2024(e)ko urtarrilaren 24(a) 09:58

Lamiako inguruko itsasadarreko bulebarraren lehen zatia udaberrian irekiko da

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak Getxon eta Bilbon dauden oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak lotuko dituen azpiegiturako obrak bisitatu ditu. Azpiegiturak 6,5 kilometroko trazatua izango du itsasadarraren eskuineko ertzean. Bulebarra ezkerreko ertzarekin lotuko da Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindularientzako eta oinezkoentzako zubi baten bidez.

Imanol Pradales, talde teknikoarekin, bulebarreko obrak bisitatzen

Itsasadarreko bulebarra egiteko obrak aurrera egiten jarraitzen dute, eta datorren udaberrian irekiko da Lamiakoko zatia, Leioan, lan horiek aurreratuago baitaude. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azpiegiturako obrak bisitatu ditu gaur goizean. Lanek bulebarrari dagozkion bi fase dituzte, gehi Erandio eta Barakaldo arteko All Iron Zubia.

Lamiako-Altzaga zatiko obrak 2023ko ekainean hasi ziren, eta, aurreikuspenen arabera, 16 hilabete beharko dira obrak egiteko; 9,9 milioi euroko inbertsioa egingo da. Bestalde, bulebarraren bigarren fasea (Altzaga eta Elorrieta artekoa) 2025eko maiatzerako amaituta egotea espero da. Kasu honetan, 20 hilabete beharko dira lanak egiteko, eta aurrez ikusitako inbertsioa 18,3 milioi eurokoa da.

Mugikortasun berria itsasadarraren inguruan

Itsasadarreko bulebarrak Getxon eta Bilbon lehendik dauden oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu, 6,5 kilometroko ibilbide batekin, egungo BI-711 errepidean. Era berean, ezkerreko ertzarekin lotuta egongo da Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindularientzako eta oinezkoentzako All Iron Zubiaren bidez. Hala, bi azpiegiturek metropoli-inguruneko eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea ahalbidetuko dute.

Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan; itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metroko zabalerako bizikleta-bide bat izango da. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Era berean, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera ahalbidetzeko.

Errepidearen egungo plataformaren zabalera jarduketa hau gauzatzeko nahikoa ez den lekuetan, ur-laminaren gaineko hegalen bidez lortuko da espazioa.


Bideoak


Audioak