KIROL ARAUDIA ETA LEGEDIA

2025ko Apirilaren 03a

TXIRRINDULARITZA

Bizkaiak bere bizikleta bideak diseinatzeko araudia eguneratu du

Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak aho batez onetsi dau Bizkaiko Bizikleta Bideen Foru Araua. Abenduaren 26ko Gobernu Kontseiluan aurreproiektua onartu zanetik Foru parlamentuan izandako eztabaideagaz aberastu dan foru arau barriak 2014ko urritik indarrean egon dan foru tresna arauemoilea eguneratu dau, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazo dauenez. Horren bitartez, bizikleten mobikortasunagaz dituan konpromisoak beteteko orduan eraginkortasun handiagoa izateko tresnea emon gura jako Foru gobernuari. 

Arau barriak jasangarritasuneko politikek ordezten daben paradigma barriaren esparruan aurretik ezarritako helburuak lortzen, eta, ondorioz, deskarbonizazinoa bultzatzen, lagunduko dau, Foru gobernuaren ekintzaren helburu lez. Alzagak esan dauenez, arauzko tresnak lehentasuna emongo deutse txirrindulariei eta oinezkoei beste mobikortasun modu batzuen aurrean. Azpiegitura horreen hedapenagaz eta sustapenagaz –osokoan gogora ekarri danez, Aldundiak 200 milioi baino gehiago inbertiduko ditu 350 kilometroko bizikleta-sarea sortzeko– Bizkaiak ingurumenaren babesa bultzatuko dau, berotegi-efektuko gasak murriztuko ditu eta garapen jasangarria indartuko dau.

Ganera, bizikleta bideen foru arauak foru eskumeneko bizikleta bideen planifikazinoa, finantziazinoa, proiekzinoa, eraikuntzea, aldaketea, kontserbazinoa, ustiapena, erabilerea eta defentsea jasoten ditu. Testu juridiko horrek, 4 titulutan 56 artikulu eta hainbat xedapen eta eranskin dituan arau-multzoan artikulauta, 2035. urtean bizikletaren eguneroko erabilerea handitzeko bultzadea emon gura dau, zortzi kilometro baino gitxiagoko ibilbide laburretan % 7,7ko kuotara heldu arte. Gaur egungo kuotea % 0,7koa da. Arauzko testuak bizikleta bideen tipologia barria sartzeko be balio dau. Hemendik aurrera, bideak honeek izango dira: txirrindularientzako bideak, bizipistak, bizikleta-errei babestuak eta bidegorriak.

Foru parlamentuan izapidetzeko erregistrau zanetik testuak aldaketak izan ditu, lehenengo batzordean eta gaur osokoan bertan. Oposizinoko taldeek 14 zuzenketa-eske erreserbau ditue gaurko saiorako, batzordean 32 zuzenketa-eske aurkeztuta bost aldaketa onartu ostean. Gaur, Foru gobernuari eusten deutsien taldeek akordioak lortu ditue oposizinoko taldeakaz bederatzi aldaketa gehiago sartzeko. Horreen artean, arauaren eukian arretea jartea sartzen da, trazauen diseinutik hasi eta herritarren segurtasunagaz erlazionautako alderdietara, edo lurralde ekitatea kontzeptua sartzea, bizikleta bideen garapen orekatua lortzeko.

Laburbilduz, Foru Arauak bizikletaren erabilerea sustatu gura dau garraiobide jasangarri eta osasungarri lez, zirkulazinoa arautu eta beste garraiobide batzuakazko alkarbizitzea bermatuko dauen arauzko esparrua eskainiz. Txirrindularientzako ingurune segurua eta egokia sortu gura da, kalidadezko bizikleta azpiegituren eraikuntzea eta mantenidute-lanak bultzatuz.

Martiaren 19ko 1/2025 FORU ARAUA Bizkaiko bizikleta-bide foralei buruzkoa.

Albiste osoa www.jjggbizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA