Berriak
2024(e)ko azaroakren 29(a) 11:06
Lauaxeta Sariaren XX. edizioa Bizkaiko Foru Aldundiak Labayru Fundazioari eman dio 2024ko Lauaxeta Ohorezko Saria
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Irakurketa erraza
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, 2024ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte. Ekitaldia azaroaren 29an egin da Bizkaiko Foru Jauregian.
Sari hauekin aitortzen da Bizkaian eta munduan euskara sustatu eta zabaltzeko lan egiten duten pertsonen eta erakundeen lana. Helburua euskara gizartera gerturatzea da.
Lauaxeta Sarien kategoriak
2024ko Lauaxeta Ohorezko Saria
Sari hau Labayru Fundazioari eman zaio 1977. urtetik euskara ikertzeko, bultzatzeko eta zabaltzeko egin duen lanagatik.
2024ko Poesiako Lauaxeta Saria
Kategoria hau bi ataletan banatzen da:
35 urtetik beherakoentzat. Irabazlea Oihane Zuberoa Garmendia Glaria izan da, "Bi aldiz iraun" poema-bildumagatik.
Hau idazlearen bigarren liburua da. Lau atal ezberdinetan egituratuta dago. Gai oso ezberdinez aritzen da, hala nola: mito klasikoak, oroimena eta umezaroa, heriotza, maitasuna eta poemei buruzko hausnarketak.
Epaimahaiak nabarmendu du egileak gai horiek guztiak ezin hobeto lotzeko duen gaitasuna eta irakurtzen duten pertsonei gai horiei buruz hausnarrarazteko eta gozarazteko gaitasuna.
35 urtetik gorakoentzat. Harkaitz Canok jaso du sari hau "Ulu egiteko bolondres bila" poema-bildumagatik.
Lau atal ditu liburu honek. Atal horietan 43 poema irakur daitezke. Ironia presente dago liburu osoan zehar, idazlearen aurreko lanetan gertatzen den bezala.
Epaimahaiak nabarmendu du egileak poema bakoitzean uzten duen mezuari jarraituz poemak irakurtzen dituen pertsona ikastera eta gozatzera gonbidatzeko duen gaitasuna.
2024ko Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria
Sari hau Aitor Baztarrikak jaso du "Jesús Carrera: Hondarribiko gorria" dokumentalagatik. Dokumentalak Jesús Carreraren bizitzako historia aurkitzera garamatza.
Epaimahaiak sari hau eman dio Euskadiko memoria historikoari egindako ekarpenagatik eta gauzak modu berritzailean, hunkigarrian eta beharrezkoan kontatzeagatik.
Sari banaketan zehar, Laura Penagos aktore kolonbiarrak monologo txiki bat eskaini du. Gure kulturan izan dituen bizipen onei buruz eta euskararekiko duen maitasunaz hitz egin du.
Erraturie taldearen txalapartak eskaini du musika ekitaldian.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gogorarazi du euskarak Historian zehar egin duen bidea bizirik irauteko eta sendotzeko, pertsona eta elkarte euskaldunen etengabeko lanari esker.