2026ko udaberriko hemeroteka

Semanario de agricultura y artes dirigido á los párrocos

Obra hori 1797tik 1808ra bitartean argitaratu zen. Nekazaritza esklusiboki jorratzen zuen estatuko lehenengo egunkaria izan zen, eta, bere garaian, eduki ekonomiko eta zientifikoko garrantzitsuenetako bat. Godoy lehen estatu-idazkariak sustatu zuen, bere ekimen ilustratuen artean eta bere nekazaritza-politikaren tresna gisa. Bizkaiko Foru Liburutegiak bilduma osoa dauka, 1800eko lehenengo seihilekoa izan ezik. Lau Haizeetara liburutegi digitalean kontsultatu daitezke aleak.

Argitalpena etengabe kaleratu zen desagertu zen arte, hau da, 1808ko ekainaren 23ra arte, Napoleonen inbasioarekin batera. Editoreek ohar lakoniko hau ipini zuten 599. faszikuluaren amaieran: "Hemos determinado suspender por ahora la publicación de este periódico, lo que se previene al público, á fin de que los que hayan suscrito por todo el año, acudan á recoger el importe de los seis últimos meses de la suscripción". Hala eman zitzaion amaiera Espainian espiritu ilustratua ondoen irudikatzen zuten proiektuetako bati.

Astean-astean argiratu zen, ostegunero, 16 bat orrialdeko entregetan, ale bakoitzak lamina bat zekarrela. 3.000 ale inguruko tirada izan zuen, eta 2.273 harpidedun elite politiko eta eklesiastikokoak. Obra osoa prospektuak eta 599 alek osatzen dute (lehenengoa, datarik gabea, 1787ko urtarrilaren 5ekoa dateke). Ale horiek sei hileko 23 liburukitan bilduta daude, eta hitzen, gaien eta egileen aurkibideak dakartzate, bai eta seihileko bakoitzeko azken alean aipatutako obrak ere (bakoitzak orrialdekatze korrelatiboa du).