2024ko Maiatzaren 07a

Sestaok maiatzaren 13tik 18ra ospatuko du adineko aktiboentzako astea

Adineko Aktiboentzako Astea, haien parte hartze sozialari eta zahartze aktibo eta osasungarriari laguntzeko helburuarekin.

Iturria: Sestaoko Udala

Jesús Amenedo Sestaoko Udaleko Kiroletako zinegotziak, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari nagusiak eta Óscar Vázquez Pedrosa Barakaldo-Sestao ESIko erizainak datorren astean, maiatzaren 13tik 18ra, egingo den Adineko Aktiboentzako Astearen zazpigarren edizioa aurkeztu dute.

Senior kirolarekiko hitzordu hori Sestaoko kirol-programaziora itzuliko da, bost ureteren ondoren; izan ere, pandemiaz geroztik, ez zen berriz antolatu bere hasieratik urterokoa zen ekitaldi hau.

Gobernu Taldearentzat eta, bereziki, Kirol arloarentzat pozgarria da berriz ere Adineko Aktiboen Astea antolatu ahal izatea. Legegintzaldi honetarako genituen erronketako bat zen, eta pozik gaude dagoeneko abian jarri izanarekin, adierazi du zinegotziak ekitaldiaren aurkezpenean.

Jesús Amenedok gogorarazi du Sestaoko Udalaren lan-ardatzetako bat adinekoen ongizatea dela; horregatik, Sestaoko Udalak uste du jarduera fisikoa funtsezkoa dela kolektibo horrentzat. Kirolaren bidez, intentsitate arinez eginda ere, adinekoek autonomia luzatzea eta osasun fisiko eta mental hobea izatea lor dezakegu. Azken batean, helburua haien bizi-kalitatea hobetzea da, azaldu du arduradun politikoak.

Programa honek zahartze aktiboari heltzen dio xede duen publikoaren interesekoak diren hainbat ikuspegitatik; horregatik, programa globala da, adinekoentzat ez ezik, zaintzaileentzat, kirol-instalazioen kudeatzaileentzat eta kirol-monitoreentzat ere interesgarria dena.

Egitasmoa erakundeen arteko lanaren adibide argia ere bada; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza erakunde garrantzitsuak lankidetzan aritu baitira Udalarekin ekitaldia antolatzen.

Oraingoan, adinekoei zuzendutako programazioaren barruan, hainbat jarduera egingo dira, hala nola hirugarren adineko sexualitateari buruzko prestakuntza jardunaldi bat, erorikoak saihesteko tailer bat, edozein adinetan jokatu daitekeen disc-golf kirolaren hastapen-jardunaldi bat eta, azkenik, defentsa pertsonaleko tailer bat.

Bestalde, aktibo dauden adineko pertsonentzako asteko programazioaren esparruan, Sestaok bi prestakuntza-jardunaldi egingo ditu jarduera fisikoaren profesionalei bereziki zuzenduta. Maiatzaren 16an, osteguna, 10:00etatik 14:00etara "Ariketa fisikoa eta burmuina" formakuntza jardunaldia egingo da. Hurrengo egunean, maiatzaren 17an, ostirala, 10:00etatik 13:30era, "Bizkarreko min kronikoa eta mugimendua" izeneko bigarren prestakuntza-jardunaldia egingo da.

Maiatzaren 18an (larunbata) egingo da Asteko ekitaldi nagusia: Adineko Pertsona Aktiboentzako seigarren Kirol Topaketa. Sestaoko eta inguruko zortzi kiroldegitik gorako gimnasia-taldeak elkartuko dira lagunarteko giroan kirol-jardunaldi batez gozatzeko. Topaketan Santurtzi, Kabiezes, Getxo, Leioa, Erandio, Astrabudua, Basauri eta Sestaoko adinekoek hartuko dute parte. Guztira, 240 pertsona inguru bilduko dira.

Programaren abiapuntua adinekoen talde guztiei Kasko plazan egingo zaien harrera izango da eta, ondoren hasiko dira Las Llanas kiroldegian egitekoak diren spinning- eta pilates-tailerrak eta Euskal Dantzak.

Bazkaltzeko etenaldiaren ondoren, taldeak San Pedro plazara joango dira eta goizean ikasi dituzten koreografien erakustaldia bertan egin ostean, dantzaldi batekin amaituko dute eguna.

Barakaldo-Sestao ESIko Óscar Vázquez Pedrosa jaunak, bere aldetik, aurkezpenean adierazi duenez, pozgarria zaio herritarrekin elkartzeko gune horiei berriz ekitea, bertan dibertitu, ikasi eta ariketa fisikoa egiten jarraitzeko motibazioa aurkituko baitugu.

Azkenik, Carlos Sergio Achoteguik gogorarazi duenez, ukaezina da medikuntzak gero eta urte gehiago ematen dizkiola bizitzari, baina egia da, halaber, kirol-jarduera erregularrak ere urteei bizitasuna ematen diela. Horregatik, Bizkaian Pertsona Nagusi Aktiboentzako Astearen gisako ekimenak bultzatzen jarraitzearen alde agertu da.

Argazkia eta albiste osoa www.sestao.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA