LAGUNTZAK ETA BEKAK KIROL KUDEAKETA

2026ko Maiatzaren 26a

Bizkaiak milioi bat euro bideratu ditu udalen kirol-instalazioak hobetzera

BIZKAIKO UDALEK KIROL INSTALAZIOAK HOBETZEKO ETA MODERNIZATZEKO DIRULAGUNTZAK ESKATZEKO AZKEN EGUNAK.

Bizkaiko kirol-sistemaren egungo beharrizanei erantzunez, herri-kirolerako instalazioak eta futbol-zelaiak lehenetsiko dira laguntzen deialdi honetan.

Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko kirolarekin duen konpromisoa berritu du laguntzen deialdi berri baten bidez, udalen kirol-instalazioak mantendu eta hobetzeko xedez. Lerro horren bidez, foru-erakundeak milioi bat euro bideratuko ditu 2026, 2027 eta 2028. urteetan gauzatuko diren inbertsioetarako.

Laguntzak Bizkaiko erakunde hauei zuzenduta daude: udalak, mankomunitateak, udalen kirol-erakunde autonomoak eta udal-sozietate publikoak. Helburua da kirolean jarduteko baldintzak hobetzea eta herritarrek kirola egiteko dituzten aukerak ugaritzea lurraldeko eskualde guztietan.

Bizkaiko kirol-sistemaren egungo beharrizanei erantzunez, deialdiak lehentasun-irizpide batzuk ezartzen ditu eskari handiena eta erabilera intentsiboa duten instalazioen alde. Ildo horretan, puntuazio handiagoa lortuko dute futbol-zelaietan eta herri-kirolerako instalazioek.

Foru-aldundiaren helburua da lurraldeko kirol-azpiegituren sarea prest egotea etengabe aldatzen ari diren kirol-beharrizanetara egokitzeko eta adin eta egoera guztietako pertsonei erantzuna emateko. Horregatik, birgaitze-, hobetze- eta egokitze-jarduketetan zentratzen dira laguntzak, besteak beste honako hauetan: egiturak aldatzea, guneak egokitzea eta bizigarritasuna hobetzea.

Modernizazio-prozesuaren segida

Guztira milioi euroko zuzkidurarekin, deialdi honek jarraipena ematen dio udalen kirol-azpiegiturak modernizatzeko iaz hasi zen prozesuari. 2021 ezkero, Bizkaiko Foru Aldundiak ia bi milioi euro bideratu ditu laguntza-ildo horretara, eta, horri esker, kirol-ekipamendu ugari berritu eta egokitu ahal izan dira lurraldeko udalerrietan.

Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus), BAOn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 egun naturaleko epean.

Informazio interesgarria

46/2026 FORU DEKRETUA, KIROL INSTALAZIOETAN INBERTSIOAK EGITEKO DIRULAGUNTZAK 2026/2027 /2028

1. XEDEA

Kirol-instalazioetan inbertsioak egitea, egitura aldatzeko eta espazioen bizigarritasuna egokitzeko edo hobetzeko, horien ekipamendua ordeztea eta lehendik dauden instalazioak birbanatzea barne.

2. ERAKUNDE ONURADUNAK

  • Udalak
  • Mankomunitateak
  • Kiroletako udal erakunde autonomoak
  • Udal-sozietate publikoak

3. BALORAZIO-IRIZPIDEAK

  1. Instalazio mota:
    • Futbol zelaiak: 30 puntu.
    • Bertako kirola egiteko instalazioak: 15 puntu.
    • Bestelako kirol-instalazioak: 5 puntu.
  2. Aurrekontu araztua:
    • 750.000,00 eurotik gorako aurrekontu araztua: 30 puntu.
    • 500.000,01 eta 750.000,00 euro arteko aurrekontu araztua: 20 puntu.
    • 250.000,00 eta 500.000,00 euro arteko  aurrekontu araztua: 10 puntu.
    • 250.000,00 eurotik beherako aurrekontu araztua: 5 puntu.
  3. Jarduketa egingo den espazioa:
    • Jokalekua: 10 puntu.
    • Jokalekuaren argiztapena: 5 puntu.
    • Aldagelak: 5 puntu.
    • Beste espazio batzuk: 5 puntu.

    Atal honi dagozkion puntuak metatu ahal izango dira inbertsioa kirol-instalazioko hainbat espaziotan egiten denean.

  4. Lehentasunezko Jarduera Eremuetako Eskualde Plan Estrategikoetan sartuta dauden udalerriak: 5 puntu.
  5. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 2021ean, 2023an, 2024an eta 2025ean emandako diru-laguntzen kontura kirol-instalazioetan inbertsioak osorik edo zati batean egin EZ diren udalerriak: 10 puntu.

4.   AURREKONTUKO PARTIDA

  • Guztizko kopurua: 1.000.000,00€
  • Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa:
    • aurrekontu araztuaren % 75era arte,
    • 250.000 € gehienez.

5.  ESKABIDEAK AURKEZTEKO TOKIA

https://www.ebizkaia.eus/eu/hasiera

6. ESKABIDEAK AURKEZTEKO EPEA

  • Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, foru dekretu hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
  • Argitalpen-data : Maiatzaren 12an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean

Bizkaiko Foru Aldundiaren 46/2026 FORU DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onartzen dituena. Dirulaguntza horiek emango zaizkie, hain zuzen ere, Bizkaiko Lurralde Historikoko tokiko erakundeei, 2026an, 2027an eta 2028an kirol-instalazioetan inbertsioak egiteko.

Albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA