, ordea, Interneten hurrengo bilakaera da.

Internet, telekomunikazio sare handi bat da eta teknologiaren bidez, edukiak eta interakzioak sortzea ahalbideratzen digu aisialdirako edo ekoizpenerako tresnak baliatuz. Metabertsoa Interneten hurrengo eboluzioa da, eta bertan, askotariko teknologiak batzen dira: adimen artifiziala, gauzen Interneta, edge computing, blockchain, erralitate birtuala eta errealitate areagotua, besteak beste. Teknologia horien baturari deitzen diogu gaur egun metabertso. Horregatik uste dut, “metabertsoaren aditu” terminoa, “Internetaren aditu” esatearen baliokidea dela. Izan al zaitezke aditu Interneten? Bai, baina, Internetaren zein alderditan?

Metabertso hitzak esanahi asko ditu, eta horren ondorioz, gure misioa honi buruz hitz egokiak erabilita hitz egitea da, inori iruzurrik ez egiteko. Metabertsoa ez da ingurune birtual bat, ez da plataforma bat, ez dira errealitate birtualeko betaurreko batzuk. Edukiak sortzea ahalbideratzen digun teknologia horien batura da.

Jendeari iruzur ez egiteko, bada askotan errepikatzen duzun ideia bat. Zure ustez, “metabertsoak ez dira existitzen”. Azalduko diguzu, mesedez?

Bai, aipu zehatza hurrengoa da: “Metabertsoak ez dira existitzen, bakarrik metabertso bat dago; existitzen direnak, ordea, metabertsoaren barnean dauden plataforma ezberdinak dira”. Honelako baieztapenetara bideratzen dut nire elkarrizketa beti. Azken batean, nire helburuetako bat jendeak edozeri metabertso deitzeari uztea da. Askotan, nire taldearekin izaten ditudan bileretan, metabertso hitza ez erabiltzeko eskatzen diet, ea gai diren ikusteko. Termino honek zalantza asko pizten dizkio bezeroari edota horri buruz asko ez dakien jendeari. Bezero batzuk, “nire metabertso propioa sortu nahi dut” esaten digute, eta gure erantzuna beti berdina izan ohi da: ez, ezin dezakezu zure Internet propioa sortu. Zure plataforma, zure jolasa edota zure ingurunea sortu dezakezu, beti ere, metabertsoaren barruan.

90. hamarkadan, Internetak arrakastarik izango ez zuela uste zuen jendea zegoen, Internet hori moda bat zela pentsatzen zutenak. Metabertsoarekin hori gertatzen ari dela uste al duzu?

Bai, baina ez da harritzekoa. Zerbait berria denean, gizakiok normalean gutxietsi egiten dugu, gure arauen barruan sartzen da. Gizakiok, teknologiak ez bezala, ezin dezakegu hain erraz eboluzionatu, oso linealak gara. Asko kostatzen zaigu aldaketak onartzea eta beraietara egokitzea, gehienbat aldaketa horiek ulertzen ez ditugunean.

Lehen erantzuna beti da gaitzestea, eta hau, historian zehar zerbait berria egin den bakoitzean hala izan da. Teknologiak, ordea, aurrerapauso handiak egin ditu azken urteotan (batez ere, pandemiaren ondorioz), eta espero genuena baino ia hamar urte lehenago bizitzen ari gara aurrerapen hauek.

Abangoardiako teknologia asko oso bizkor doaz aurrera, eta profesional asko prestatzen ari gara eskariari aurre egiteko. Horrez gain, tresna, plataforma eta eduki asko sortzen ari gara, eta horren ondorioz, publiko orokorrak mundu hau ezagutzea askoz errazagoa izango da. Nola ez, publikoak esan dezake “ez, baina nik ez dut nahi betirako mundu birtual batean sartuta egon, ez ditut betaurreko horiek eraman nahi eta ez dut egun guztia hologramak ikusten egon nahi” edo “ez dut inork ni non nagoen jakiterik nahi…”. Hemen, etikaren, adimen artifizialaren eta pribatutasunaren eztabaidan sartzen gara. Berrikuntzan, tresna berrietan eta teknologian oinarritu beharko gara eztabaida bideratzeko. Nola aurkeztuko diogu jendeari teknologia berri hau? Zein formatutan? Nola lagunduko diegu gobernuei honen inguruko legeak egiten? Eztabaida dagoeneko piztu da, eta zalantzarik gabe, zirraragarria da.

Accenturen, enpresei mundu honetan murgiltzen laguntzen diezue. Metabertsoa mundu guztiarentzat al da?

Bai, den-denontzat. 2007an, lehen iPhonaren irteerarekin, soilik ordenagailuaren aurrean egotetik 24 ordu konektaturik egotera pasatu ginen, guztiz aldatu zen dena. Momentu horretan, enpresa askok gerorako utzi zuten iraultza hori: “aurreratuago dagoenean sartuko naiz, aurkituko dut nire komunitatea beranduago”, esaten zuten. Baina frogatu zen geroago hori ez zela ideia ona izan. Burtsan emaitza onak dituzten enpresa handiak, momentu horretan buru izatea lortu zuten enpresak izan dira, eta azken bi hamarkadetako enpresa teknologiko handiak horren adibide dira. ETEek ere aurrerapen handia ikusi zuten beraien emaitzetan, mundu guztiarentzat eskuragarri jarri zirelako: negozio txiki eta tokikoak mundu-mailara iristea lortu zuten. Accenturen, gure helburua enpresei teknologia-iraultza honen esanahia erakustea da, eta bereziki, nola atera diezaioketen aldea lehiakideei berrikuntza hauek erabiliz.

Momentu honetan, lidergoa lortu nahi duten enpresen adibide asko daude, esaterako Meta edo Microsoft, non beraien helburu nagusia dirua poltsikoratzea den. Metabertsora sartzeko, enpresa hauek sortutako tresnak beharrezkoak dira, ordaindu egin behar dituzu eta datuak partekatu behar dituzu. Ez litzateke egokia izango, horietatik kanpo, zerbitzu publikoren bat izatea?

Dagoeneko badago horrelakorik. Metabertsoa ez da Meta edo Microsoft, ez dira enpresa teknologiko handiak. Lehenago esan bezala, metabertsoa Internet da. Sare handien barruan, estandar batzuk daude: orain arte ere, Interneten HTML estandarren bitartez, edozeinek bere web orrialdea sortu eta hedatu zezakeen, eta era berean, metabertsoarekin berdina gertatzen da.

Estandarren arteko trantsizio batean gaude, etorkizuneko metabertsoaren eta Interneten estandarrak eraikitzen ari gara. Gure helburua, estandar horiek irekiak, askeak eta eskuragarriak izatea da, mundu guztiak gozatu ahal izateko. Horietaz gain, aurretik aipatutako enpresek sortuko dituzten plataformak egongo dira eta datuen trukean doako zerbitzuak eskainiko dizkigute. Internetek “dena doan” delako etiketa bat izan du betidanik, kaltegarria, nire ustez. Ezer ez da doan, denak du bere prezioa. Gmail kontu bat daukagu kontratu bat sinatzen dugulako eta gure mezuen zenbateko bat irakurri dezaketelako eta Facebookeko kontu bat daukagu gure pribatutasunaren jaun eta jabe direlako. Azken batean, gure burua dirutzat erabiltzen ari gara zerbitzu horiek doakoak direla uste dugun bitartean. Ez da horrela, ordea.

Internet askea da, estandarretan oinarriturik dago eta mundu guztiak du bertan sartzeko eskubidea. Oinarri hauek mantendu beharra daukagu komunikazio-sare honen onerako, bestela, ez litzateke Internetik egongo. Metabertsoa horren bilakaera baino ez da, estandar batzuk izango ditu eta askea izango da. Bertan, nahi duen edonork, nahi duen plataforma edo zerbitzuak eskaini ahalko ditu.

Diruaren gaia dela eta, Beeplen NFT bat, 69 milioigatik saldu berri da. Zein da zure iritzia NFTei buruz? Zein balio dutela uste duzu?

Beeple, 3Darekin lan egiten duen artista bat da, eta urtebetez, egunero irudi bat sortzen aritu zen. Irudi horien bilduma enkantean jarri zuen, Sotheby’sen artelanak finantzatzen diren moduan. NFTa, sorkuntza digitalak babesteko balorea baino ez da, eta ez soilik sorkuntza artistiko digitalak, sistema hau beste hainbat gauzarako erabiltzen ari gara, adibidez, luxuzko markek eskaintzen dituzten ordainsarientzat. Tresna bat baino ez da, eta ematen zaion balioa, ordezkatzen duten elementuen berezko balioa da. Balio hori erosi berri ditudan Nike zapatilena izan daiteke, eta zapatila horiek nireak direla esan nahi du.

Objektu fisikoen merkatua ere asko hazten ari da azken aldian. Jendeak zapatilen edo beste item batzuen bilduma egiten du, eta azken batean, jabetza hori, zurea dela ziurtatzen duen NFT bat izateak, objektuen balorearen merkatuari erreminta bat baino ez dio gehitzen. Etika aldetik zalantza sortzea eta NFT batzuengatik diru asko ordaindu beharra egotea, pertsonen iritziaren araberakoa da. Artearekin eta antzeko aktiboekin beti gertatu izan den fenomenoa da ordea, zerbait naturala da. Hala ere, ez dago zalantzarik: NFTak oso erreminta ona dira, eta gehienbat, atzetik duten teknologia da ona, blockchain, alegia. Oraindik imajinaezinak zaizkigun erabilerak izango ditu teknologia horrek.

Interneten, gauzak ikasteaz gain, zure mezua munduari igorri diezaiokezu. Twitchen egiten diren streamingak arruntak dira orain, eta pertsonak, edukiak sortzetik eta mundu birtualetatik bizitzeko gaitasuna dute. Nola ikusten dituzu zuk kode berri horiek?

Bueno, lehen esan bezala, 2007tik aurrera erlazionatzeko moduak guztiz aldatu zitzaizkigun, eta eduki-sortzaileen hasiera, hain zuzen ere, garai horretan izan zen. Nire ustez, mundua elkartzeko oso modu ona da. Nahiz eta 2022an egon, gauza batzuetarako, badirudi XX. mendean gaudela oraindik, eta.

Dibertsitatea besarkatu beharra daukagu, izan ere, munduan zehar pertsona eta kultura mota asko daude, eta batura honek, munduko askotariko pertsonekin lan egiteak, profesional bezala asko aberasteaz gain, orain arte posible ez zen testuinguru bat ematen digu. Oso garrantzitsua da globalizazio hau modu positiboan ikustea. Azken batean, horrek ematen digun aukera bat da. Sortzeko eta partekatzeko joera hori jendearen pentsaera aldatzeko bultzada baino ez da.

Gazteek, teknologiarekin jaio zirenek, alegia, mundu horretan profesional izateko abantaila daukate. Zure ustez, zertan izan behar dira aditu besteen gainetik nabarmentzeko?

Esan bezala, metabertsoa oso kontzeptu irekia da. Ingeniariak, matematikariak, filosofoak, artistak etab. behar ditugu. Eraldatu eta birmoldatu dugun mundua da. Ezagutza beharrezkoa da edozertarako. Filosofoak behar ditugu etikan pentsatzeko eta adimen artifizialari dagozkion algoritmoak modu egokian sortzeko. Ingeniariak behar ditugu haririk gabeko telekomunikazio sare berriak sortzeko. Artistak behar ditugu interfaze, entretenimendu eta eduki informatiboa hedatzeko, erakargarria eta kontsumitzeko erraza izan dadin. Profil guztiak behar ditugu.

Lanbide asko, eraldatu egingo dira. Auto automatikoekin, adibidez, uste dut etorkizunean ez dugula gidaririk beharko. Hala ere, norbait beharko dugu auto horiek kontrola ditzan. Ingeniariak, gidariak, kudeatzaileak, etab. beharko ditugu zerbitzu guztiak ondo funtziona dezaten. Azkenean, uste dut pertsonen denbora librea berrikuntzaren bitartez optimizatzea bilatzen duen gizarte baterantz goazela, eta hau, sektore guztietan izango dela garrantzitsua.

Profil guztiak behar izango badira, gakoa zure nahia jarraitzea al da?

Bai. Pertsona bakoitzak askotariko gaitasunak eta nahiak ditu, norbait izatera heltzeko gogoa ere hor dago. Uste dut jendeak bere grina aurkitu beharra duela, eta grina horiek mugaraino eraman. Ni, zoritxarrez edo zorionez, bideo jokoekin edo 3D animazioarekin lotutako ikasketarik ez zegoen garaian jaio nintzen. Hala ere, oso argi neukan zer gustatzen zitzaidan eta mugaraino eraman nuen nire grina, ez zitzaidan axola horri buruzko ikasketarik ez egotea.

Gainera, uste dut garrantzitsua dela hezkuntza-sistema gaur egun daukan ikuspuntutik aldentzea, pasioak sustatzeko ahalegin bat egitea. Gaur egun, teknologia oso garrantzitsua da, baina beste diziplina guztiak ere izugarrizko garrantzia dute. Gure helburua, gazteek beraien ametsak hurbiletik jarraitzea izan beharko litzateke.

Etiketak

  • #cultura
  • #ciencia
  • #futuro
  • #arte
  • #metaverso

Gehiago kuxkuxeatu nahi izanez gero…

Lerratu gehiago erakusteko