ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2023ko Azaroaren 22a

Bizkaiak aurrerapausoak ematen jarraitzen du kirolean euskararen erabilera normalizatzeko

Foru-erakundeak besokoen bidezko identifikazio-sistema berritzaile bat sortu du, kirolaren arloan euskararen presentzia sustatzeko. Sistema horretan, arbitroek partidetan jantzita eramango dituzten besokoak –gorria eta berdea– erabiliko dira. Denboraldi honetan, esperientzia pilotua egingo da kirol-modalitate hauetan: saskibaloian, eskubaloian, futbolean, arku-tiroan, pilotan, herri kiroletan, surfean eta errugbian. Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko kirol-arloan euskararen erabilera sustatzen jarraitzen du, eta BIKEE programaren barruko ekimen bat aurkeztu du, kirolariek arbitroekin euskaraz hitz egiteko aukera izan dezaten.

Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman du, BIKEE -Bizkaian Kirola Ere Euskaraz- programaren bidez, kirolaren arloan euskararen erabilera normalizatzeko. Ekimen berriak mugarri bat ezartzen du euskararen sustapenean, eta kirolarien eta arbitroen arteko komunikazioa euskaraz izateko aukera emango du, bereizgarri berritzaile baten bidez: identifikatzeko besokoa.

Lurraldeko kirol-sisteman euskararen presentzia handitzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak euskaraz hitz egiten duten eta euskara ulertzen duten arbitroak identifikatzeko sistema bat ezarri du. Borondatezkoa izango da. Sistema hau partidetan besokoak erabiltzean datza.

Denboraldi honetan, esperientzia pilotu gisa, ekimena kirol-modalitate hauetan jarriko da abian: saskibaloian, eskubaloian, futbolean, arku-tiroan, pilotan, herri-kiroletan, surfean eta errugbian. Hala, 30.000 neska-mutikori (Eskola Kirolean izena emandako pertsonen %81) aukera emango zaie arbitroei ere euskaraz hitz egiteko. Ekimena gainerako kirol-modalitateetara hedatuko da hurrengo denboraldietan.

Hala, Foru Erakundeak bi motatako besokoak banatuko dizkie ekimenari atxiki zaizkion federazioei. Besoko gorria euskara ulertzeko eta euskaraz erantzuteko gai direnentzat da. Bestalde, euskara ulertzen duten baina euskaraz erantzuteko zailtasunak dituzten arbitroek besoko berdea eraman ahal izango dute. Hala, kirolariek euskaraz hitz egin ahal izango diete, eta arbitroek euskaraz edo gaztelaniaz erantzun ahal izango diete.

Ekimen aitzindari honek Bizkaiko Foru Aldundiak kirolaren alderdi guztietan euskara txertatzeko duen konpromisoa islatzen du, eta euskarazko komunikazio zuzena eta eraginkorra sustatzen du kirolarien eta arbitroen artean. 

BIKEE programa: Kirolean euskara bultzatuz

Bizkaiko Foru Aldundiak lideratutako BIKEE programaren xedea da euskararen erabilera soziala sustatzea txikitatik, eta praktika hori kirolaren prestakuntza-etapa guztietara zabaltzea. Urrats honek indartu egiten du BIKEEk kirol-arloko eragile guztiak -federazioetatik hasi eta arbitroetaraino- euskararen erabileraren normalizazioan inplikatzeko duen konpromisoa.

Euskararen aldeko etengabeko konpromisoa kirolean

BIKEE 2017ko martxoan hasi zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ASFEDEBIk eta kirol-federazioek elkarrekin egindako ahaleginetik sortu zen, lurraldeko kirol-modalitate guztietan euskararen erabilera normalizatzeko.

Lehenengo fasean, proiektua Bizkaiko kirol federazioetan euskararen erabilera sustatzera bideratu zen. Aldundiak, ASFEDEBIrekin eta Bizkaiko kirol-federazioekin batera, diagnostiko zehatza egin zuen hainbat kirol-modalitatetan euskararen presentzia aztertzeko, eta, horri esker, kirol bakoitzari egokitutako sustapen-neurriak adostu ziren.

Bigarren fasean, BIKEEk Bizkaiko kirolean inplikatutako gainerako eragileak inplikatzea eta bere eragin-eremua Bizkaia osora zabaltzea proposatu zuen, federazioetatik haratago. Fase horretan barruan besoko identifikatzaileak erabiltzeko proposamena aurkitzen da.

Programa sortu zenetik, Foru Erakundea lankidetzan ari da proiektu honekin borondatez bat egin nahi izan duten Bizkaiko federazio guztiekin. Gaur egun, Bizkaiko 39 kirol-federaziok (Bizkaian dauden 44 federazioetatik) parte hartzen dute BIKEE proiektuaren ekimenetako batean, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiten dute.

Argazkia eta albiste osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA