2026(e)ko maiatzakren 22(a) 15:47

Carlos Alzagak All Iron pasabidea fabrikatzeko behar den berrikuntza eta zehaztasun industriala goraipatu ditu Goros S. Coop. enpresara egindako bisitan

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Barakaldo eta Erandio lotuko dituen bizikleta eta oinezkoentzako azpiegituraren lehen tartea datorren astean iritsiko da eta hura kokatzeko lanei ekingo zaie

Goros S Coop enpresari bisita

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Carlos Alzagak, gaur bisitatu du Goros S. Coop. euskal enpresa, hain zuzen ere All Iron pasabidearen elementu metalikoak fabrikatzeaz arduratzen dena. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako azpiegitura estrategiko horrek mugikortasun jasangarria, irisgarria eta inklusiboa sustatuko ditu.

Alzagak lehen eskutik ezagutu ahal izan du bizikleta eta oinezkoentzako egitura hori fabrikatzeko prozesua, zeinari esker itsasadarraren bi bazterrak konektatuko baitira Barakaldo eta Erandio artean. Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plana garatzeko funtsezko proiektua dugu hori.

Diputatuak proiektuaren izaera berritzailea azpimarratu du, izan ere “prototipo bat da bere osotasunean”, bai egituraren diseinuagatik bai konplexutasun teknikoagatik. Pasabideak oinplano kurbatua du, maldadun altxaera eta erlojugintzan erabiltzen den mekanismoa darabilen erdiko bao mugikorra, horregatik esan dezakegu ingeniaritzaren ikuspegitik azpiegitura berezia dela.

“Lehen begi-kolpean egitura xume bat dirudien arren, atzean lan eskerga du: tailerreko plano zehatz-zehatzetan, fabrikazioan, garraioan eta muntaketan antzeman daitekeenez” nabarmendu du Alzagak, pasabidea garatzeko behar diren ezagutza teknikoa eta espezializazio industriala goraipatuz.

Gaurko bisitan, pasabidearen zenbait tarte eraikitzeko lanetan egindako aurrerapena ikusteko aukera izan dute. Egiturak atal finko zein mugikorrak ditu eta oinezkoen eta txirrindularien bizikidetza segurua bermatzeko helburuarekin diseinatu dute; izan ere, espazio publikoaren erabilera bidezkoagoa eta mugikortasun aktiboa eta osasungarria sustatu nahi dira.

All Iron pasabidea Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun eredu jasangarriago eta egituratzaileago baterantz aurrera egiteko egindako apustuaren barruan kokatzen da, eta ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko, emisioak gutxitzeko eta udalerrien arteko eguneroko joan-etorriak errazteko xedea du.

Lehenengo pieza prest dago lekualdatua izateko

Foru diputatuak azaldu duenez, gaur egun fabrikatzen ari diren tartea azpiegitura honen “puzzlearen lehenengo pieza da”. Aurreikusitakoaren arabera, datorren astean iritsiko da Erandiora, asteazken goizaldean, eta ondoren dagokion tokian jarriko dute.

Garraio bereziaren mugak direla eta, lehen tarte hori bi piezatan banatu da eta ibilgailu banatan eramango dira bertara. Lehenengo pieza albo hegal bat da, 32 metro luze da eta 15 tona pisatzen ditu. Bigarrena kutxa metaliko bat da, luzera berekoa eta gutxi gorabehera 50 tonakoa.

Piezak lekualdatzeko operatiboa Ertzaintzarekin batera koordinatu da, garraioaren segurtasuna bermatzeko eta bi piezak asteazken goizaldean iritsiko direla ziurtatzeko.


Bideoak