KIROL KUDEAKETA ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2023ko Urriaren 24a

Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpena egin die berdintasun-planak aurkeztu dituzten bost federazioei

Boxeoko, saskibaloiko, kirol egokituko, txirrindularitzako eta arrauneko federazioek, ASFEDEBIrekin batera, berdintasun-planak garatu dituzte kirolean berdintasuna sustatzeko. Bizkaiko foru-erakundeak kirolaren arloan berdintasunarekin duen konpromisoa berretsi du gaur arratsaldean Kirol Etxean egindako ekitaldian.

Bizkaiko kirol-federazioekin batera gaur arratsaldean Kirol Etxean egindako ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpena egin die lurraldeko bost kirol-federazioren berdintasun-planei, hain zuzen, boxeokoak, saskibaloikok, kirol egokitukoak, txirrindularitzakoak eta arraunekoak egindakoei. Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalagak kirolean genero-berdintasunak duen garrantzia eta Bizkaiak kausa horrekin duen etengabeko konpromisoa nabarmendu ditu.

Bost federazio horiek ASFEDEBIrekin batera garatu dituzte berdintasun-planak eta, hartara, gainerako federazioekin konpromisoa hartu dute haiei laguntzeko, bi urteko epean Bizkaiko federazio guztiek berdintasun-planak izan ditzaten. Era berean, aldi horretan, programa bat garatuko da berdintasun-planak federazioen egunerokoan ezartzeko prozesuaren jarraipena egiteko, plan horiek kirolaren zerbitzurako tresna errealak izan daitezen.

Arrizabalaga diputatuak eskerrak eman ditu ahalegin horiengatik eta nabarmendu du konpromisoak ez duela soilik kirol-errendimendua bilatzen, baizik eta giro inklusiboa sortzea, non pertsona guztiek, beren generoa gorabehera, ongietorriak eta errespetatuak direla sentituko duten, azpimarratu du.

Arrizabalagak azken urteotan Bizkaian kirolean genero-berdintasuna sustatzeko egin diren aurrerapen esanguratsuak aitortu ditu, eta emakumeak eta gizonak baldintza berdinetan lehiatzearen garrantzia nabarmendu du, baita kirolak zeregin horretan duen funtsezko eginkizuna ere.

Era berean, diputatuak Bizkaiko kirol-sarea osatzen duten erakunde guztiak animatu ditu berdintasun-planak aurkeztu dituzten federazioen eredua jarraitzera, eta azpimarratu du kirolean berdintasuna lortzea elkarrekin lan eginez lor daitekeen helburua dela.

Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-taldeak aurreko legegintzaldian garatutako EMAKI (Emakumea eta Kirola) foroan definitu ziren ondorioen azterketaren ondoren sortu zen; foro horretan Bizkaiko hainbat emakume kirolarik parte hartu zuten eta Bizkaiko kirol federatuan benetako berdintasuna lortzeko jarduketa-ildo nagusiak ezarri ziren.

Bizkaiko Foru Aldundiak lanean jarraituko du kirol-diziplina guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta kirolean aukera-berdintasuna bermatu eta errespetuaren kultura sustatzeko.

Argazkia eta albiste osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA