2025eko neguko monografiak

Londres kartoizkoa da / Unai Elorriaga

Londres kartoizkoa da lanarekin Unai Elorriagak diktadurei buruzko hausnarketa egiten du, bai eta diktadurak bizi izan zituztenengan eta haien ondorengoengan uzten duten arrastoari buruzkoa ere. Egileak alegoriara jotzen du obra harrigarri batean totalitarismoen ondorioak islatzeko, non hizkuntza hotza eta urruna erabiltzen duen. Eromenari eta haren aldaera batzuei buruz ere ikertzen du; gai hau sakon dokumentatu behar izan zuen eta zentro psikiatriko batean boluntario gisa lan egitera ere iritsi zen.

Egileak Phineas, Sora, Musone, Bleuler, Datos edo Ruton bezalako izen arraroak ematen dizkie bere pertsonaiei eta tramaren zati bat garatzen den hiriko teilatuetan bilduta kokatzen ditu. Teilatu horietako batetik  Phineasek, bere hiru lagunekin batera, tren geltokia eta errepidea zaintzen ditu egunero eta patxadaz duela hogei urte desagertu zen Sora arreba noiz iritsiko  itxaroten du. Diktadorearen garaiak igaro ziren, baina beldurra oraindik ere nagusi da herritarren artean. Bardaren Liburuaren indarraldia ere amaitu zen, herritarren kontrol zorrotza bultzatzeko lege eta xedapen absurduak ematen zituena. Lege horiek betetzen ez zituztenentzat aurreikusitako zigorrak eta torturak izugarriak ziren.

Unai Elorriaga Getxon jaio zen 1973an eta 2002ko Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen SPrako tranbia lanagatik. Bizkaiko Foru Liburutegiak euskarazko bere lan guztiak ditu, eta baita itzulpen ugari ere, horien artean Londres es de cartón.

Esnatu ala hil : euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan

Hizkuntzen bilakaera sozialean zerikusi handia izan dezakete identitateek, ideologiek, motibazioek, jarrerek, iritziek eta pertzepzioek, eta horiek guztiek hiztunen portaera baldintzatu dezakete hizkuntza baten edo bestearen erabilerari dagokionez. Beraz errealitate soziolinguistikoaren azterketak alderdi horiei arreta jartzera behartzen du. Lan honek euskararen azterketa soziolinguistiko osoa eskaintzen du.

Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxea egileen arabera alderdi subjektiboek indar handia dute, maiz esaten denaren kontra. Euskararekiko atxikimendua balio handia da eta hori gabe ezin da ulertu azken 60 urteetan egin duen ibilbidea: emozioek eta alderdi subjektiboak funtsezko funtzioa izan dute. Euskara dezente ahulago egongo litzateke barne-indar horrek aldeko zeregin erabakigarria izan ez balu, eta, gaur egun ere, efektua aldekoa da.

Hala ere, euskararen bilakaera nolabaiteko noraezean murgilduta dago; ez dira garairik distiratsuenak. Premiazkoa da beste bultzada bat ematea, orain arte egindakoaz haragoko urratsak ematea, baina zantzu gutxi daude nondik eta nola jokatu jakiteko, are gehiago aldaketa handiko garai hauetan. Liburu honek helduleku izan nahi du, euskararen bilakaera eta egoera zein den jakiteko tresna.

Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967) Soziologian doktorea da eta Aztikerreko zuzendari teknikoa eta UPV/EHUko irakaslea izan da. Doktore-tesian euskararen egoera eta bilakaera aztertu ditu demolinguistikaren ikuspegitik. Gaur egun Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) egiten du lan ikertzaile gisa.

Garikoitz Goikoetxea Etxeberria (Elduain, 1989) Kazetaritzan lizentziatua da UPV/EHUn eta Hizkuntza Plangintzan aditua. Bere kazetaritza-karrera ia osoa Berria egunkarian egin du. 2020tik Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) ari da lanean teknikari gisa. 2014an Kazetari Berria saria jaso zuen Rikardo Arregi sarietan.

