ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2022ko Azaroaren 09a

Bizkaiak bere aurrekontua handitu du euskararen erabilera sustatzeko eta kultura eta kirol sare sendoagoa lortzeko

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, bere Saileko aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. Diputatuak azaldu duenez, aurkezten ditugun aurrekontuak Sailaren jarduera-eremuko hiru sektoreen hauskortasunari aurre egiteko tresna dira. Ildo horretan, gaur egun beharrezkoa den eraldaketa kulturalari erantzuna emateko neurriak hartuko dira, publiko desberdinen ohiturak kontuan hartuta eta sektore bakoitzeko profesionalekin etengabe koordinatuta. Bilbaok gaineratu du hori lortzeko gakoak direla, besteak beste, elkar ezagutzea eta elkar aitortzea, lankidetza, entzute aktiboa, norabide berean lan egitea, erronkak partekatzea, hiru arloetan egiten den lanari prestigioa ematea eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Azken batean, euskarak, kulturak eta kirolak gure egunerokotasunean kokapen hobea izatea.

Lorea Bilbaok nabarmendu du foru-erakundeak ahalegin berezia egingo duela lurraldeko udalekin batera kirol- eta kultura-azpiegiturak modernizatzeko eta egungo beharrizanetarako egokitzeko, eta ahalegin hori 6.600.000 euroko partidaren bidez gauzatuko dela.

Kirolari dagokionez, foru-erakundeak 14.037.000 euro bideratuko ditu, guztira, arlo horretara. Diputatuak azaldu duenez, arlo horretan lan egiten da pertsona guztientzako kirola sustatzeko, bertako kirolak indartzeko (2.534.000 euro), kirolean ere euskararen erabilera sustatzeko, emakumeen parte-hartze aktiboa sustatzeko, kudeaketa aurreratua bultzatzeko, berrikuntza, ikerketa eta prestakuntza bultzatzeko (578.000 euro), teknikarien prestakuntza nabarmendurik, Kirol Arloko Lanbideen Legeari erantzuteko. Gainera, Sailak eskola-kirola bultzatzen jarraitzen du 2.679.000 eurorekin. Horrek esan nahi du 300.000 euroko gehikuntza izango duela. Kopuru hori eskaintzen diren plazen eta jardueren kopurua handitzera bideratuko da, bai eta parte hartzen duten erakundeei laguntzera ere, ahalegin berezia eginik emakumeen eta kirol egokituaren arloetan. Bizkaiko eskola-kirolerako haurren ongizaterako eta babeserako plana ere datorren ekitaldian ezarriko da.

Kirol-sistema are lehiakorragoa eta sendoagoa izan dadin, 2.546.000 euro bideratuko dira horretan laguntzen duten hainbat proiektutara, hala nola Bizkaialde Fundaziora, kirol federazioetara eta kirol-ekitaldietara.

2023ko aurrekontuen aurkezpenean, diputatuak adierazi du argi eta garbi gizartearen parte-hartzea aurreikusten duten aurrekontuak direla. Izan ere, hiru arloetan parte hartzeko foroak daude: euskararen arloan, Euskara Bizia Batzordeari euskararen gizarte-sareko pertsona eta erakunde esanguratsuen topaketak gehituko zaizkio; kulturan, bi foro aktibatuko dira, bata gazteena eta bestea Bizkaiko emakume sortzaileena, eta, aldi berean, kulturaren arloko aholku-batzorde bat martxan jarriko da; eta kirolean, emakumeari eta bertako kirolari buruzko foroak eta Eskola Kirolaren Batzordea mantenduko dira. Horretarako, 265.000 euro bideratuko dira.

Argazkia eta albiste osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA