ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2025ko Otsailaren 05a

TXIRRINDULARITZA

Aldundiak bizikletentzako ibilbidea osatu du Santurtziko hirigunearen eta La Arenako bidegorriaren artean

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Karmele Tubilla Santurtziko alkateak konexio horren hirugarren zatia inauguratu dute, zeina urrats garrantzitsua baita Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko bizikleta-bideen sarean. 2023-2035 aldirako Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialak 365 kilometro bizikleta-bide aurreikusten ditu Bizkaian, horietatik 132, foru-titulartasunekoak.

Bizikleta eguneroko garraiobide bihurtuz mugikortasun jasangarria sustatzea Foru Aldundia 2023-2025 aldirako Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialaren bitartez sustatzen ari den konpromisoetako bat da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapeneko Foru Sailak 56 milioi euro inbertituko ditu aurten mugikortasun jasangarriko azpiegiturak bultzatzeko eta garatzeko, hala nola itsasadarreko bulebarra eta All Iron zubia edo Erletxeko bi bizikleta-bideak.

Hain zuzen ere, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Santurtziko alkate Karmele Tubillak Santurtzi eta La Arenako bidegorriaren Sanfuentes auzoko tartea (Abanto Zierbena) lotzen dituen bizikletentzako ibilbidearen hirugarren eta azken zatia inauguratu dute gaur goizean Mamarigan. Trazadura berriak 1,09 kilometro ditu, eta 2,7 milioi euroko foru-inbertsioa izan du. Noranzko biko bizikleta-bidezidor bat da, bizikleta-zirkulaziorako eta oinezkoen zirkulaziorako espazio bereiziak dituena, biak kolore desberdinez mugatuta.

Halaber, urrats garrantzitsua da Lurralde Planeko 4. lineako jarduketetan, izan ere, linea horrek Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri lotzen ditu 86 kilometroko ibilbide oso batean, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Zierbena, Muskiz, Trapagaran, Ortuella, Abanto-Zierbena, Galdames, Sopuerta, Güeñes eta Balmasedan zehar.

2023-2035 aldirako Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialak 365 kilometroko bizikleta-bideen sarea aurreikusten du Bizkaian, eta horietatik 132,2 foru-titulartasunekoak dira. Gaur egun, dagoeneko 47,2 kilometro egin dira, eta beste 10,9 kilometro eraikitzeko lanetan ari dira, besteak beste, lehen aipatutako All Iron (0,5), Bolueta-Etxebarri-Basauri (1,5), Erletxeta-Larrabetzu (3,4) eta Erletxeta-Boroa (5,4).

Plana 2019an formulatu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak 22,5 milioi euro inbertitu ditu, eta, horri esker, bizikleta-bide berrien 19 kilometro baino gehiago egin ahal izan dira (11,8 foru-titulartasunekoak eta 7,6 udal-titulartasunekoak).

2035era arteko plangintzan, 182,9 kilometro bizikleta-ibilbide egiteko proiektuak jasotzen dira; horietatik, 74,2 aldundiarenak izango dira, eta 108,7 udalenak. Jarduketa horietarako foru-inbertsioa 219,4 milioi eurotik gorakoa izango dela aurreikusten da.

Argazkia eta albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA