2025ko Azaroaren 06a

Kiroleko pertsonal teknikoa prestatzeko beken deialdiaren edizio berria

Bizkaiko Foru Aldundiak 175.000 euroko inbertsioa onartu du kiroleko pertsonal teknikoa prestatzeko beketarako; ekimen honen helburua 2025eko irailaren 12tik 2026ko irailaren 11ra bitartean egindako kirol-irakaskuntzen matrikula-gastuak finantzatzea da.

Bizkaiko Foru Aldundiak kiroleko pertsonal teknikoa prestatzeko bekak eskatzeko epea ireki du. Beka hauek 2025eko irailaren 12tik 2026ko irailaren 11ra bitartean kirol-prestakuntza gainditu duten profesionalei zuzenduta daude.

175.000 euroko inbertsioarekin foru erakundeak zati batean finantzatu nahi ditu sarrera-probako matrikula-gastuak eta kirol-irakaskuntzak, araubide berezikoak zein aldi iragankorrekoak. Ekimenean, gainera, eskola-kiroleko begirale laguntzaileen irakaskuntzak sartzen dira, baldin eta irakaskuntza horiek aipatutako aldian gainditu badira.

Beka hauen helburu nagusia Bizkaiko Lurralde Historikoko kirol-klub eta -elkarteetako pertsonal teknikoaren prestakuntza-maila hobetzea da eta, horrela, tokiko kirolarien errendimendu hoberena lortzen laguntzea. Halaber erakundeak kiroleko pertsonal teknikoaren, bakoitzak bere jardun-eremuan, prestakuntza eta kualifikazioa sustatu nahi ditu Bizkaiko kirol-sistema hobetzeko.

Azpimarratzekoa izan da deialdi honek azken zazpi urte hauetan izan duen bilakaera, hasierako 30.000 euroak gaur egun 175.000 euro bihurtu direlako; era berean, eskabideen kopuruari dagokionez, kontuan hartu behar da lehen urteko 33 eskaerekin alderatuta 2024-2025 denboraldian 796 eskaera aurkeztu zirela.

Beka-eskabideak 2026ko urtarrilaren 19tik 2026ko irailaren 22ra bitartean izapidetu ahal izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.ebizkaia.eus).

Albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA