Mendekotasuna duten adinekoentzako aldi baterako egonaldiak

Aldi baterako egonaldiek atsedenerako, suspertzeko edo premia-egoera bati aurre egiteko denbora eskaintzen diete mendetasuna duten adinekoen familiei edo zaintzaileei. Aldi baterako egonaldiaren eskaera a.rrazoi hauengatik egin daiteke:

  • Atsedena: zaintzaile nagusiaren atsedena edo oporrak.
  • Beste egoera batzuk: zaintzailearen gaixotasun akutua edo ebakuntza kirurgikoa, heriotza, beste senide batzuk zaintzeko beharra edo horien heriotza, lekualdatzea edo mendeko pertsonaren etxean obra garrantzitsuak egitea.

Zenbat denbora egon daiteke egoitzan?

Gutxieneko iraupena 2 egun naturalekoa izango da.

Zaintzailearen atsedenaldia edo oporraldia urte bakoitzeko 30 egun naturalekoa izango da gehienez.

Beste arrazoi batzuengatiko egonaldietan, gehieneko epea 3 hilabetekoa da. Ikus xehetasunak

Egoitzan aldi baterako egonaldia egiteko baldintzak

  • Eskaera aurkezten den egunean 60 urte beteta izatea. Hala ere, mendetasuna duen edonork eskatu ahal izango du egonaldia, baldin eta asistentzia- eta zaintza-premiak baditu eta foru egoitzen sareko zentroetako batean bete badaitezke.
  • Mendetasun kalifikazioa II. eta III. graduetan lortu izana.
  • Zerbitzu hori jasotzeko eskubidea izatea, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren prestazioetan eta arreta-zerbitzuen katalogoan aurreikusitakoaren arabera. (Mendetasunari buruzko 39/2006 Legea, abenduaren 14koa).
  • Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea.
  • Artikuluko baldintzak betetzea. Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen I. tituluko 3. zenbakia.

Nola eskatu behar da aldi baterako egonaldia?

Prozedura Gizarte Ekintza Saileko Balorazio eta Orientazio Zerbitzuak prestatutako Arreta Eskaintzeko Banakako Programaren (ABP) bidez hasiko da, baldin eta interesdunak, programa formalizatzeko unean, berariaz adierazi badu egoitza-eskaera bat egin nahi duela eta zerbitzu horrek berretsi badu. ABP mendetasuna baloratzeko prozesuaren emaitza da. Programa horretan, eskatzailearen beharrei erantzuteko zerbitzu eta/edo prestazio ekonomiko egokienak jasotzen dira.

Era berean, interesdunak bere eskabidea bete ahal izango du horretarako normalizatutako ereduan. Eskaerak egonaldia hasi baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu beharko dira, larrialdiko kasuetan izan ezik. Egoitza elektronikoan, ‘Aldi baterako egonaldian dauden mendeko pertsonentzako egoitzak’ izapidean, araudia, izapidetzeko formularioak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa kontsultatu ahal izango dituzu.

Nolakoa da aldi baterako egoitza-plaza bat esleitzeko prozesua?

Bizkaiko Foru Aldundiak eskatzailearen ekonomia- eta ondare-egoera eta, hala badagokio, gizarte-, familia- eta osasun-egoera baloratuko ditu.

Plazaren onuradun izatea lortzen duen pertsona plaza esleitzeko prozesuan sartuko da.

Plaza publikorik esleitzen ez bazaio eta gainerako baldintzak betetzen baditu, onuradunak prestazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango du, zerbitzuari lotutakoa, Bizkaiko Lurralde Historikoko egoitza pribatu batean aldi baterako egonaldia ordaindu ahal izateko.

Zenbat kostatzen da egoitza bateko aldi baterako egonaldia?

2022an, eguneko gehieneko prezio publikoa 82,53 eurokoa izango da.

Non aurki daiteke foru sareko egoitzei buruzko informazio gehiago?

Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.