El mundo no se acaba / Hannah Ritchie

Hannah Ritchie Oxfordeko Unibertsitateko Mundu Garapenerako Programako ikertzaile nagusia da. Halaber eragin handiko Our World in Data online argitalpenaren editore laguntzailea eta ikertzaile nagusia da, eta bere ikerketak aldizka agertzen dira The New York Times, The Economist, Financial Times, BBC, WIRED eta New Scientist komunikabideetan.

Egileak lan baikorra eskaintzen digu, baina horrek ez du inozoa denik esan nahi, informazio fidagarriaren analisian oinarritzen baita. Datu horiek agerian uzten dute bide zuzenetik ematen duena baino askoz gehiago aurreratu dela, eta bide positibo asko dagoela egiteko. Ez da amore emateko unea, planetaren etorkizunaren alde borrokatzen jarraitzekoa baizik, keinu handi eta txikiekin, horietako batzuk gure eskura daudenak. Liburu adoretsu, praktiko eta eraldatzaile honetan Hannah Ritchiek nola egin azaltzen digu: nola gainditu zarata erantzun zuzenak eta beharrezko aldaketak aurkitzeko.

Emakume zuzendarien euskarazko filmen bilakaera euskal zinematografian / Esther Ferrer y María Pilar Rodríguez

Esther Ferrer eta María Pilar Rodríguezek euskal zinematografian emakumeei eta euskarari buruz egin duten ikerketa aurkezten digute. Beharrezkotzat jotzen dute datuetan oinarritutako lan akademikoak egitea berdintasun-estrategiak definitzeko eta emakumeen egoerari buruzko diagnostikoak egin ahal izateko. Hizkuntza- eta genero-arrakala murrizteko finantzaketa funtsezkoa dela nabarmentzen dute.

Zineman oso errotuta dago gizonen eta emakumeen arteko botere-desberdintasuna, eta batzuetan emakumeentzat zaila da diskriminazio-egoeran daudela konturatzea. Euren proiektuak ukatzeko erabilitako azalpenak, adibidez, behin baino gehiagotan erabaki estrategiko gisa aurkezten zaizkie. Gainera diskriminazioa handiagoa da fikzioa zuzentzen duten emakumeen artean dokumentalak edo animazio-lanak sortzen dituztenen artean baino. Horrek lotura zuzena du aurrekontuekin: produkzio-kostuak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta agerikoagoa da diskriminazioa, eta fikzioa garestiagoa da.

Esther Ferrer Rizo (Donostia, 1981) ikertzailea eta irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Komunikazioan doktorea da Deustuko Unibertsitatean, eta Zuzenbidean lizentziaduna UPV/EHUn. MEDIA programako Euskadiko ordezkaritzan hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta Deustuko Unibertsitatean jarraitu zuen irakasle.

María Pilar Rodríguez Pérez (Donostia, 1964) Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Saileko irakaslea da, eta Giza Garapenerako Aisia, Kultura eta Komunikazioko doktorego-programaren zuzendaria. Harvardeko Unibertsitatean doktorea da. 2002ra arte irakasle izan zen Columbiako Unibertsitatean (New York, AEB). Komunikazioari, zinemari, kulturari, genero-ikasketei eta euskal eta hispaniar ikasketei buruzko argitalpen asko ditu (ehun argitalpen baino gehiago). Komunikazioari buruzko ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia da, Eusko Jaurlaritzak aintzatetsia. Maiz gonbidatzen dute Dartmouth College, Chicagoko Unibertsitatea eta Columbiako Unibertsitatea bezalako Estatu Batuetako unibertsitateetan eskolak ematera.

Ulises / James Joyce ; Xabier Olarraren itzulpena

Igela argitaletxeak 2015ean argitaratu zuen James Joyceren Ulises liburuaren euskarazko lehen itzulpena, Xabier Olarrak itzulia eta 2016ko Euskadi Literatura saria merezi izan zuena. Itzulpen honi buruz Olarrak berak artikulu bat idatzi zuen 2022an eta bertan azaltzen zuen zein korapilatsua izan zen emaitzatzat  lan ikaragarri hau izan zuen prozesua. Xabier Olarrak 2025ean Itzulpen Onenaren Sari Nazionala irabazi du.

Ulisesek betidanik izan du lan zail, goi mailako eta gailur irisgaitzeko ospea, eta, horregatik, obra klasiko askorekin gertatzen den bezala, ezaguna da, baina gutxi irakurria. Xabier Olarrak berak aitortu zuen gazte-gaztetatik hainbat aldiz osorik irakurtzen saiatu zela, baina denbora asko behar izan zuela osatzeko. Itzulpenaren abenturari ekitea erabaki zuenean hasiera-hasieratik irakurketa erraztuko zuten oharrak izango zituen edizio bat prestatzea erabaki zuen. Ez zituzten testu honen berezko zailtasun guztiak konponduko, baina bide malkartsu hori leuntzea espero zuen.

Ulisesen irakurketan erosotasunez aurrera egiteko funtsezkoa da Joycek kontzientzia-korrontearen teknika nola erabili zuen ulertzea. Izan ere, Ulises, funtsean, hiru pertsonaiaren barne-bakarrizketa da: Stephen Dedalus, Leopold Bloom eta Molly Bloom. Eleberriaren haria hiruren burutazioek, motibazioek, joerek, portaerek, barne-gatazkek eta abarrek osatzen dute.

Euskaldunak Kanata, Louisbourg 1744 / Xabi Otero

Liburu hau Jauzarreak Louisbourgeko Gotorleku toki historiko nazionalean sortutako Euskal Kultura Programaren hasierari buruzkoa da. Honako hauek deskribatzen ditu: programaren oinarriak, hura zehaztea ahalbidetu zuten aurrekariak eta prestaketak, euskaldunen historiara eta kulturara hurbiltzea, gure presentzia Ipar Atlantikoan, Lehen Nazioekiko harremana hainbat testuingurutan 1744ra arte, haien hornidura eta 1745eko setioaren aurreko giroa. Azkenik, boluntarioek Louisbourgen egindako lana aipatzen du.

Louisbourg gaur egun Cape Breton Island gisa ezagutzen denaren hegoaldean dago, Nova Scotia probintzian (Kanada). Jatorriz Unama'ki deitzen zitzaion, eta Mi'kmaq Nazioaren espazio geografikoa osatzen duten distrituetako bat da, lurralde ez lagatua, ez Frantziako koroari, ez Britainiakoari.

Cape Bretongo Unibertsitatean euskaldunei eta mi’kmaqei buruzko kongresu bat egin ondoren, Louisbourgeko Gotorlekuan euskal historia kontatzen laguntzeko programa sortzeko ideia sortu zen. 2019an, Jauzarreak sortutako programa hasi zen. Programa horrek uda bakoitzean EAEko bi ikasle eramaten ditu Louisbourgera, bertan bizi ziren euskaldunen bizitza interpretatzeko. Programa Parks Canada, Jauzarrea eta Cape Bretongo Unibertsitatearekin lankidetzan garatzen da.

Louisbourgeko Gotorleku toki historiko nazionalak Isle Royale izenez ezagutzen zen kokaleku frantses baten XVIII. mendeko bizitza interpretatzen du (gaur egun, Cape Breton uhartea, Eskozia Berria, Kanada). Frantziar kolonoek hasiera batean komunitatea 1713an ezarri bazuten ere, euskal biztanle askorekin hazi zen, batez ere arrantza-industriaren bidez. Euskal arrantzale horiek eta haien familiak XVIII. mendean Louisbourgen bizi eta lan egiten zuen bigarren kultura-komunitate handiena bihurtu ziren.