2026ko Otsailaren 23a

TXIRRINDULARITZA

Arrigorriaga eta Ugao-Miraballes arteko bidegorriak Bizkaiko udalerriak lotzen dituen bizikleta bideen sarea indartuko du

3,14 kilometroko ibilbidea 2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean jasotako Nerbioi ibaiaren bizikleta-ardatzaren zati da BBBLPS planaren xedea bizikletaz egindako joan-etorrien kuota 2029an % 3,3ra eta 2035ean % 7,7ra igotzea da

Iturria: www.bizkaia.eus

Bizkaiko Foru Aldundiak Arrigorriagan dagoen Martiartu industrialdea eta Ugao-Miraballes herrigunea, Zeberioko udalerriaren mugaraino, lotuko dituen bizikleta eta oinezkoen ibilbide berriaren behin-behineko proiektua egin du. Proiektu hau trazadura mailan garatzen da ondoren eraikuntza-proiektu gisa idazteko, eta 3,14 kilometroko luzera izango duen bi norabideko bidegorria, erantsitako oinezkoen trafikoa  izango duena, egiteko beharrezko obrak definitzen ditu.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru saila Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatearekin,  bildu da gaur goizean proiektua aurkezteko, aurrez Ekaitz Mentxaka, Ugaoko alkatearekin, egin zuen bezala.

Jarduketa bi zatitan banatzen da. Lehenengoa, ia bi kilometrokoa, Martiartu poligonotik abiatzen da, IATren eremua eta Arrigorriagako zerbitzugunea zeharkatzen ditu, eta Ugao-Miraballeseko herrigunearen ingurura iristen da. Bigarrena, berriz, kilometro bat baino gehixeagokoa, Nerbioi ibaiaren eskuineko ertzean dauden bideetatik eta bidexketatik igarotzen da, Ondategi, hilerria eta Lehen Hezkuntzako Eskola zeharkatuz, Zeberioko mugara iritsi arte.

Trazadura Nerbioi ibaiaren ibilguarekiko paraleloan garatuko da eta Txako industrialdetik sartzeko biaduktu bat eraikitzea aurreikusten du, ibaia gainditu eta bizikletentzako bidezidorrarekin lotzeko.  Malda handiko eta material ezegonkorreko mendi-hegaletan  egonkortze-neurri bereziak proiektatu dira, hala nola egitura ainguratuak eta bioingeniaritzako teknikak, segurtasuna eta ibilbidearen ingurumen-integrazioa bermatzeko.

Ibilbide osoa eguzki-luminariekin argiztatuta egongo da, AP-68ko biaduktuaren azpiko zatian izan ezik, tarte horretan argiztapen konbentzionala instalatuko baita eguzki-hargunerik ez dagoelako.

Proiektua 19.392.731,29 euroko aurrekontuarekin eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin abiatzen da.

Trazadura-proiektuak jendaurreko erakustaldiaren eta entzunaldiaren izapideak beteko ditu orain, zenbatespenen arabera alegazioak aurkezteko eta aztertzeko bi hilabeteko epearekin. Prozesu hau amaituta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatuko du Arrigorriagako eta Ugao-Miraballesko udalekin, bidegorriaren zatien titulartasunak eta mantentze-lanak zehaztearen ondoreetarako.

Obrak Bizkaiko Foru Aldundiak egingo ditu, eta Udalek, berriz, euren gain hartuko dute hitzarmen horretan zehaztutako sekzioen kontserbazioa. Epeak aurreikusitakoaren arabera betetzen badira eraikuntza-proiektua 2026aren amaieran onar daiteke, eta, horri esker, obrak 2027ko lehen seihilekoan hasi ahal izango dira.

Mugikortasun jasangarriko proiektu estrategikoa

Bidegorri berri hau 2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren barruan sartzen da. Plan horretan aurreikusten denez 365 kilometroko bizikleta-sarea sortuko da lurraldean, eta horietatik 132,2 kilometro Foru Aldundiaren titulartasunekoak dira.

Zehatzago esanda Nerbioi ardatzaren L1.2 bigarren mailako arteria-linea da, 24,73 kilometroko luzerakoa, L1 ardatz nagusian (Nerbioi - Ibaizabal - Arratia - Durangaldea) integratuta dagoena, guztira 139,37 kilometro hartzen dituena.

BBBLPS planaren helburua  Bizkaiko udalerriak eta eskualdeak lotuko dituen bizikleta-bideen sare handi bat finkatzea da, mugikortasun jasangarriagoa sustatuz. Horrela bizikletaz egindako joan-etorrien kuota egungo % 0,7tik % 3,3ra igo nahi da 2029an, 2035ean % 7,7ra iritsi arte.

Jarduketa honek indartu egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak pertsonen eta lurraldearen zerbitzura egongo den mugikortasun eredu jasangarri, osasungarri eta aktibo batekin duen konpromisoa.

Argazkia eta albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA