2023ko Abenduaren 28a

Ez galdu Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024ko kirol-beka edo -dirulaguntzarik!

1) Bizkaiko kirolarientzako foru-dirulaguntzak; 2) Bizkaiko Lurralde Historikoan kirol-lehiaketa federatuak antolatzeko foru-dirulaguntzak; 3) Bizkaiko kirol-teknikarien formakuntzarako bekak.

BIZKAIKO KIROLARIAK

Bizkaiko Foru Aldundiak nazioarteko kirol-probetan edo tituluak lortzeko lehiaketetan parte hartzen duten Bizkaiko kirolarientzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu, baldin eta lehiaketa horiek 2023ko azaroaren 27tik 2024ko azaroaren 25era bitartean egiten badira eta tituluak lortzeko balio badute, tituluak lortzeko puntuak ematen badituzte edo goi-mailako lehiaketetarako sailkatzeko badira.

Kirola bultzatzeko eta Bizkaiko kirolariei goi-mailako lehiaketetan laguntzeko, Foru Aldundiak 105.000 euro esleitu ditu.

Aldundiak konpromiso bikoitza du Bizkaian kalitatezko kirol-ekitaldiak sustatzeko eta estatuan eta nazioartean lehiatzen diren kirolariei zuzenean babesa emateko.

Era berean, ekimen honen helburua da kirolariek nazioarteko lehiaketetan, tituluak ematen dituzten ekitaldietan, tituluak lortzeko puntuatzen dutenetan edo goragoko maila eta garrantziko lehiaketetarako sailkapen-probetan parte har dezaten erraztea. Zati batean finantzatu nahi dira 2023ko azaroaren 27tik 2024ko azaroaren 25era bitartean egiten diren probetan banaka edo taldean lehiatzen diren Bizkaiko kirolarien gastuak.

Neurri honen helburua Bizkaiko kirolariek eliteko lehiaketetan parte hartzea erraztea da, kirolari horien garapena babestuz eta nazioartean aurrera egiten lagunduz, era berean Aldundiak lurraldean kirola hazteko eta sustatzeko duen konpromisoa berretsiz.

Beka-eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuaren bulegoetan (Errekalde zumarkalea 30, 1.a, Bilbo) edo Foru Erakundearen Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dira.

Bizkaiko kirolarientzako dirulaguntzen eskaera egiteko epea 2024ko abenduaren 2ra arte egongo da zabalik.

KIROL LEHIAKETA FEDERATUAK

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024an Bizkaiko Lurralde Historikoan klub eta kirol-erakundeek kirol-lehiaketa federatuak antolatzen laguntzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu.

Foru Aldundiak 410.000 euroko inbertsioa egin du Bizkaiko kirol-lehiaketa federatuetan maila hobea eta egokiagoa sustatzeko asmoz. Finantza-babes honen helburua hainbat kirol-diziplinatan lehia-maila handitzea eta lurraldeko kirolzaleentzat erakargarri bihurtzea da.

Foru Aldundiak berretsi egiten du Bizkaiarentzat interesgarriak diren kirol-lehiaketa federatuak babesteko beti izan duen konpromisoa, bai kirola egitea bai horren zabalkundea sustatuz.

Horrela, ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko kirol-panorama indartzeko duen etengabeko konpromisoa islatzen du, kirol-garapenean eta lurraldean zaleak erakartzen laguntzen duten lehiaketa federatuei laguntza emanez.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 1etik 29ra izango da, biak barne. Dirulaguntzaren eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuaren bulegoetan (Errekalde zumarkalea 30, 1.a, Bilbo) edo Foru Erakundearen Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dira.

KIROL-TEKNIKARIAK

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko kirol-klub eta -elkarteetako teknikarien prestakuntza-maila hobetu beharra ikusi duenez, interes publikokotzat jotzen du kirol-arlorako eta, kirolarien errendimendua hobetzeko, egokitzat jotzen du kirol-teknikarien prestakuntza eta kualifikazio-maila sustatzea

145.000 euroko inbertsioarekin Foru Erakundeak sarbide-probaren eta kirol-irakaskuntzen matrikula-gastuak finantzatu nahi ditu, bai araubide berezikoak, bai trantsizio-aldikoak. Gainera  eskola-kiroleko begirale laguntzaileen irakaskuntzak ere sartzen dira, betiere aipatutako aldian gainditu badira.

Ekimen honen alderdi nabarmenetako bat prestaketan eta aplikazioan genero-ikuspegia txertatzea da. Bizkaiko Foru Aldundiak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetan eta eraginkortasunez lortzeko konpromisoaren ildotik, prozesuaren funtsezko zati moduan integratu du ikuspegi hau. Ildo horretatik 2022an kirol-teknikariak prestatzeko beken deialdiari erantzuteari dagokionez % 100 baino gehiago igo da emakume eskatzaileen kopurua.

Ekimen honekin Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du kirola eta kirol-espiritua sustatzeko konpromisoa, arreta berezia ume eta gazteengan jarriz.  Erakundeak aktiboki bilatzen du maila guztietako kirol-lehiaketak eta -jarduerak sustatzea eta koordinatzea, horrela kirolak gizartean duen presentzia aktiboa sendotuz eta kirolarekiko zaletasuna sustatuz.

Beka-eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuaren bulegoetan (Errekalde zumarkalea 30, 1.a, Bilbo) edo Foru Erakundearen Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dira.

Bizkaiko kirol-prestakuntza gainditu duten teknikarien beketarako eskabideak aurkezteko epea 2024ko irailaren 20ra arte egongo da zabalik.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA