Uraren kudeaketa

Helburua

Aldundiaren helburua da lurralde osoan uraren ziklo integralaren kudeaketa optimorako behar den azpiegitura egon dadin, ura biltzen denetik ingurune naturalera itzultzen den arte, azken horri ahalik eta kalte gutxien eraginez eta lankidetza, lurralde elkartasuna eta oinarrizko gaien koordinazioa (ura, esaterako) oinarri hartuta, lurralde osoan, udalerri txikiagoetan barne, gutxieneko zerbitzu homogeneoak ziurtatze aldera.

Jarduera arloak

  • Imagen Hornidura

    Hornidura

    Edateko uraren hornidurak gainazaleko edo lurpeko urak hartzetik kontsumitu arteko prozesua barne hartzen du. Prozesu horrek bermatu behar du zerbitzua legezko eskakizunetara egokitzen dela, osasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Bizkaiko udalerri guztietan zerbitzuaren berme bera bermatzeaz arduratzen da Aldundia, sareak eta horiekin lotutako beste azpiegitura batzuk sustatuz, hala nola edateko uraren tratamendu estazioak.

  • Imagen Saneamendua

    Saneamendua

    Saneamenduak barne hartzen ditu etxeko eta industriako isurketak biltzea eta jasotzea xede duten duten ekintzak, bai eta horiek ingurunera itzuli ondoren araztea ere. Aldundiak hondakin urak arazteko estazioak eta kolektoreak garatzea sustatzen du, saneamenduko beste azpiegitura batzuen artean, isurketa horien eragina ahalik eta gehien murrizteko eta horien eta ibai ekosistemen arteko bateragarritasuna bermatzeko.

ARAUDIA

2000/60/CE Zuzentaraua uren politikaren eremuan jarduteko esparru komunitarioa ezartzen duena 2000ko abenduaren 22an sartu zen indarrean. Zuzentarau horren transposizioa estatuan 62/2003 Legearen bidez egin zen, 129. artikuluan, Uren Legearen testu bategina aldatuta.

91/271/EEE Zuzentarauak estatu kideek hartu beharreko neurriak ezartzen ditu, hiriko hondakin urek isuri aurretik tratamendu egokia jasoko dutela bermatzeko. Hiriko hondakin urak bildu, tratatu eta isurtzeko sistemak definitzen dituen 98/15/EE Zuzentarauak aldatu zuen. Zuzentarau hori Espainiako araudira ekarri dute 11/1995 Errege Lege Dekretuak, hori garatzen duen 509/1996 Errege Dekretuak eta aurrekoa aldatzen duen 2116/1998 Errege Dekretuak.

Uren arloko politika

Hornidura eta saneamendu zerbitzuak oinarrizko zerbitzuak dira, udalerrien eskumenekoak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/85 Legeak ezartzen du Aldundiaren berezko eskumena dela udal zerbitzuak elkarren artean koordinatzea, osorik eta behar bezala ematen direla bermatzeko. Era berean, foru eskumena da udalerriei laguntza eta lankidetza juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa ematea, batez ere ekonomia eta kudeaketa gaitasun txikiena dutenei.

Bestalde, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak (ETEL) udalerrien mankomunitateak edo, hala badagokio, partzuergoak nahitaezko zerbitzu horiek modu partekatuan ematea sustatzen duten zubi instituzional gisa bultzatzearen aldeko jarrera irmoa du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, dituen eskumenak eta ETELen zioen azalpenean jasotako argudioak kontuan hartuta, laguntza ekonomikoa ematen die udalerriei beren hornidura eta saneamendu azpiegiturak garatzeko, bai eta urarekin lotutako nahitaezko zerbitzuak kudeatzeko ere. Kasu honetan, zerbitzua modu partekatuan emateko formulak sustatzen ditu, bitarteko eraginkorragoa delako eta berme handiagoak eskaintzen dituelako, bai zerbitzuaren kalitateari dagokionez, bai tarifak homogeneoak izateari dagokionez.