Sarrera

Abeltzaintzako azokak eta merkatuak ustiategietako animaliak biltzen diren lekuak dira. Hori dela eta, guneok arriskutsuak izan daitezke animalien artean infektatze- eta kutsatze- eta parasito-eragileak trukatzeari begira. Horregatik, haiek kontrolatzeak osasun-garrantzi itzela du.

Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 legeak abeltzaintza-lehiaketen osasun-antolamendua araupeturik du. Bertan definitutakoaren arabera, abeltzaintza-lehiaketa honakoa da: ganadua instalazio egokietan biltzen den jarduera baimendua; haren xedea honakoa izan daiteke: hura saltzea edo erostea, ugaltzea, gizentzea edo hiltzea edo beste aprobetxamendu bat, erakustea, baloratzea eta sariztatzea, hala denean...

Lege horrek, alde batetik, horrelakoak baimentzeko baldintzak finkaturik ditu: instalazioen higiene-beharkizunak, lehiaketa behar bezala garatzea bermatzeko beharrezko giza bitartekoak eta bitarteko materialak eta teknikoak, eta, hura naziokoa bada edo animaliak erkidego barnean salerostekoak badira, garbiketa eta desinfekzio zentroa. Beste alde batetik, hura ibiltzeko beharkizunak finkatu ditu: animalien identifikazioa, eta albaitari ofizial edo baimendunak hori ikuskatzea. Gainera bertan ezarritakoarekin bat etorririk, animaliek lehiaketa berean parte hartu behar dute eta epealdi berean osasun-estatus bereko ustiategietatik etorri.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Animalien Babesari buruzko urriaren 29ko 6/1993 Legeak animalien salmenta ibiltaria debekatu du, baimendutako merkatuetatik edo azoketatik kanpokoa.