Hiztegi terminologikoa

Hiztegi honetan, Bizkaiko Foru Aldundian erabiltzen ditugun terminoak aurki ditzakezu, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Aldundiak argitaratzen dituen euskarazko testuen kalitatea hobetzen laguntzea da hiztegiaren lehen helburua. Izan ere, gure erakundean, hainbat eta hainbat testu sortu eta euskaratzen dira egunero-egunero. Testuok era, erregistro eta gai askotakoak izanik, hutsune terminologikoak ere ugariak izaten dira. Argitalpen honen bidez, bada, premia terminologiko horiei erantzuteko tresna bat eskaini nahi dizugu, lagungarria izango delakoan.

Hiztegiko terminoak erabilera-eremuaren arabera daude sailkaturik, kontzeptu bakoitza jakintza-arlo jakin baten barruan kokatu behar baita. Hala ere, gerta daiteke kontzeptu bat erabilera-eremu batean baino gehiagotan agertzea, eremuok ez baitira erabat itxi eta iragazgaitzak. Eta, era berean, litekeena da kontzeptu bati izendapen bat baino gehiago egokitzea, gauza bera adierazteko forma bat baino gehiago erabiltzen direlako, hainbatetan, testu administratiboetan.

Bestetik, argi utzi nahi dugu hiztegia ez dagoela amaituta. Aitzitik, etengabe ari gara hiztegia berrikusten eta osatzen, eta, beraz, edukia apurka-apurka aldatuz doala ikusiko duzu.

Hiztegiaren inguruko iruzkinik egin nahi baduzu, edo gurekin harremanetan jarri nahi baduzu, hiztegi.terminologikoa@bizkaia.eus helbidera jo dezakezu.