IKERKETAK ETA AZTERLANAK JARDUNBIDE EGOKIAK

2025ko Apirilaren 09a

Bilbok eta Deustuk hitzarmena sinatu dute jarduera fisikoak minbizia duten pazienteengan duen eragin positiboan sakontzeko

Jarduera fisikoaren arloko prestakuntza, aholkularitza, ikerketa eta esku-hartzea sustatzen duten ekimenetan lankidetza bultzatzea da hitzarmenaren helburu nagusietako bat, eta haren lehen ekimena Exerence ikerketa-proiektua da.

Iturria: www.deusto.es

Bilboko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, kirolak eta jarduera fisikoak minbizia duten pazienteengan daukaten eragin positiboa ikusarazteko eta horri buruz sentsibilizatzeko. Isabel Rubio Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroletako zinegotziak sinatu dute hitzarmena. 

Jarduera fisikoaren arloko prestakuntza, aholkularitza, ikerketa eta esku-hartzea sustatzen duten ekimenetan lankidetza bultzatzea da hitzarmenaren helburu nagusietako bat, eta haren lehen ekimena Exerence ikerketa-proiektua da. Haren helburua da ariketa fisikoak minbizia duten pertsonen bizi-kalitatearen eta osasunaren hobekuntzan duen eragina aztertzea, eta kolon-ondesteko minbizia gainditu duten pertsonek jarduera fisikoarekiko duten atxikimendua hobetzea da xede nagusia. Horretarako, ariketa fisiko  indibidualizatuko, gainbegiratuko, hurbileko, ospitalez kanpoko eta irisgarriagoko programa erabiliko da.

Exerence proiektuak gaixotasun onkologikoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea aurreikusten du, kolektibo horrentzat jarduera esklusibo eta pertsonalizatuen eskaintza ezarriz. Ikerketa-proiektuaren fokuetako bat euskal osasun- sistemaren zeharkako desafioetako bat da: zahartze aktiboa eta osasungarria; izan ere, bizi-itxaropena luzatzearen ondorioz, 70 urte baino gehiago dituzten eta minbizia duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa da.

Deustuko Unibertsitatea eta BioBizkaia izango dira ikerketa-proiektu honen buru, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren finantzaketarekin, eta Euskadiko Plan Onkologikoaren parte izango da. Gainera, Bilbao Kirolak 2025-2028 aldirako daukan plan estrategiko berriak, BK Komunitatea ardatz estrategikoaren barruan, lankidetza-sarea ezartzen du Bilbon eta Bizkaian egoitza duten unibertsitateekin, sare sendo eta eraginkor bat eraikiko duten sinergiak bilatzeko, kirol-ekimenek Bilboko herritarrengan duten eragin positiboa sustatzeko.

Argazkia eta albiste osoa www.deusto.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA