2026ko udaberriko monografiak

Jai-Alai / Gaizka Arostegi

Portugaleteko idazlearen euskarazko lehen eleberria da, Elkar argitaletxearekin argitaratua. Eleberria thriller erromantiko bat da, zesta-puntaren munduan girotua.

Martin Larralde izen adierazgarria aukeratu du idazleak protagonistarentzat, Amerikan hainbat urte eman ondoren etxera itzuli den zestalaria. Lagun zaharrak, maiteak eta aurkariak agertzen joango dira kontakizunean, bai eta pasioa, borroka, dirua, arrakasta eta porrota ere; ez dira faltako etsai berriak ere.
Eleberrian, presente dago 1988-1991 urteetako pilotarien greba ospetsua: zestalariek gelditzea erabaki zuten, lan-baldintza hobeak eskatzeko. Ez zen irtenbiderik aurkitu, ordea, eta horrek AEBko pilota-zirkuituaren gainbehera eragin zuen. Zesta-puntak, hala ere, indarra hartu du berriz ere oraintsu, euskal erakundeek bultzatuta.

Portugaleteko egileak euskaraz idatziak ditu haur eta gazteentzako lanak eta gaztelaniaz helduentzako zenbait eleberri. Jai-Alai du helduentzako euskarazko lehen eleberria.

Bidaiari amorratua izan da, irakurle grinatsua eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko zenbait rock taldetako musikaria ere. Argiztapen-teknikari gisa lan egiten du. Zenbait film labur eta dokumental ere zuzendu ditu.

Lehen astinduak / Lurraren Altxamenduak ; itzulpena, Eider Beobide

Les Soulèvements de la Terre lurraldea defendatzen duten tokiko kolektiboez osaturik dago; besteak beste, talde ekologistek, nekazariek, talde naturalistek edo sindikatuek osatzen dute, eta azken hamarkadan Frantzian garatu diren ZAD (Zone à défendre) askotako esperientzien ondorioz sortua da. Halakoen artean ezagunena, bere zereginean arrakastatsua izateaz gain, Notre-Dame-Des-Landes-ekoa da, Nantesen aireportu berri bat eraikitzearen aurkakoa. Les Soulèvements de la Terre mugimenduak herritarren babes handia du, bai iritzi publikoan eta mundu akademikoan, eta bai herrialde osoko mugimenduaren tokiko batzordeak osatzen dituzten milaka pertsonen artean.

Sare ekologistak Premières secousses argitaratu zuen frantsesez 2021ean, eta Eider Beobide Urkizarrek itzuli du euskarara, Katakrak argitaletxean, Lehen astinduak izenburuarekin. Liburuak Frantzian indarra hartu duen mugimendu ekologistaren borroka azaltzen du. Lurrarekiko duten konpromisoa azaltzen dute, diskurtso sofistikatu eta poetiko baten bidez, abesti zatietatik, argazki eta planoetatik abiatuta, eta ekintza zehatzen adibideak ematen dituzte.

El año en que fuimos reyes / Javier de Isusi

La Divina Comedia de Oscar Wilde lanarekin 2020ko Komikiaren Sari Nazionala irabazi zuen autorearen obra berria da. Isusi bost urtez aritu da komiki horretan lanean, eta 300 orrialde baino gehiagoko bi liburukitan argitaratu da. El año en que fuimos Reyes istorio handinahi bat da, Babilô izeneko hiri batera eramango gaituena. Alegiazko izen horren atzean, alegiazko Bilbo bat dago. Agertoki hutsa baino asko gehiago da Babilô. Unibertsitate-hiri bat da, bai, baina baita sinbolo bat ere. Esquinismoaren hiriburua, sortzaile gazteentzako imana, askatasuna, ikaskuntza eta errekonozimendua hitzematen dituen lekua. Isusik maila berean kontraesankor, eder eta bortitza den hiri gisa deskribatzen du.

Hirian sortzen diren gizarte-matxinadak ez dira hondo-oihal hutsa. Presentzia etengabea dira, orriz orri hazten doan murmurio bat. Manifestaziok, tentsio politikoak edo eztabaida ideologikoak. Hori guztia protagonisten bizitzan iragazten da, eta gogorarazten die kanpoko mundua ez dela gelditzen haiek beren lekua bilatzen diharduten bitartean. Isusi bereziki trebea da erakusten nola arlo politikoak egunerokotasuna zeharkatzen duen diskurtso espliziturik behar izan gabe.

Adiskidetasuna, maitasuna, artea eta iraultza elkarri eskua emanda doaz egileak orain arte egin dituen lanen artean handinahiena den honetan. Mundu baten eraikuntza zehatza da obra hau, gogo-aldarte baten eta bizitzako aldi jakin baten eraikuntza. Bizitzako aldi bat non gazteek uste duten dena hastear dagoela, eta etorkizuna, oso zalantzazkoa bada ere, oraindik eskuz molda daitekeela.

Javier de Isusi Bilbon jaio zen, 1972. urtean. Nahiz eta arkitektura ikasi, komikigintzan profesionalki aritzea erabaki zuen, eta lan zabala argitaratu du 2004z geroztik, batez ere Astiberri argitaletxean.

Mundakako atorrak

Mundakako atorrak liburuak atorren eta Mundakaren bilakaera jasotzen du, hamarkadetan zehar, udalerriko gizarte- eta hiri-aldaketak islatzen dituzten letren eta anekdoten bidez. Bitor Alonso Fradua, Kepa Luzarraga Learreta, Euken Alonso Gondra eta Gorka Luzarraga Ellis dira Mundakako Atorrak Elkarteak argitaratutako edizio ilustratu zoragarri honen egileak. Liburuak atorren historia eta abestiak berrikusten ditu: Igande-inaute guztietan kostako herri horretako kaleak musikaz, umorez eta tradizioz betetzen dituzten pertsonaiena. Bai argitalpenak eta bai 12 kanta biltzen dituen diskak ere Mundakako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesa izan dute.

Atorrak — Mundakako inauteriaren sinboloa — Bizkaiaz haraindiko erreferentzia dira, eta urtero erakartzen dituzte Euskal Herri osoko bisitariak, ez baitituzte beren desfilea eta abestiak galdu nahi. Aratuste eguna nondik datorren argi ez badago ere, denbora luzez ospatzen jarraituko da. Aratusteari estu-estu lotuta eta Mundakak oraindik gordetzen duen adierazpen iraunkor eta azken aztarna gisa Estudiantina ageri da, edozein unibertsitate-zentrotan ezagunak direnetatik oso desberdina ez bada ere, Mundakan atorraren uniforme tradizional eskaintzen duena.

Atorren historia abestiz abesti garatzen doa. Istorio txikiak kontatzen dituzten abestiak dira, urtero ehunka lagunek abesten dituztenak. Mundakako historia kontatzen duten anekdota txikiz osatutako abestiak.

Vivir la fuerza : Simone Weil y la Columna Durruti / Xavier Artigas

Liburu honek Simone Weil filosofo frantsesaren irudia jorratzen du bere dimentsio politikoan, eta hamarkadetan zehar bere pentsamenduaren proiekzioan nagusi izan den mitoa desegiten du. Weil pentsalari garrantzitsu eta apolitiko gisa deskribatzen du. Ikerketa historiko zorrotz batek Weil-ek Espainiako Gerra Zibilean izan zuen parte-hartze labur baina bizia berreraikitzen du, eta, ikuspegi berri bat eskainiz, filosofoaren konpromiso iraultzailea aldarrikatzen.

Vivir la fuerzak zehaztasunez berreraikitzen du Weil-en bilakaera politikoa, eta filosofoak Frantziako sindikalismo iraultzailetik jarrera libertarioetarantz egindako ibilbidea dokumentatzen du; horri esker, modu koherentean azal daiteke Gerra Zibilean izan zuen parte-hartzea. Bizipen hori erabakigarria izan zuen "indarraren" kontzeptua garatzeko, zeina gero bere ibilbide filosofikoko testu garrantzitsuenetariko batean eratu baitzuen: La Ilíada o el poema de la fuerza.

Vivir la fuerzak, Weil pentsalari politiko konprometitu gisa berreskuratzeaz gain, une historiko giltzarri bati buruzko begirada berri bat eskaintzen du, eta emantzipazio sozialerako aukerak birirudikatzen laguntzen.

Xavier Artigas Sabadellen jaio zen, 1980an, eta Soziologian lizentziatua da Münster Unibertsitatean (Alemanian). Lanbidez zinegile eta ikerlaria, jatorriz katalanez argitaratu zuen lan hori Descontrol argitaletxean, eta orain gaztelaniara itzuli da.

Borrar la historia : cómo los fascistas reescriben el pasado para controlar el futuro / Jason Stanley

Jason Stanley filosofo kanadarra da eta filosofia-irakasle Yale-ko Unibertsitatean, hizkuntzaren eta epistemologiaren filosofiari egindako ekarpenengatik ezaguna. Horren bidez, filosofia politikoko gaiak jorratzen ditu, bereziki How Propaganda Works (2015) liburuan egin zuen bezala.

Jason Stanleyk eskuin muturra aztertzen du, hau da, zer ahalegin egiten duen hezkuntza suntsitzen, ahots disidenteak isiltzen eta generoaren, sexualitatearen, arrazaren eta klasearen arloan mende batean eginiko aurrerapen soziala desegiten. Historia berridazten eta moldatzen dute, beren politika eta ideiekin bat etor dadin. "Genero-ideologia" izatea leporatzen diote edozein nortasun-adierazpeni. Gezurrak zabaltzen dituzte komunikabideen bidez. Unibertsitateak kondenatzen dituzte irakaskuntza askearen alde jarduteagatik. Eta adierazpen-askatasun "gehiegi" onartzea leporatzen diete.

Hezkuntza pluralaren aldeko alegatua da: herritarrei historiaren ikuspegi guztiak ezagutzeko aukera emango dien hezkuntza bat, iraganeko akatsak ez daitezen errepikatu. Azken batean: iraganean inposatu zizkiguten eta gure historia ezabatu zuten mugetatik haragoko mundu bat irudikatzeko alegatua.