Jakinarazpen elektronikoa

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailak zergadun guztien eskura jarri du jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua. Zerbitzu hau erabil dezaketen zergadunek Foru Ogasunaren jakinarazpenak Internet bidez jasoko dituzte.

Jakinarazpen elektronikoaren bidez, zergadunaren Ogasun eta Finantza Sailaren arteko komunikaziorako tresna berria abiarazi da. Tresna horrek hainbat abantaila ditu:

  • Erosoa da: Zerbitzua Internet bidez baliatzen da, eta zergadunak jakinarazpen-oharra jasotzen du bere helbide elektronikoan.
  • Erraza da sartzen: Erabiltzailearen eskura dago eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan.
  • Hurbila da: Zergadunak denbora asko aurrezten du, ez baitu inora joan beharrik jakinarazpenak jasotzera, eta etxean egon beharrik ere ez dauka jakinarazpenok hartu ahal izateko.
  • Segurua da: Segurtasun, bapestekotasun eta pribatutasun berme osoa dauka.
  • Merkea da: Gastu publikoa gutxiagotzen du, jakinarazpenaren inprimaketa, gutunazaleratze eta manipulazio prozesua ezabatzen baitu.
  • Iraunkorra da: Paper asko aurreztea eragiten du, eta horrek eragin mesedegarria dauka ingurumenean.

Jakinarazpen Elektronikoen Zerbitzuan alta eman ahal izango dute zergadun guztiek eta, beharrezkoa den ordezkaritza-maila badute, hirugarrenen ordezkari gisa jarduten dutenek (betiere, b@kQ identifikazio eta sinadura sistemaren edo Ogasun eta Finantzetako Bulego Birtualean - Bizkaibai - onartutako ziurtagiri elektronikoren baten jabe badira).

Zergadunak elektronikoki jaso nahi baditu Ogasunaren jakinarazpenak, alta eman beharko du zerbitzuan; horretarako, Ogasun eta Finantza Sailaren bulego birtualean identifikatu eta helbide elektroniko bat eman beharko du.

Aurretiazko urrats hori eman ondorik, zergadunarentzako jakinarazpenen bat sortzen den bakoitzean, Ogasun Sailak abisua igorriko du zergadunaren helbide elektronikora. Abisu hori jaso ondoren, zergadunak, BizkaiBai sisteman bere burua identifikatu ostean, jakinarazpenaren edukia bistaratu ahal izango du, "Zain dauden jakinarazpenak" izeneko aukeran klik eginez.

Indarrean dagoen arautegiaren arabera (Bizkaiko Lurralde Historikoaren Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren 107.2. artikulua), baliabide elektronikoen bidez egiten diren jakinarazpenak jasotzaileak berorien edukia atzitzen duen unetik aurrera gauzaturik daudela ulertuko da, halako moldez non atzipenaren data eta ordua erregistratuko baitira, jaso izanaren adierazpena izango balitz bezala. Une horretatik aurrera, jakinarazpenean xedaturik dauden epeak konputatzen hasiko dira. Hala ere, baldin eta atzipen hori eskura dagoen unetik aurrera egutegiko 20 eguneko epea igarotzen bada, jakinarazpena ezetsi egin dela ulertuko da, eta legezko ondore guztietarako burututakotzat joko da.

Zergadunak, edozein unetan, elektronikoki jasotako jakinarazpenak kontsulta ditzake, edo jakinarazpenak elektronikoki jasotzeari utz diezaioke, zerbitzutik baja ematean.

Jakinarazpen elektronikoan alta

Jakinarazpen elektronikoei buruzko informazio gehiago Gure Gida-n