2026ko udazkeneko hemeroteka

Zeruko argia

Zeruko argia (gaur egun Argia) jardunean jarraitzen duen euskarazko argitalpenik antzinakoena da. 1919ko urtarrilaren 1ean sortu zen, Dámaso Intza aitaren zuzendaritzapean, erlijio- eta kultura-gaiei buruzko euskarazko hilabetekari gisa. Edizioa 1936ko uztailean eten zen, Gerra Zibila hasi zelako. 1954an argitaratzen hasi zen berriro, Donostiatik, Kaputxinoen ordena berak bultzatuta.

1921ean, beste argitalpen-senide bat sortua zen, Donostian, Argia izenekoa, gai orokorragoak jorratzen zituena. Urteetan euskara hutsez idatzitako komunikabide bakarrak izan ziren, baina bi argitalpenen artean, lehiakortasuna barik, lankidetza-espiritua zegoen.

1963an, Zeruko argia bi aldizkarion oinordeko bihurtu zen: alde batetik, Zeruko Argia izenari eutsi zitzaion, eta kaputxinoen esku jarraitu zuen; bestetik, itxura eta maiztasuna Argia zaharrarenak ziren, baina erlijio-gaiak desagertzen joan ziren. 1980an, kaputxinoek aldizkariaren jabetza utzi zieten aldizkaria egiten zuten langileei, eta erabat desagertu ziren erlijio-gaiak. Izena aldatu zioten, eta, harrezkero, aldizkaria Argia hutsarekin geratu zen.

Ekonomia aldetik garai zailak izan ziren aldizkariarentzat, eta, 1963tik astez aste kalean egon ondoren, garai hartan ezin izan zituzten zenbaki batzuk argitaratu, paperik ez zeukatelako. Baliabideak urriak baziren ere, Argiako langileek ekimen ugari sustatu zituzten. Proiektua bideragarria izan zedin, inguruko azpiegiturak bildu zituzten: Antza inprimategia, Apika informatika-enpresa, Larrun aldizkaria, Susa argitaletxea, Argiaren eguna eta Argia sariak.

1997ko martxoaren 24an, nahiz eta kostuak oso handiak izan, aldizkari osoa koloretan inprimatzen hasi ziren, itxura modernoago eta erakargarriago batekin. Urte berean, Interneterako jauzia egitea erabaki zuten, eta eduki guztiak doan jarri zituzten hasieratik.