2026ko Otsailaren 13a

TXIRRINDULARITZA

Bilbok bizikleta bidezko mugikortasunean adituak diren ehun pertsona inguru bildu ditu lehenengo Bilbao Bike Summit biltzarrean

Iturria: www.bilbao.eus

Bilboko Udalak, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren bitartez, Bilbao Bike Summit biltzarraren lehen edizioa egin du gaur. Biltzar horrek agendaren erdigunean jartzen du bizikletak hiri osasungarriago, inklusiboago eta jasangarriagoetarako bilakaeran daukan zeregin estrategikoa.

Biltzar hori Bizikletaren aldeko Hirien eta Lurraldeen Sarearekin (RedBici) lankidetzan sustatu da, eta bizikletaren inguruko puntako politikak dauzkaten Estatuko eta atzerriko udalerrietako ordezkariak bildu ditu. Helburua da ezagutzak partekatzea, ikuspegi berritzaileak eztabaidatzea eta sinergiak sortzea, Bilbok mugikortasun aktibo eta jasangarriarekin daukan konpromisoa indartzeko.

Biltzar hau hirien arteko elkarrizketarako eta ikaskuntzarako gune izateko asmoarekin sortu da. Nahi dugun hiri-ereduan bizikletak presentzia handiagoa izango du pertsona guztientzako bitarteko seguru, osasungarri eta irisgarri izan dadin, azpimarratu du Nora Abete alkateordeak eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak.

Tokiko eragina daukan nazioarteko ikaskuntzarako gunea

Bilbao Bike Summit biltzarraren programa inspiratzeko eta konektatzeko diseinatu da.

Jardunaldian Europako hainbat profesionalek hitzaldiak eman dituzte: Rémi Dubois, Parisko Udaleko bizikleta-azpiegituretako operazioen arduraduna; Ana Castán Amsterdamgo Urban Cyen Institute erakundekoak prestakuntzan jarri du azpimarra, bizikleta bidezko mugikortasuneranzko kultura-aldaketarako funtsezko eragilea baita; eta Niels Hoé, Kopenhageko mugikortasun jasangarriko estrategietan espezializatua.

Jardunaldian zehar, esperientzia praktikoak, kasu arrakastatsuak eta politika eraginkorrak Bilboko errealitatera egokitzeko gakoak jorratu dira, beste leku batzuetako eredu arrakastatsuak hirira eramateko.

Horrez gain, txirrindularitza-politika aurreratuak dituzten Espainiako hirien mahai-inguru bat ere izan da ekitaldian, hala nola Gasteiz, Zaragoza, Sevilla, Bartzelona eta Bilbo bera. Espazio hori Silvia Casorrán RedBici erakundeko idazkari nagusiak moderatu du, eta desafio komunak aztertzeko eta udalen arteko lankidetza indartzeko balio izan du.

RedBici sareak Bilbon egingo du Zuzendaritza Batzordearen bilera

Biltzarrarekin batera, Bizikletaren aldeko Hirien eta Lurraldeen Sareak (RedBici), 1.000 udalerri inguru biltzen dituenak, Zuzendaritza Batzordearen bilera deitu du Bilbon. Bilera horretan, Nora Abete zinegotzia da presidenteordeetako bat. Batzordeko kideek, gainera, aukera izan dute bizikleta-azpiegituren arloan hiriak egin dituen azken aurrerapenetako batzuk bisitatzeko.

Herritarrei irekitako jardunaldia

Bilbao Bike Summit biltzarra #BiziBilbaoBizikletaz programaren parte da, bizikleta eguneroko mugikortasun-bitarteko gisa sustatzeko udal-ekintzen barruan, "Domeketan bizikletaz" edo Bizitoki espazioaren ekimenekin batera.

Argazkia eta albiste osoa www.bilbao.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA