AA, BERRIKUNTZA ETA APPAK

2023ko Otsailaren 17a

BESTE BATZUK

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko eskola-kirol eskaintza osoa biltzen duen aplikazio bat kaleratu du

Estaka hauen bidez, Android edo iOS sistema eragiletarako "Bizkaia Eskola Kirola" app-a deskarga dezakezu.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Lorea Bilbaok, gaur goizean aurkeztu du "Bizkaia Eskola Kirola" aplikazio berria, zeina topaleku birtual gisa sortu baita, izen bereko programaren kudeaketa errazteko. Aplikazio honek Bizkaiko eskola-kirolarien senideak jartzen ditu erdigunean eta, hilabete gutxi batzuk barru, Eskola Kiroleko teknikarien profiletan ere jarriko du arreta. Aurkezpenean Alberto Serrano ASFEDEBIko presidentea eta Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendaria ere izan dira.

Lorea Bilbaok azpimarratu duenez, aplikazio honi esker aurrerapauso bat eman dugu familiei zuzendutako kirolaren kudeaketan; halaber, tresna berritzaile honek balio erantsia ekarriko die eskola-kirolaren programa garatzen duten Bizkaiko kirol-federazioei.

Aplikazioa bi eremu handitan egituratuta dago: lehiaketak eta Eskola-kirolari buruzko informazioa. Alde batetik, eskola-kiroleko lehiaketa guztiei buruzko informazioa ematen da: tokia, ordua, egutegiak, kirol-espazioetara iristeko jarraibideak, lehiaketen emaitzak, kirol bakoitzaren sare sozialetarako sarbidea... Hori guztia modu integratu batean eskaintzen da, hau da, kirol-jarduera bat baino gehiago jarraitzen dutenek lehiaketa-ekitaldi guztiak egutegi bakar batean izango dituzte eskura, eta, besteak beste, aukera izango dute informazioa partekatzeko eta egutegian ekitaldiak gehitzeko.

Egutegiak integratu ahal izateko, programa informatikoak armonizatu eta sinkronizatzeko lana egin da; era berean, lehiaketa-jardueretan parte hartzen duten Bizkaiko kirol-federazioen lana ere ezinbestekoa izan da. Lan horri esker, Aldundiak aurrera egin ahal izan du eskola-kirolean inplikatutako eragileen kudeaketa errazteko garapen teknologiko honetan.

Aplikazio honek eskainiko duen beste funtzionaltasun-eremu bat Eskola-kirolaren informazioa dugu; eremu horretan eskainitako funtzionaltasunen artean, eskola-kirolaren mapa nabarmentzekoa da. Horri esker, erabiltzaileek eskura izango dituzte eskola-kirolaren diziplina eta modalitate guztien kokapena, helbidea eta harremanetarako telefonoa, eta errazagoa izango da kirol jakin bat praktikatzeko tokia eta erakundeak bilatzea. Esparru horretan, informazio eta jakinarazpen interesgarriak eskuratu ahal izango dira, besteak beste, jardunaldiak bertan behera uzteari buruzkoak eta Eskola Kirola programarekin zerikusia duten beste kontu batzuei buruzkoak; gainera "gurasoentzako eskola-kirolaren gakoei" buruzko prestakuntza-pilula kontsultatu ahal izango da.

Hala, aplikazio hau, hasiera batean, lehiaketa-jardueretan parte hartzen duten Bizkaiko 38.000 eskola-kirolarien senideei eta jarraitzaileei zuzenduta dago.

Aldundiaren eta Bizkaiko kirol-federazioen arteko lanaz eta koordinazioaz gain, aplikazio honek BBKren laguntza jaso du, eta Aldundiak eskerrak eman nahi dizkio proiektu honetan parte hartzeagatik.

Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, azpimarratu duenez, ekimen berri hau babestuz, teknologiak eskaintzen dizkigun baliabideez baliatu nahi dugu gure lurraldeko kirol-esparruan digitalizazioa sustatuz, berrikuntza ekarriz, pertsonekiko elkarreragina hobetuz eta kirola garatzen lagunduz.

Era berean, Alberto Serranok, ASFEDEBIko presidenteak, bere esker ona adierazi du eta positibotzat jo du ekimena. App hau oso tresna erabilgarria izango da gure lurraldean eskola-kirolean egiten den lan handia aita-amei, klubei, teknikariei eta, oro har, Bizkaiko gizarte osoari helarazteko.

Aplikazioa doan deskarga daiteke Play Store-n (Android) eta App Store-n (IOS). Oso intuitiboa da eta zuzeneko komunikazio-kanal bat sortzen du familiekin.

Eskola-kirolaren helburua da eskolako ikasleen artean kirol-eskaintza sustatzea, erraztea, antolatzea eta arautzea, modu horretan, kirol-ohitura sortzeko, ikasleen artean kirola egiteko aukera desberdinak asetzeko eta hezkuntza-garapena osatzeko.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA