2024ko Ekainaren 19a

BIKEE (Bizkaian Kirola ere Euskaraz) proiektuak prestakuntza-baliabide digitalak sortzen jarraitzen du

BIKEE (Bizkaian Kirola ere Euskaraz) proiektuak prestakuntza-baliabide digitalak sortzen jarraitzen du eta bosgarren pilula kaleratu berri du.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak jarraitzen du kirol elkarteetan, entitateetan zein klubetan euskararen erabilera sustatzeko baliabideak sortzen. Oraingo honetan, bosgarren pilula digitala plazaratu du.

Aurrekoetan bezala, pilula honen helburua da kirolarekin harreman zuzena duten kideei baliabideak ematea, aukera izan dezaten lan teknikoa euskaraz egiteko. Kasu honetan, pilula digital honen gaiai hizkuntza-nortasuna kirolean da.

Hizkuntzak komunikatzeko, errealitatea interpretatzeko eta ideiak sortzeko balio digu. Baina, horrez gain, komunitate edo talde baten nortasun eta kulturarekin lotu dezakegu. Hainbat elementuk eragiten dute hizkuntza bati ematen diogun garrantzian eta haren aurrean izaten dugun jarreran.

Gure lurraldean bi hizkuntza ofizial ditugu, euskara eta gaztelania, baina ez daude biak egoera berean. Gaztelania da nagusi, eta euskararen erabilera mugatuagoa da. Ondorioz, euskara biziberritze-prozesuan dago, eta egoera horretan dagozkion estatusa eta babesa emateko funtsezkoak dira:

  1. Instituzio eta administrazioek politikak aplikatzea eta testuinguru legala bermatzea
  2. Hiztunon kontzientziazioa eta erabilera areagotzea

Euskararen erabilera normalizatua izan dadin, esparru informalek berebiziko garrantzia dute, batez ere, haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko espazioetan. Atal honetan, kirolak euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko dituen aukera batzuk aztertuko ditugu, kasu honetan, lehiaketetan eta epaileen figuran zentratuta.

Hizkuntza bat edo beste hautatzearen atzean dauden arrazoiak hainbat dira. Euskararen erabileraren oinarrian bi jarrera nabarmendu ditzakegu: integratzailea eta instrumentala.

  1. Jarrera integratzailea: alde afektiboarekin lotzen da; hizkuntza komunitate bateko kide izateko nahia edo atxikimendua.
  2. Jarrera instrumentala: alde praktikoarekin lotzen da; hizkuntza bat hitz egiteak dakartzan onurak kontuan hartuta, horren alde egiteko joera da.

Kirol arlora ekarrita, funtsezkoa da gure hizkuntza-nortasuna erakustea, babestea eta sustatzea. Jarrera integratzailetik abiatuta, berezko aldekotasun edo sentsibilizaziorik ez dutenengan jarrera instrumentala bultzatuko dugu horrela.

Eginkizun horretan, funtsezkoa izango da kirol-eragileak inplikatzea, eta horretarako, askotariko estrategia, baliabide edota ekimenak erabil ditzakegu.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA